Zoritxarrekoak

1797an Aralarko San Migelen irudia lapurtu zuten zortzi lagunetako baten zoritxarreko bizitza izan du hizpide Aingeru Epaltza idazleak.

Aspaldiko kontu hori gaur egungo gertakari batekin lotu du idazleak, esanez bezala, bai lehen, bai orain, badagoela zoritxarreko jendea.


Télécharger
Transcription:[+] Transcription:[-]
AINGERU EPALTZA IDAZLEA. Aralarko San Mi(g)elen irudiak badu zerbait lapurren eskuak erakartzen dituena, hainbat aldiz izan baita ebatsia. Lapurreta ezagunetariko bat mila zazpiehun eta laurogeita hamazazpian gertatu zen. Egileak zortzi lagun, baxenafartarrak (baxenabartarrak) gehienak eta pare bat lapurtar. Ez zuten luze jo. Sorlekura itzultzen ari zelarik, beren artean liskartu, eta ebatsitako guztia abandonatu zuten Erratzu ondoan, mugatik hurbil. Horrez gain, lapurretako lau atxilotu zituzten haien ondotik atera zirenek. Epaiketa egin zieten Iruñean, hiruri heriotza-zigorra ezarri zieten, baita urkatu ere jendaurrean exekuzio sonatu batean. Horren kontura bertso-sorta bat ondu zuen izenik utzi ez zuen bertsolari batek. Iruñerri orduan euskaldunean eta Nafarroako mendialdean hedatu zirenak: “San Migelen bertsoak noa kantatzera, aditu nahi duenik inon baldin bada”.
    Erran bezala, laugarren lapur bat bazen, gazteena. Hain gazte, bizia barkatu baitzioten. Ez, hala ere, zigorrik gabe utzi: Ceutako penalera eraman zuten preso, eta handik galera batera, galerian. Haren istorioa historiarekin gurutzatu zen mila zortzirehun eta lauan itsasontzi ingelesen kanoikadek hondora bidali zutelarik mutil baxernafartarraren barkua Cadizko badian, Trafalgarko bataila famatuan.
Gure gaztea salbatu egin zen, baita ihes egin ere. Ezkutuka penintsula osoa zeharkatu zuen hainbat hilabetez, etxera bidean. Alabaina, zoritxarreko mutila berriz ere harrapatu zuten, kasik Aldudeko muga bistara zuela, Kintoko oihanean, mila kilometro oinez egin ondoan. Nonbait Ceutara igorri zuten berriz.
Luze joan zaidan pasarte horretaz oroitu nintzen atzo, senarra eta aita ikusi nahian Bartzelonatik autoz atera ziren ama-alabei gertatuaren berri izanda. Bi hilabetez konfinamenduan berezita egon eta gero, gizona ikustera abiatu ziren Irun helmuga zutela. Imajina dezakegu haien gogoa, haien irrika. Bartzelonako probintzia gibelera utzi dute, atzean, Lleidakoa ere bai, Zaragozakoan barneratu dira eta segidan Nafarroa, Euskal Herria. 100 kilometro, bat edo bat gehiago, bertzerik ez dute falta, baina, hara non!, Zarrakaztelun foralek gelditzeko agindu: fini bidaia! Bartzelonara buelta eta gainera, isuna. Horiek ere zoritxarrekoak. 

Intéressant pour vous



B2
19-05-2020
  • Epaltza , Aingeru
22032665
00:03:04
316