Familia bat, mila kolore

Familia osatzeko aukera bat baino gehiago dago; adopziora jotzea da horietako bat. Xabier Euzkitze eta haren alaba Garazik euren bizipenen eta familiaren berri ematen dute bideo honetan.

Xabier Euzkitze kazetari ezagunak bere familiari buruz hitz egin du bideo honetan.

 

 

 

 

 

 

Irudia: ivabalk, Pixabay

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Seguru asko ez genukeen. Ziur aski, ziurrenik, ziur asko ez genukeen. 

Umeren bat behintzat. Ume bat gutxienez.

Milaka ume familia-premian. Haur asko familia-beharrean. 

Zaudete hemen zain. Egon zaitezte hemen zain. Itxaron hemen.

Negar batean gaixoa. Negar betean koitadua, negar eta negar alegia.         

Hor dauzkagu presente. Hor dauzkagu buruan edo gogoan. Ez ditugu ahanzten.


Transcription:[+] Transcription:[-]

Esataria. Xabier, zuk noizbait pentsatu duzu izango zenuela gaur egun daukazun familia?  

Xabier Euzkitze kazetaria. Ez. Egia esanda, ni Txusekin elkartu izan ez banintz eta berak holako proposamenak eta egin izan ez balitu eta, seguru asko ez genukeen horrelako familiarik sortuko.  

Esataria. Nola joan zarete familia sortzen?  

Xabier Euzkitze. Bagenekin, hasiera-hasieratik esan genuen, adoptatutako umeren bat behintzat nahi genuela, hainbeste kasu bazirela munduan, hainbeste eta hainbeste, milaka eta milaka ume familia-premian eta horrelako bati geurean lekua egin behar geniola.  

Esataria. Zenbat egon zineten zuek zain? 

Xabier Euzkitze. Guk, orotara… Gure prozesuak bi urte eta erdi iraun zuen. Lehenbiziko bilerara joan ginenetik, Bogotara, Garaziren bila joan ginenera bi urte eta erdi pasatu ziren. Baina, tira, beti daukazu pizgarriren bat: argazkia datorren astean bidaliko omen digute! Eta hori da sekulako urratsa! Eta halako batean bidaltzen dizute… 

Esataria. Nolakoa izan hori?,  

Xabier Euzkitze. Joe, ba… 

Esataria. elkar-ezagutze hori?  

Xabier Euzkitze. Bai. Anerrekin joan ginen. Anerrek bi urte zituen. Baina bagenekin Anerrek hori lehen pertsonan bizi behar zuela, eta hala joan ginen. Eta halako batean, “sala de partos” izeneko batean, a ze izena!... Esan ziguten: “Bueno, honaxe ekarriko dizuegu eta zaudete hemen zain.” Eta han geunden oso-oso urduri, bi oparitxo eman genizkion, mantatxo arrosa hura eta… 

Garazi alaba. Eta piglet txikia.  

Xabier Euzkitze. Bai. Piglet txiki bat, panpinatxo bat. Urtebete pasatu zuen familia batean, harrera-familia batean. Eta Garazirentzat hura zen bere familia, eta bere familiarengandik banantzera zihoazen, eta, eta ez zekien norekin zegoen, ez zekien norengana zetorren, eta negar batean gaixoa, kosta zitzaion isiltzea. Eta ez zen isiltzen. Eta taxian nire besoetan lo hartu zuen. Eta gero beldurrez geunden. “Joe, esnatzen denean berriz ere negarrez hasiko da eta...” Esnatu zen, begiratu zidan, eta barretxo bat. Hara! Eta handik aurrera dena oso erraza izan da, egia esan, oso-oso erraza izan da. Bai.  

Esataria. Eta gero, Jon.  

Xabier Euzkitze. Eta gero, Jon. Bai, tira, denon adostasunarekin, noski! Garazi ez zen etorriko Anerrek adostasunik eman izan ez baligu, eta Jon ere ez genuen hartuko Aner eta Garazi ados egon ez balira… 

Garazi. Baina hemen esan beharra dago nik hasiera batean ezetz esan nuela.  

Xabier Euzkitze. Lehendabiziko aldiz guk etxean planteatu genuenean…  

Esataria. Bai.  

Xabier Euzkitze. Garazik… Anerrek berehala baietz esan zuen, eta Garazik esan zuen ezetz, ezetz, ezetz. Bera… Alegia “ni txikia naiz, ni txikia naiz” esan nahi zuen. “E, txiki bat behar baduzue, ni oraindik ere txikia naiz!” Eta bi urte zeramatzan “ni neska handia naiz” esaten. Baina bai, nik uste beldurtu egin zela. Tira, ba Garazik, lehen sumatu dut nola esan duen “Familia: mila kolore.” Eta bai. Gero, Pape ere hor daukagu, eta beste batzuk ere hor dauzkagu presente, Dreixa, Esmea, eta Tomán  eta Bilal eta Lucman eta, gure etxetik pasatu direnak denak, eta denek eman digute asko…  

B2
06-02-2023
30120504
00:03:30
2149