Gizonezkoentzako antisorgailu berria
Gure gizartean antisorgailuak erabiltzearen ardura edo zama emakumeen esku utzi izan da gehienetan. Ikerketa askoren ondoren, ordea, badirudi gizasemeentzako antisorgailu berri bat bidean dela.
Bidean dela diogu, izan ere ikerketa arratoiekin egin baita eta, beraz, gizakiekin frogatzea falta.
Euskadi Irratiko Faktoria saioan Gorka Barrenetxea ginekologoarekin hitz egin dute Nature aldizkariak argitaratu berri duen ikerketa horri buruz.
Audioa osorik entzun nahi izanez gero, hemen klikatu.
Irudia: Steffen Erbe, Pixabay
HIZTEGI LAGUNGARRIA Gaitasuna mugatu. Zerbait egiteko trebetasuna, ahalmena gutxitu. |
Esataria 1. Hitz egin behar dugu antisorgailuez. Lehen aipatu dizuegu albistea. Gizonezkoentzako antisorgailu berriak jarriko baititu gaur, dudarik gabe, hizpideak bazter askotan. Ikerketa batek espermatozoideen igeri egiteko gaitasuna mugatu dezakeen antisorgailua edo botika jarri baitu eskura, Jone.
Esataria 2. Bai, hain zuzen ere. Espermatozoideak igerian ari daitezen eragozten duen antisorgailua aurkitu dute. Edo hori uste dute behintzat New Yorkeko Weill Cornell Medikuntza Institutuko ikerlariek. Espermatozoideak mugi daitezen entzima bat bada. Hori izan dute jomuga, eta lortu dute entzima horri eraginda igerirako duten gaitasuna neutralizatzea. Arratoietan egin dute proba eta oso emaitza onak eman ditu, gaur Nature aldizkariak argitaratzen duenez.
Dosi bakar batekin lortu dute arren ugalkortasun-gaitasuna etetea hurrengo orduetarako, zehazki hurrengo bi ordu eta erdirako, aldi jakin horretarako bakarrik. Azkarra eta eraginkorra litzateke antisorgailu hau, % 100ean eraginkorra eta inportantea, sexu-gogoari ez lioke eragingo. Kontutan hartzeko bestea, albo-kalterik ere ez lukeela eragingo. Nahieran hartu ahal izango litzatekeen antisorgailu ez-hormonala, beraz, gizonentzako antisorgailu ez-hormonala.
Zientzialari-talde honek egindako bideak emaitza onak emango balitu, gizonezkoen pilula antisorgailua esku-eskura legoke. Eta jakina, horrek alternatiba berria eskainiko luke ba oraindik gehienbat emakumearen ardura izan ohi den ba kontrazepzioari.
Esataria 1. Agurtu behar dugu Gorka Barrenetxea ginekologo, kontrazepzio eta ugalkortasunean aditu dena. Gorka, egun on.
Gorka Barrenetxea ginekologoa. Egun on. Bai.
Esataria 1. Zer, haurdunaldiak eteteko bitartekoak aitzina-aitzinakoak badira ere, gehienak izan dira emakumeen ardura.
Gorka Barrenetxea. Bai. Bai. Hori halan izan da. Alde batetik, gure gizartea den modukoa delako eta beste aldetik, orain arte jomuga gizonezkoetan, jomuga izan delako espermatozoideen ekoizpena inhibitzea, eta beraz, mekanismo hormonal baten bitartez hori inhibitzea.
Esataria 1. Beraz, orain arte sortu gabeko espermatozoideak gutxiago sortzea izan da ikerketen helburua…
Gorka Barrenetxea. Hori da.
Esataria 1. Eta honek egiten duena da jada sortutakoen gaitasun hori mugatu.
Gorka Barrenetxea. Hori, gaitasuna. Jomuga guztiz desberdina. Hau, arratoien artean egin da esperimentua eta oraindik gizonezkoen artean ikusi beharko da, baina bai badaude eragin interesgarriak. Bata dela, iragankorra dela efektua, berehalakoa eta itzulgarria. Eta hori da, gure ustez, oso inportantea. Eta hormonak desinhibituz, ba gizonezkoen gogoa, sexua izateko eta, eta, ez da aldatuko. Eta beraz, hemen pentsatzen dut dela jomuga berri horri esker, ba oso originala izan dela bai esperimentua eta bueno, nik pentsatzen dut hemen bai dagoela, orain bai, etorkizuna gizonezkoen antisorgailuak erabiltzeko behingoz.
Esataria 1. Zer epetan egon daiteke hau merkatuan?
Gorka Barrenetxea. Badakizu, animalietatik gizakira pasatzeko beti urte batzuk behar izaten dira. Eta nik pentsatzen dut kasu honetan, nahiko mekanismo, oso ondo azalduta dagoela, Nature, komunikazio labur honetan, eta nik pentsatzen dut, ez dira izango 4-5 urte, gehiago ez.
Esataria 1. 4-5 urtean egon daiteke, beraz, orain ondorengo fasean ikerketak emaitza beretsuak ematen baldin baditu, eta noski, baieztatzen bada inolako arriskurik ez duela, eta zuk aipatu bezala, albo-kalte eta ondorio horiek ez dituela, ezta?
Gorka Barrenetxea. Hori da.
Esataria 1. Ba Gorka Barrenetxea ginekologoa, eskerrik asko iragarpen honi neurria hartzen laguntzeagatik.
Gorka Barrenetxea. Eskerrik asko zuei.