Docutec
Ametsa ala amesgaiztoa?
Autonomo izatea ametsa izan da askorentzat: nagusirik ez, mozkinak norberarentzat... Baina benetako ametsa ote da? Ez al da amesgaizto bihurtzen maiz? Entzungai honetan, zalantzan jartzen da delako amets hori.

Irudia: adimen artifizialarekin sortua
|
Hiztegi lagungarria Aurpegiak salatu. Ezkutatu nahi dena aurpegiak erakutsi. |
Ane Zubeldia. Talentua eta kultura dituzu, esku politak, eta badakizu frantsesez. Abestu, antzeztu eta pintatu egiten duzu, eta poemak idatzi. Dena egiten duzu ondo. Artista jaio zara. Badakizu. Zure aurpegiak salatzen zaitu. Boterea daukazu. Sinatu hemen behean, eta ikusiko duzu nola aldatzen den zure bizitza.
Erraz. Erraza da autonomoa izatea. Zu zara La reina del pop. Bere kaxa lan egiten duen autonomoa. Ilusio mordo bat, zure denboraren eta bizitzaren jabe absolutua. Zu zara La reina del fucking pop. Ez duzu ardura handirik izango hemendik aurrera.
Edo bai, ze zuk ez dakizu, baina reina del pop goizeko 05:00etan esnatzen da antsietatearekin, eta galdetzen dio bere buruari ea zenbat igoko zaion autonomo-kuota. Reina del popek bezeroei idatzi behar die askotan gogorarazteko ez diotela ordaindu ordaindu behar zioten miseria hori. Reina del popek hitz bakoitzaren prezioa negoziatu behar du. Reina del popek ez daki nola eskatu langile pobreentzako 200 €ko dirulaguntza. Reina del popek orain arte ez zekien langile pobre bat zela. Reina del popek 300 eta 390. inprimakiak nahasten ditu aldiro. Reina del popek ez daki noiz kobratuko duen berriro. Reina del popek ez daki ze... erabiltzen Ef4ktur eta fakturaBAI eta TiketBAI. Reina del pop bere egutegiaren esklabo da. Reina del pop beldur mundutarrez beteta dago.
Reina del popek beldurra du ea agintari mozoloren batek bonba nuklear bat jaurtiko duen bihar. Reina del popek ez daki gerraren bi aldeen arteko arrakalan non bilatu posizio moral egoki bat. Reina del popek ez daki gerren urteurrenetan zer egin behar den edo zer esan behar den. Reina del popek ez dauka botere errealik. Reina del popek ez du aurrezkirik. Reina del popek badaki brillantina super-kutsakorra dela. Reina del pop kezkatuta dago klima-aldaketarekin.
Reina del pop etsita dago. Reina del pop uztekotan dago. Reina del popek soldatapeko lan bat bilatuko du. Reina del pop desagertu egingo da, eta horrela desagertuko dira, beste behin, talentua eta kultura, izapide burokratikoek, kuota gehiegizkoek eta antsietatezko insomnioek itota.
