Adinekoen egoitzak kinka larrian

Koronabirusak areagotu egin ditu adinekoen bizi-baldintzak egoitzetan.

Euskadi Irratiko audio honetan, egoitzen panaroma izan du hizpide Begoña Muruaga iritzi-emaileak.


Télécharger
Transcription:[+] Transcription:[-]

BEGOÑA MURUAGA IRITZI-EMAILEA. Aspaldikoak dira zaharren egoitzetan familiakoren bat duten pertsonen kexak, batez ere egoitza pribatuei dagozkienak. Behin eta berriro entzun dugu adinekoei ematen zaien janaria ez dela egokia, langileek ez daukatela behar bezalako prestakuntzarik edo egoitzan ez dagoela jende nahikorik bertakoen beharrak asetzeko. Bestalde, 2016tik aurrera, Euskal Herriko zenbait tokitan egoitzetako langileek grebara jo behar izan dute lan-baldintza duinen alde borrokatzeko. Orain hori guztia lehertu egin da birusarekin erarik krudelenean. Hildakoen kopurua ikustea besterik ez dago: koronabirusagatik hildakoen % 60 egoitzetan zeuden.  

Gai hori dela-eta, egun hauetan zenbait datu adierazgarri ezagutu ditut. Joaquim Bosch magistratuak, adibidez, esan zuen orain dela gutxi, egoitzen % 75 inguru pribatuak zirela, eta gehienak diru publikoarekin finantzatzen direnez irabazi handiak dituztela. Bestalde, adituek diote egoitza guztiek dituztela gabezia larriak, eta horretan agian Euskadi dela salbuespen bakarra gutxieneko kalitatea mantentzen duelako. Beraz, hori ikusita garbi dago gaiak eztabaida sakona eskatzen duela. Alde batetik, sistema publikoaren eta pribatuaren arteko desoreka eta horren ondorioak aztertu beharra dago; eta bestetik, bada garaia erabakitzeko nolako bizitza-kalitatea nahi dugun gaur egun egoitzetan daudenentzat eta etorkizunean egongo direnentzat.  

Pandemiak beste errealitate bat ere erakutsi digu: dekretuz ezinbestekotzat jotzen diren lanpostuen % 75 emakumeek betetzen dituzte. Aurrekoan aipatu nituen erizainez gain, garbitzaileak, supermerkatuetako langileak eta zaintza-lanetan ari diren emakumeak daude multzo horretan. Oso gauza bitxia ikusten ari gara: gizarteak bigarren mailakotzat jotzen dituen zenbait lanpostu ezinbesteko bihurtu dira birusarekin. Egoera horrek ere zer pentsa eman beharko liguke.  

Krisiak zenbait arazo sortu dizkigu eta, aldi berean, lehendik zeuden batzuk azalera atera ditu. Nik hemen horietako bi aipatu ditut. Baina beste asko daude hausnarketa sakona eskatzen dutenak. Aprobetxa dezagun aukera hau gizartea beste era batera antolatzeko; bestela, okerrago egongo gara hurrengo pandemiari aurre egiteko. 

B2
18-05-2020
  • Muruaga, Begoña
22021001
00:03:07
768