Terrazetan beroki gehiago eta berogailu gutxiago

Frantziako Rennes hirian, terrazetako berogailuen inguruko erabaki zorrotzak hartu dira. Euskal Herrian ere badago gaiarekiko kezka.

Irratsaio honetan, Ana Picallo EHUko irakasleak azaldu du zer-nolako kutsadura sortzen duten berogailu horiek, eta zer irtenbide dagoen.

Irratsaioa osorik entzun nahi izatera, egin klik hemen.


Télécharger
Transcription:[+] Transcription:[-]
MAITE ARTOLA KAZETARIA. Gaur jaitsi da tenperatura, piztu dira berogailuak berriz eta etxeetan bakarrik ez, baita tabernetako terrazetan ere. Beroketa-efektu txikiak sortuta egin diote gurean taberna askok aurre tabakoaren kontrako legeari eta, bezeroak ez galtzeko, zabaldu zen terrazen ohitura. Aurrez Frantzian edo Europako beste hainbat herritan ikusita genuena.
JONE LARRAÑAGA KAZETARIA. Bai, mantak magalean eta kalefazioa buru gainean, hala ezagutzen ditugu terraza asko Frantzian eta terraza ohitura kulturala baden lekutik datoz orain berogailu horiek debekatzeko neurriak. Rennes hiria izan da debeku hori indarrean jarri duen lehenetarikoa. Iraganbide ekologikoaren barruan hartutako neurrietako bat izan da: debekatuta daude terrazetako berogailuak hiri horretan.
MAITE ARTOLA. Eta antzeko eskaririk izan da Euskal Herrian ere?
JONE LARRAÑAGA. Bai, Eguzki talde ekologistak egina du eskaria, Donostiako Udalak debekatu ditzan konbustioz funtzionatzen duten berogailu luzexka horiek. Baina hemen esango genuke gero eta gehiago direla tankera horretako terrazak: berogailuak eskaintzen dituzten terrazak. Izan ere, oro har esango genuke, ez dakigula zenbat kutsatzen duten.
Ana Picallo, Energia Berriztagarrien fakultateko irakasle da Euskal Herriko Unibertsitatean. Berak kontatu digu gure herri eta hirietako terrazetan erabiltzen diren berogailuak nolakoak diren. Oro har, bi motatakoak dira: entzun dugunez elektrikoak –etxekoen tankeran airea berotzen dutenak edo infragorriekin funtzionatzen duten berogailuak- eta, bestetik, erregaia erabiltzen dutenak.
ANA PICALLO. EHUKO ENERGIA BERRIZTAGARRIEN FAKULTATEKO IRAKASLEA. Propanoa edo metanoa. Erregai hauek beroa igortzeko errekuntza behar dute –erreakzio kimiko bat– eta horrek dakartzan emari eta igorpen guztiak. Berez horiek bai berotzen dute jarraian airea eta orduan hemen dago kontraesan bat: ze behar dugu inguruko airea berotu(tzea), orduan, komenigarria da gune hori itxita egotea; baina, bestalde, errekuntzak igortzen dituen elementu kutsakor guztiak aireztatu behar dira, orduan, beraz, bentilatuta egon behar da gune hori, ze oso kutsakorrak dira.
JONE LARRAÑAGA. Oso kutsakorrak gizakiarentzat bezala, baita eguratsarentzat ere.
ANA PICALLO. (Ba)dakigu errekuntza bat egitean karbono dioxidoa botatzen dela eta, bestalde, baita ere batzuetan karbono-monoxidoa botatzen da, eta hori oso kaltegarria da, letala inkluso izan liteke gizakiarentzat, nahiz eta gaur egungo diseinuak eta estufek ondo erretzen duten eta monoxido gutxi botatzen duten. Eta bestalde, baita ere, pues, ateratzen dira sulfato-oxidoak edo nitrogeno-oxidoak eta horiek dira negutegi-efektua sortzen duten gasak eta, gainera, arnasketa-sistemarako oso kaltegarriak dira.
JONE LARRAÑAGA. Guk bezala, beraz, atmosferak arnas behar bezala hartzea eragozten dute terrazetako berogailu hauek: erregaiak erabiltzen dituzten berogailuez ari gara beti ere, eta beraz…
ANA PICALLO. Hiri-politikak bultzatzen baldin badira garraioa edo auto garbiak erabiltzeko, edo kontsumo(a) pixka bat sostengarriagoa egiteko, politika horiek berdin balio beharko lukete terrazetan egoten diren errekuntzak ekiditeko.
MAITE ARTOLA. Propanoa edo butanoa erabiltzen duten berogailuak, horiek erabat dira kaltegarriak gure eta inguruaren osasunarentzat.
JONE LARRAÑAGA. Bai eta horren jakitun hemengo ostalariak badira eta horregatik egin dute berogailu elektrikoak jartzeko apustua. Durangon terrazetako baimena emateko derrigorrezkoa dute, berogailua jartzekotan, horiek elektrikoak jartzea. Ana Picallo irakasleak onartu digu elektrikoak, berogailu elektrikoak, jasangarriagoak direla, bai, baina beste galdera batean egin digu azpimarra.
ANA PICALLO. Galdera da ea sostengarria den estufa hori jartzea: ez dakit zentzu asko daukan bi-hiru minutuz airea berotzea, ze denok ikusten dugu airea berotzen dela hiru minutuz eta gainera gertu eta berehala disipatzen dela. Eta gaur egun daukagun aldaketa klimatikoaren eztabaidarekin eta baliabideak urritzen ari direla ere ikusita, ba, ez dakit oso komenigarria den halako gauzak jartzea.
MAITE ARTOLA. Zentzuaren kontrakoa dela, alegia. Kaleak neguan hotza duela berea eta aterpea nahi duenak baduela barrua.
JONE LARRAÑAGA. Bai, ba, fruituei berezkoa duten azala kendu eta zurituta, plastikotan bilduta supermerkatuan saldu edo erostea bezain zentzuaren kontrakoa.
C1
24-02-2020
21562537
00:04:35
1182