Etxean etxekoa kontsumitzea

Pandemia-garaian, kontsumo-ereduak izan ditu mintzagai Itxaro Bordak Euskadi Irratiko Faktoria saioan.

Entzun, kontsumo-ereduei buruz, Itxaro Bordak egiten duen gogoeta.

 

 

 

Mohamed Hassan. Pixabay.


Télécharger
Transcription:[+] Transcription:[-]

Esataria. Eta ondorengo minutuetarako hitzordua, edo hizpidea hobeto esanda, jarri behar digu gaur Itxaro Bordak. Itxaro, egun on.
Itxaro Borda idazlea. Egun on, Iñaki, eta egun on, entzuleak.
Esataria. Ondo zara?
Itxaro Borda. Bai.  
Esataria. Gaur zatoz azpimarratzera etxean etxeko komeni dela, ezta?
Itxaro Borda. Bai, etxean etxeko eta eskutik eskura.  
Lehen konfinamenduaren garaian, laugarren egunean berean, Amazon gunean, Goliarda Sapienzaren Pozaren artea izeneko 700 orrialdeko nobela manatu (eskatu) nuen. Eta astebete beruanduago Netflix plataformarat konektatu nintzen milaka herritarren antzera La Casa de papel ikaragarriaren azken sasoia ikusteko aitzakian. Iruditzen zitzaidan orduan baliabide numerikorik gabe mundu errealarekiko kontaktua arras edo erabat galduko nuela. Ondorioz, mexikar eta kolonbiar mafia odoltsuen iduriz horditu nintzen disgustatzeraino.  
Ez naiz biziki super eta hiper dendazalea, gutxi erosten duten kontsumitzaile eredukoa naizelako. Merkatuak itxi zizkiguten iragan martxoan, baina(n) Baiona iparreko baratzezain batekin hitzartu eta barazkiak ekartzen zizkidan ostiral eguerdi oroz. Eta gazta, bai gazta, lekukoa, web-guneari esker lortzen nuen, Oragarreko nire ohiko ekoizlearen etxaldetik. Erran gabe doa usantza berrietara plegatu nintzela eta denborarekin atxiki ere nituela. Bizkitartean pantailan La reina del sur erraldoia Kate del Castillok gorpuztua.  
Aldi honetan ematen du egoera ezberdina dela. Ez epidemiaren alorrean, bistan dena. Hor egiazki larria delako mugaren bi alde hauetan. Baina bai gobernuaren neurrien onarpenen mailan.  
Banatzaile-kate handien faboretan direla salatuz denda-jabeak manifestatzera jaisten dira, jende arruntak halaber, “Utzi bizitzen” lemarekin. Nik ere etxean etxeko eta lekuan lekuko kontsumo eta usagailuak bideratzea erabaki dut.  Halaz, Sant Izpirituko Chez Simon liburutegiko telefono-zenbakia notatu dut liburu-faltan izanen naizenean manatzeko, eta handik pasatzea eskutik eskura hartzeko.  
Eta ororen gainetik ez dut Netflixen harpidetza berraktibatuko. Horren ordez, ETB kateko Nahieran atala ustiatuko dut euskal telesailgintzak hondar 40 urteotan bilbatu dituen perlak berrikusteko. Dagoeneko Alardea bukatu berrian Eskamak kentzen kultoaren zazpi episodio begietsi ditut. Goenkale ere hor daukadala aiduru oso-osorik. Zerbait behar da gero etxekotzea jasaiteko, eta denek bizi behar dute segurtasunean eta osagarrian ahalaz.                 

 

C1 C2
18-12-2020
26476648
03:05
3479