Marea biziak

Iraila amaieran Euskal Herrian marea oso biziak izaten dira: itsasoko ura asko jaitsi eta igotzen da itsas hondoko bazterrak agerian utziz. Hala ere, ez dira munduko marea bizienak. Zerk eragiten du hori, ordea?

Euskalmet euskal meteorologia agentziak Troposfera podkasta sortu berri du. Bertan gure inguruan gertatzen diren fenomeno meteorologikoak modu pedagogikoan azalduko dizkigute. Kasu honetan: marea biziak.

Audioa osorik entzun nahi izanez gero hemen klikatu.

 

 

 

 

Irudia: Franck Barske, Pixabay

HIZTEGI LAGUNGARRIA

- Ia oharkabean. Ia konturatu gabe.
- Distantziaren araberakoa (izan). Distantziaren menpekoa, baitakoa.
- Eragina gutxietsi. Zerbaitek edo norbaitek eragin dezakeen ondorioa mezpretxatu, kontuan hartu ez. 
- Ura mugiarazi. Ura mugitzera derrigortu.
- Are biziagoak. Lehenagokoarekin konparatuz biziagoak, azkarragoak.
- Tauletan jaso. Tauletan bildu, zerrendatu, gorde, erregistratu.


Télécharger
Transcription:[+] Transcription:[-]

Itsasoko urak gora egin eta Zarauzko hondartza desagertu egiten da. Lekurik ez toalla bat jartzeko eta toldoak jaso egin behar dira. Urak behera egin eta poliki-poliki, ia oharkabean, itsasertza jendez betetzen hasten da.
Uraren joan-etorri hori erregulartasunez gertatzen da gure kostan; egunero bi marea gora eta bi marea behera izaten dira. Itsasgora edo itsasbehera baten eta hurrengoaren artean hamabi ordu baino gehixeago igarotzen dira,  beraz, egun batetik bestera, itsasgorak eta itsasbeherak aurreko egunean baino 50 bat minutu beranduago iristen dira.
Ozeanoetako uraren mugimendu horien arrazoia aurkitzeko, zerura begiratu behar dugu. Inguratzen gaituzten zeruko gorputz guzti-guztiek,  izarrek, planetek eta sateliteek Lurrarekin elkar eragiten dute, eta, beraz, haien artean erakarpen-indar bat dago: grabitatearen indarra. 
Indar hau erakartzen diren gorputzen masen eta distantziaren araberakoa da. Zenbat eta handiagoak izan masak eta zenbat eta hurbilago egon, orduan eta handiagoa izango da indarra. Beste izar batzuen eragina gutxietsi dezakegu baina kontuan hartu behar ditugun indarrak eguzkiarenak dira batetik, tamaina handikoa delako, eta batez ere, ilargiarena hurbil dagoelako. Ilargiak gure ozeanoetako ura mugiarazten du, baina badakigu batzuetan mareak ohi baino altuagoak eta baxuagoak direla, hau da, noizean behin marea biziak ditugula. Eta hori azaltzeko eguzkiaren beharra dugu. Eguzkia, lurra eta ilargia lerrokatuta daudenean, indarrak batu egiten dira eta ur masak askoz gehiago mugitzen dira. Hori ilbete eta ilberri den bakoitzean gertatzen da. Hilero, beraz, gutxi gorabehera bi marea bizi ditugu. Baina badira bi data urtean zehar mareak are biziagoak direnak; udaberriko ekinokzioa, martxoaren 20aren inguruan, eta udazkeneko ekinokzioa, irailaren 20aren inguruan. Marea biziak dauden bezala, badira marea hilak ere, baina,
egia esan, oharkabean pasatzen dira.
Itsasgora eta itsasbeheraren ordua ala momentua zehaztasun handiz eta urte askotara iragar daiteke. Hartuko duen altuera ere bai. Balio horiek guztiak mareen tauletan jasotzen dira eta kostaldeko puntu bakoitzerako kalkula daitezke. Marea bizietan, itsasbeheraren eta itsasgoraren artean gure kostan ura lau metro baino
zertxobait gehiago mugi daiteke. Mediterraneo itsasoan itsasoa txikiagoa denez, ia ez da nabaritzen uraren igoeraren eta jaitsieraren arteko aldea eta mareak oso ahulak dira.
Munduko beste leku batzuetan, ordea, uraren joan-etorria ikusgarria da. Bi kasu aipatuko ditugu, agian deigarrienak direlako. Lehenengoak Frantziara garamatza, Mont Saint-Michelera. Lau kilometro karratuko uhartetxo baten gainean eraikitako abadia-gotorleku batera. Normandiako kostaldean dago eta marea igotzen denean urez inguratuta eta kostaldetik isolatuta geratzen da. Marea jaisten denean, harearen gainean eraikitako errepide batek Erdi Aroko herri horretara sartzeko aukera ematen du. 
Bigarren adibideak Kanadaraino garamatza. Paisaia hor ere ikaragarria da. Fundyko badiaz ari gara. Bertan ematen dira munduko marea bizienak.  Fundyko badiaren forma eta geometria bereziek marea astronomikoen berezko mugimenduak izugarri handitu egiten dituzte. Datuei erreparatu besterik ez dago. Lehen aipatu dugu gure kostaldean itsasgoraren eta itsasbeheraren arteko aldea lau metro ingurukoa izan daitekeela marea bizietan. Bada, munduko bazter honetan batezbesteko aldea ia hamabi metrokoa da eta hogeita bat metrotik gorako errekorra du kasu honetan zikloi tropikal baten eragina ere egon zen tarteko.

B2
23-09-2024
31033271
00:04:03
1284