Gizabideaz gogoeta

Batzuek gizabideari ematen dioten garrantzi eskasaz hitz egin digu Maialen Berasategik Amarauna irratsaioan.

 Entzun Berasategik egiten duen gogoeta, konturatu gabe galtzen ari garen ohituraz.

 

 

 

 

Hiztegi lagungarria

Seguru baduzula baten bat ez oso apartean. Ziur baduzula norbait ez oso urruti.  

Mesedez, barkatu eta mila esker esaten ez dakien jende-modu horretaz ari naiz. Mesedez, barka, esker mila (esker anitz, milesker, mila esker…) esaten ez dakien jende-klase horretaz ari naiz.

Ezta ahopean murmurikatu ere. Ezta bere golkorako xuxurlatu edo isilka esan ere. 

Lehenago egingo du astarrak umea. Astarra asto arra da, eta ez du kumerik egiten. Lehenago egingo du zerriak hegan. 

Gizabidea kapritxoa dela uste duen gizarte baten patua. Gizalegea edo adeitasuna kapritxoa dela uste duen gizarte baten destinoa.

Jende zuri horiek.  Jende faltsuak, alegia.  

Kulpa katolikoen arazketa-prozesu mirakuluzkoa. Arazketa, gai bati zikinkeria kentzeko, edo kasu honetan, bekatuak garbitzeko prozesua, katolikoen artean erabilia, eta emaitza miragarriak ematen dituena.  

Librabide morala eskuratu. Kulpaz libratzeko modua lortu. 

Arren. Mesedez.

Hain saltzen dute garesti. Hain gutxitan erabiltzen dute. 

Eskerrak emateko gogoa piztu. Eskertzeko nahia etorri. 

Guri-guri samurtzen. Bigun-bigun jartzen.

Kolpe-zorririk jo ez. Ezertxo ere egin ez. 

Esker-jasa eman. Esker oneko hitzak eman ugari.

 


Télécharger
Transcription:[+] Transcription:[-]

Esataria. Aurrekoz atzera. Maialen Berasategi

Maialen Berasategi. Bada giza espezie bat ezintasun linguistiko oso berezi batekoa. Seguru baduzula baten bat ez oso apartean. Mesedez, barkatu eta mila esker esaten ez dakien jende modu horretaz ari naiz. Arratsalde on, zer moduz, ondo izan eta gero arte esapideak urtean bitan eta justu-justu erabiltzen dituztenez.

Giza espezie horretako kideek ezintasun patologikoa dute antza, saludatzeko (agurtzeko) ez ezik, mesedeak mesedez eskatzeko ere. Ez al dira ba, umeei, oso umetatik irakasten zaizkien lauzpabost hitz oinarrizko, labur eta sinple? Ba, pertsona hauek gaitz bitxi batek hartzen ditu urteekin nonbait. Eta azkenerako ezin behin ere ahoskatu, ezta ahopean murmurikatu ere. Lehenago egingo du astarrak umea.

Berez-berez edukazio kontua da, gizabidea, deitu nahi duzuen bezala. Eta txikikeria dirudi eta seguru aski txikikeria da, baina gizabidea kapritxo bat dela uste duen gizarte baten patua zein den asmatzea, nire uste ez jakinean, ez da oso-oso zaila.

Inork igual (agian) esango du okerragoak direla eskerrak eman bai baina protokolo hutsez ematen dituzten jende zuri horiek. Eta zer esanik ez, barkamena eskatu bai baina, gero nahi dutena egiten segitzen dutenak.

Adibide ezin hobeak ditugu kulpa katolikoen arazketa-prozesu mirakuluzkoak. Alegia, konfesatzera (aitortzera) joan eta pare bat aitagure errezatuta (otoitz eginda), norberak nahi duena egiten segitzeko (jarraitzeko) libra-bide morala eskuratu ahal izatea. Baina, aizue, batak ez du bestea kentzen, benetan. Aio, hiru letra, bi silaba; arren, bost letra, bi silaba. Hainbeste koskatzen al da?

Barregarriena, gainera, zera izaten da: hain saltzen dituzte garesti espezimen hauek halako gizabide hitzak, ze, euforia (poz handia) pizten baitzaigu ezarian eta bat-batean, eskerrik asko xume batek ihes egiten badie.

Fenomeno bihurria baino uste baino ohikoagoa da hau. Esker txarrekoak behin  eskerrak eman eta, eskerrak emateagatik eskerrak emateko gogoa pizten ez zaigu ba?.

Zerri samar portatu ohi diren batzuk behin txukun samar portatu eta guri-guri samurtzen ez zaigu ba bihotza? Etxeko eta zaintza-lanetan inoiz kolpe zorrik jo ez, eta behin lantxoren bat egindakoan, esker-jasa bat ematen zaien gizonenaren parekoa da fenomenoa. Eta okerrena da, alderantziz ere funtzionatzen duela. Beti muturbeltz dabilenaren oso tartekako barrealdia gogo on-onez estimatzen dugu. Baina ia beti umoretsu dabilenari, aldiz, ez diogu hain erraz barkatzen ilunaldia.

C1
05-02-2021
27948627
03:17
1884