Magiara hurbiltzen

Asier Kidam magoak bere lanaren berri ematen du audio honetan. Magia, lana baino gehiago, pasioa da berarentzat.

 Zer nolako ikuskizunak egiten dituen, edota magia eta ilusionismoaren arteko desberdintasuna aipatzen ditu Asier Kidam mago gasteiztarrak Euskadi Irratiko audio honetan.

 

 

Asier Kidam Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean. Argazkia: EITB


Télécharger
Transcription:[+] Transcription:[-]

Maialen Otermin, esataria. Ilusionismoaz aritu behar dugu orain horretaz zerbait badakien mago profesional batekin, Asier Kidam gasteiztarrarekin. Aspalditik datorren zerbait da ilusionismoa, Egiptokoak dira idatzitako lehenengo testigantzak, orain 4.000 urtekoak. Erdi Aroan bizimodu nomada zeramaten magoek. XIX. mendean benetako espektakulua bihurtu zen ilusionismoa, Harry Houdiniren eskutik batez ere. Eta hortik aurrera esan dezagun gero eta ezagunagoa egin dela hori guztia, telebistari eta zineari esker sarritan, Arantxa Irastorza.

Arantxa Irastorza, esataria. Gasteiztarra da Asier Kidam. Gaur egun mago profesionala da, eta berak dioenez, 7 urte zituela hasi omen zitzaion magia interesatzen, mago batek belarritik txanpon bat atera zionean. Ilusionismoaren mundu horretan ezagunenetako bat da Anthony Blake, Asier Kidamek ere ezagutzen du, jakina! Baina beste belaunaldi batekoa da gasteiztarra eta jakin nahi izan dugu zein izan den bere mago kutuna, txikitan harritzen zuena.  

Asier Kidam, elkarrizketatua. Bai, bueno, txikitan hasi nintzenean internet oraindik ez zegoen. Orduan, magoak ikusteko aukera gutxi zeuden. Eta gehien ikusten nuena eta miresten nuena zen Juan Tamariz. Eta gero beste bat izan zen ere David Copperfield ere, telebistan agertzen zena.  

Arantxa Irastorza. Ilusionistak, magoak, mentalistak… Mundu horretara hurbiltzen garenean sekulako izen-saltsa agertzen zaigu, eta Asier Kidami eskatu diogu hori guztia argitzen laguntzeko. Magoa eta ilusionista, bietatik omen du berak.  

Asier Kidam. Biak. Gertatzen dena da mago hitzak gauza gehiago hartzen dituela. Ilusionista da guk egiten dugun magia-mota hori, truku, trukuen bidez, eta abar. Eta magia hitzaren barruan ba sartzen gara gu, baina baita ere ba futurologoak eta, eta beste, ez dakit, sorginak, aztiak: beste magia-mota batzuk.  

Ilusioa baino gehiago niretzako da pasioa. Niri txikitatik gustatzen zitzaidan  magia. Eta suposatzen da nire lana dela, baina nik ez dut ikusten lan bat bezala: denbora librea dudanean gustatzen zait magia-liburuak irakurtzea, entsaiatzea (entseatzea), magiaz hitz egitea… Batzuetan joaten naiz lagunekin, nire kuadrillarekin parranda egitera, baina beste batzuetan ere ateratzen naiz parranda egitera beste mago batzuekin, eta magiaz hitz egitera. Eta niretzako hori ez da lana.  Orduan, pasioa (da) eta ez dakit.

Bueno ba egiten ditugu gauza arruntak, baina gertatzen dena da, kuadrillan ez bezala, ba futbolaz hitz egin beharrean magiaz hitz egiten dugula: “nik mago hau ikusi dut, ideia hau bururatu zait,  ez dakit zer, badakit zer”, eta gauzak ere bai, elkarri erakutsi, bai.  

Arantxa Irastorza. Benetako pasioa da beraz, ilusionismoa eta magia Asier Kidam mago gasteiztarrarentzat. Eta aitortu digu behar-beharrezkoak dituzten teknika horiezaz gain, hizlari ona izatea ere bete beharreko baldintzetako bat dela magoentzat.

Asier Kidam. Bai, klaro, teknikoki oso ona izan ahal zara, baina publikoa aspertzen baldin bada, horrek ez dauka baliorik, ez du ezertarako balio. Orduan, beste gauza batzuk kontuan eduki behar dira eszenatoki baten gainean zaudenean edo hurbileko magia egiten zaudenean. Ba jendea entretenitzeko ba gidoiak ondo idatzita egon behar dira; arropak, jantziak, musika, gauza pila bat kontuan eduki behar dira.  

Arantxa Irastorza. Bueno, eta bere ikuskizunak nolakoak izaten diren, zer-nolako magia egiten duen berak batez ere. Horretaz ere aritu zaigu.

Asier Kidam. Nire ikuskizunetan badago magia, edo mago-estilo bat nahiko zabalduta dagoena, dela denbora guztian txisteak egin, publikoaren parte-hartzearekin ibiltzea… Nik hori egiten dut modu batean edo bestean, baina ere egiten ditut truku asko non saiatzen naizen bisualki plastikoak izaten, musikarekin, gauza bisualak, eta tartekatzen ditut beste truku batzuekin non hitz egiten dudan edo publikoaren parte hartzea eskatzen dudan truku batzuekin… Mota desberdinetako magia egiten dugu, batzuetan mentalismoa, Anthony Blakek egiten duen magia-mota hori, edo beste batzuetan ba hori, hurbileko magia, eskapismoa… Bai, mota desberdinetako magia.

                      

B2 B1
18-05-2020
22019061
00:04:24
659