Internet bidez erosi eta erosi

Erosketak online egiteko joera nagusitzen ari da koronabirusaren ondorioz. Amazonen moduko enpresa handiek, gainera, denetarik banatzen dute funtsezkoa dena, eta ez dena.

Online bidezko erosketek gora egin dute, eta ondorioz banaketa enpresak lanez gainezka daude. Horren inguruko informazioa duzu Euskadi Irratiko audio honetan.


Télécharger
Transcription:[+] Transcription:[-]

JONE LARRAÑAGA. Amazonek, badakizue, astehelenera arte behintzat Frantzian ez duela banaketarik egingo. Nanterreko epaitegi batek emandako agindua betetzea ezinezkoa zaiola dio. Ba bere logistika-sistemagatik ezin dituela soilik jatekoak edota osasun-produktuak saldu. Beraz, Ipar Euskal Herrian une honetan ez dago Amazon bidez erosketa bat etxean jasotzerik, eta aldiz, oso bestelakoa da Hego Euskal Herrian egoera. Mezularitza- eta garraio-zerbitzuek gora egin dute nabarmen, gu horren lekuko, eta Amazonek egindako bidalketen kopurua ere asko hazi da.

Gipuzkoan banaketa mota hori egiten duten enpresa bat baino gehiago dago Usurbilen. Belartzan izan gara, izan gara lehenengoz, DHLren egoitzan. Bertan ikusi dugu zein mugimendu zegoen, eta orain Usurbilgo Errekalde industrialdeko Correos Expressen egoitzara gerturatu gara. Eta bai, mugimendua oso, oso handia goizean goizetik. Kontatu digute hemen, lau trailer iritsi direla gaur hona, eta guk gutxienez 60 furgoneta zenbatu ditugu, denak lerroan jarrita, zintetan banatzen ari diren paketeak jasotzen. Orain bederatzietan hasiko dira banatzaile horiek, etxez etxeko partiketa-zerbitzu hori egiten. Bertako gerenteak konfirmatu digu inoizko bidalketarik gehien egiten ari direla, hemen, egoitza honetan. Egun arrunt batean, alarma-egoera ezarri aurreko egun arrunt batean, 4.000 bidalketa-inguru egiten zituztela eta orain 9.000 pasa: Gabonetan egiten direnak baino gehiago dira horiek. Alarma-egoerapean, beraz, bikoiztu egin dira gutxienez bidalketak. Hortik aurrerako xehetasunik ez digute eman nahi izan ba Madrildik hitz egiteko baimenik ematen ez dieten arte. Baina banatzaileek eurek esan digute gainezka eginda daudela eta gure begiekin ikusi dugu erosketak, hemen ere ez direla diskriminatzen. Amazon etxeko pakete batzuk ikusi ditugu, bai, baina badira, esate baterako, ba bere etxean zumitzezko butaka bat jasotzeko prest daudenak, ikusi dugu halakorik, edo Nespressoko kafea...

MAITE ARTOLA. ...egiteko makina?

JONE LARRAÑAGA. ...egiteko; kafea, kapsula. Eta baita Zarako arropa ere. Hori hemen, Correos Expressen ikusi dugun egoera, baina badakigu Seur-en edo UPS etxean ere gainezka eginda daudela. Eta gogoratu dezagun, gainera, Amazon etxeak baduela jada bere mezularitza-zerbitzua ere. Amazon Flex izena du, eta autonomo eta freelancek banatzen dituzte ba Amazon etxeko pakete horiek. Esango dizut zer, zenbatean? Bi orduko 28 euro jasota. Bi orduko 28 euro jasota.  

ELA sindikatuak langile hauen prekaritatea salatu du azken orduotan, eta erregularizazioa ekarriko duten baldintza sozialak exijitu ditu. Sindikatuak gogor kritikatu du, era berean, online-merkataritza aktibitate esentzial izendatu izana, ba banaketa-enpresa handiei erraztasun guztiak jarri dizkietelako gobernuek eta, aldiz, merkataritza, merkatari txikien egoera amildegiaren ertzera eraman.  

MAITE ARTOLA. Eta horren azken-azken erabakia erabiltzaileak du, e!: norberak du, alegia. Jone, eskerrik asko.

JONE LARRAÑAGA. Gero arte. 

B2
23-04-2020
21889149
00:03:47
3524