Kaixo! Zuk nola agurtzen duzu?

Azaroaren 21a agurraren munduko eguna da. Hala, autobusean sartzerakoan, mendian, kalean, lantokian... jendeak agurtzen al du gaur egun? Eta zuk, agurtzen duzu? Ezagunei soilik esaten diezu kaixo edo baita ezezagunei ere?

Txiolari mendizale batek eta autobus-gidari batek horri buruz dihardute Euskadi Irratiko Baipasa saioko pasarte honetan.

Audioa osorik entzuteko, klikatu hemen

 

 

 

Argazkia: pasja1000, Pixabayn.

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Txioa. Twitter sare sozialean azaltzen den mezu laburra.  

Jendea agurtzeko derrigortasuna. Jendea nahitaez agurtzeko betebeharra.   

Zenbat eta beherago. Beherantz joan ahala.   

Espaloia gerturatu ahala. Espaloia zenbat eta gertuago, kalea alegia.  

Agur egiteari utzi. Zeri utzi? –tzeari utzi: agur egiteari utzi, ihes egiteari utzi, kaixo esateari utzi… (ez agurtu gehiago, ez egin gehiago ihes…) 

Nekez ihes egin. Zaila izatea ihes egitea, kostata ihes egitea.

Parean dutena. Aurrean dutena.  

Eta segidan denak. Eta guztiak jarraian.   

Eskerrak eman ere ez. Ezta eskertu ere.  

 


Télécharger
Transcription:[+] Transcription:[-]

Esataria 1.  Eta beste lankide batek mahai gainean jarri du Anartz Izagirreren txioa. Hauxe dio txio horrek: “Norbaitek ba al daki menditik jaisterakoan eta herrigunera sartzera zoazenean noiz bukatzen  den jendea agurtzeko derrigortasuna?” 

Olaia Urtiaga esataria. Anartz Izagirre, arratsalde on.  

Anartz Izagirre. Kaixo. Arratsalde on. Bai.  

Esataria 1.  Derrigorrez agurtu beharrean sentitzen ote zaren, ez dakit, somatu dugu zure galderan.  

Anartz Izagirre. Nik uste dut baietz, nik uste dut badela nolabait mendira zoazenean beste pertsonari babesa helarazteko modu bat edo, ezta? Bueno, ez dakit derrigorrez izan beharko lukeen, baina bueno, nik jendeari esango nioke bueno, ni ikusten nauenean behintzat agur egiteko. Nik gustura hartzen dut behintzat besteen agurra.  

Olaia Urtiaga. Bai, ze(ren) gero zure galdera da noiz bukatzen ote den jendea agurtu behar hori, ze(ren) zuk ere ez duzu argi. Zer gertatu izan zaizu ba(da)? 

Anartz Izagirre. Bai. Bueno, kontua da ni joan, ni joaten naizen mendia, bueno, Azpeitiako mendiska bat da, eta bueno, egia da zenbat eta beherago orduan eta agur egiteko intentsitatea nolabait jaitsi egiten dela iruditzen zaidala. Eta, bueno ba, txioa idazterakoan ere hori nuen buruan. Iruditzen zait mendi-goian ba ez dagoela arazorik, ba hori, erabiltzaile batek esaten zidan moduan, “espaloia gerturatu ahala ba jendeak agur egiteari uzten dio”. Eta hori zuen zalantza. 

Esataria 1.  Hori da jaso duzun erantzunetako bat. Besterik jaso duzu? 

Anartz Izagirre. Bai. Bueno, egia esan, interakzio dezente izan zituen txioak. Beste batek esaten zidan, adibidez, ba bueno, herrietan inoiz ez zaiola agur egiteari utzi behar eta hirietan bueno ba, juxtu kontrakoa pasatzen dela, ez? 

Esataria 1. Jendaurrean lan egiten dutenek ere nekez ihes egin ahal izango diote parean dutena agurtzeari, ez? 

Olaia Urtiaga. Fidel Arizmendi, arratsalde on.  

Fidel Arizmendi autobus-gidaria. Bai, arratsalde on.            

Olaia Urtiaga. Donostiako DBuseko autobus-konpainiako langilea zara zu, autobus-gidaria. Zenbat aldiz esaten ote duzu “egun on”? 

Fidel Arizmendi. Bueno, depende, linea eta eguna, aldatu daiteke, baina bueno, baliteke igual (agian) 300-400-600 pertsona eramatea. Esan gutxiago, seguru.  

Esataria 1. Baina erdiak bai? 

Fidel Arizmendi. Bai.  

Esataria 1. Agurtzen dute edo agurtzen diezu? 

Fidel Arizmendi. Agurtzen dute batzuek, besteak ez: gidariak bezala, denetarik dago. Batzuetan, ilaran zain daudena, lehenengoak, bigarrenak esaten du eta segidan denak atzetik berdin: “egun on”, edo “kaixo”, “iepa!” Edo depende. Eta gidariak, pues bai.  

Esataria 1. A, kutsatu egiten da agurra ere. 

Fidel Arizmendi. Bai. Batzuetan bai. Bidaiarien artean bai.  

Olaia Urtiaga. Fidel, baina orokorrean zuk hartzen al duzu aurre ala autobusera igotzen denak agurtzen bazaitu erantzun, erantzuten duzu? 

Fidel Arizmendi. Bueno, erantzuten dut. Azkenean, lehen esan duen bezala, nekagarria izan daiteke. Denei erantzutea ere: “Iepa!” edo “kaixo”; depende, segun. Batzuetan aurpegiarekin irribarre bat. Bueno, orain zaila maskarillarekin, baina begiekin ere agurtu daiteke.  

Esataria 1. Eta begietara begiratu gabe agurtu ere bai, ezta?  

Fidel Arizmendi. Bai. Askotan bai.  

Esataria 1. Ulertzen dituzu agurtzen ez dutenak?  

Fidel Arizmendi. Bai. Batzuetan bai, baina bueno, batzuetan ere igual ispilutik bat ikusi berandu datorrela, itxaron, berari itxaron. Igotzen da eta agurtu ere ez, eskerrak eman ere ez.  

B1
14-03-2022
29275105
00:03:08
2783