Koronabirusaren biharamuna

Koronabirusaren ondoren, denok nolabaiteko normaltasun batera itzultzen garenean, aldaketarik sumatuko ote dugu jendearen portaeran?

Esperientzia gogor hau pasatu ondoren, jendea solidarioagoa, hobea, itzuliko ote den galdetu diete Euskadi Irratiko kolaboratzaile batzuei.


Télécharger
Transcription:[+] Transcription:[-]
MANU ETXEZORTU KAZETARIA. Nahi baduzue, hitz egingo dugu denborarekin etorkizunari buruz, ze etorriko da eta izango da zer aztertua. Momentuz, azter genezakeena da, Xabier, egun hauetan ikusten ari garena, eta hori da galdetu nahi dizuedana, koronabirusak eragin digun egoera berri honetan, aztertu nahi dugu zer jarrera ikusten ari zareten gizartearen partetik; esate baterako, elkartasun-adibide politak ematen ari dira: adinekoei erosketak egiteko bere burua eskaintzen dutenak, maskarak egiteko bere burua eskaini dutenak, balkoira atera eta bizilagunei animoak emateko ahalegina egiten dutenak, musikaren bidez eta abar... Baina horren ifrentzua ere badago: itxialdia saihesteko trikimailuak asmatzen dituztenak, erosketa guztiak batera egin beharrean supermerkatura egun berean behin eta berriz joaten direnak, kalera ateratzea derrigorrezkoa duten autismoa dutenei jendeak etxetik egindako oihuak...
XABIER AMURIZA KOLABORATZAILEA. Hemen argi dagoena da premia dagoenean elkartasuna sortzen da, beti. Premia dagoenean izugarrizko elkartasuna sortzen da; premiak bukatzen direnean, gero ikusiko dugu... Eta biharamuna nolakoa izango den? Ba orain sortzen diren ekimen guztiek eta elkartasun horrek iraungo du, baina pixka bat izango da halako uhina bezala, ur gaineko uhin biribil horiek bezala, ba pixkanaka-pixkanaka indarra eta berriz normalizatzen joango da, eta ekonomia nagusitzen hasiko da eta orduan... Elkartasun handia sortzen du premiak, gerrak sortzen duen bezala, baina, begira, hau pasako da, iraungo du luzez uhinak, baina gauzak normalizatu egingo dira. Eta normalizatzeak zer esan nahiko du? Atzera berriz, zoritxarrez, ekonomia inposatuko da eta atzera geldituko gara honelako hondamendi bati aurre egiteko prestakuntza gabe, eta zaborrak eta zikinak geldituko dira atzean lehen bezala edo antzera. Hori da nik salatu nahi nukeena.
KAZETARIA. Bale. Nerea, nola baloratuko zenituzke egun hauetan gizartearen partetik ikusten ari garen erantzunak: aldekoak eta kontrakoak?
NEREA IBARZABAL KOLABORATZAILEA. Ba hauxe da garena, ez? Gara batzuetan oso jende eskasa, eta besteetan gara oso jende zoragarria, elkartasunerako prest dagoena eta elkar laguntzeko, baina beste mota bat beti egongo dena zerbait aurpegiratzeko prest edo. Badirudi, nik ez dut zuzenean inoiz ikusi, baina egia da sare sozialetan eta zabaldu dela, jende asko balkoietatik bere kalean paseatzen edo dabilen jendeari oihu edo egiten diola. Askotan, ziur aski, ardura sozial batetik edo osasun-ardura batetik baino gehiago izango da inbidiatik: "Zu kanpoan zaude eta ni, barruan; beraz, ez dut nahi zu pozik egon zaitezen ni hemen nagoen bitartean". Uste dut hortik ere asko daukagula pertsona bezala.
KAZETARIA. Polizia-lanak egiten, ezta?
NEREA IBARZABAL. Hori da, polizia-lanak egiten, ez? Bueno, dagoeneko ez nau ezerk harritzen. Eutsiko diogu gauza politari; ez dakit, lehengoan hemen gure auzoan irrintzi-lehiaketa antolatu zuten, balkoitik balkoira irrintzika eta... Badago jende bat oso antolatua eta oso animatua, zorionez, horrelako gauzetarako, eta ingurukoei poz bat emateko, eta eskerrak!
KAZETARIA. Carlos, zer nota jarriko diogu gizarteari? Zer nota edo zer esango dugu gizarteari buruz?
KARLOS CID KOLABORATZAILEA. Nik emango nioke Pedro Sanchezek baino emaitza bajuagoa. Orain politikari askok aipatzen dute herritarren, herritar guztien jarrera ona. Nik ez dakit zergatik esaten duten gezur hori, ze ikusi dugu telebistan nola jokatu duten zenbaitek, esate baterako, asteburuetan autobideak betetzen zituztenean autoz, bigarren erresidentziara joateko. Jarrera hori ez zait iruditu batere eredugarria. Eta horrelako hainbat eta hainbat.
Orduan, zer gertatzen da? Koronabirusa gertatu baino lehenagoko egoeran segitzen dugula gizatasunaren aldetik; esan nahi dut, lehen jatorrak zirenak segitzen dute gaur egun, edo egoera honetan, jator izaten edo are jatorragoak, elkartasun-keinu horiekin eta abar. Baina zitalak zirenek segitzen dute zitalak izaten gaur egun ere. Eta arazoa da zitalkeria hori nabarmenagoa dela honelako muturreko egoera batean.
C1
23-04-2020
21889178
00:04:41
1354