Isuna mugikorrari begira kalea gurutzatzeagatik
Oinezko batzuek mugikorretik begirik kendu gabe gurutzatzen dute kalea eta hori, jakina, oso arriskutsua izan daiteke. Horri aurre egiteko asmoz, zenbait tokitan hasi dira neurriak hartzen.
New Yorken, esate baterako, isunak jarriko dituzte. Gai honen inguruan bertakoek zer pentsatzen duten kontatuko digu EiTBko berriemaileak.
AMAIA URIBE KAZETARIA. Whatsapp bati erantzunez, e-mail bat irakurriz edo bideo-dei bat eginez, New Yorken oinezko askok mugikorrera begira gurutzatzen dute bidea, eta aitortu egiten dute, gainera. […]
AMAIA URIBE KAZETARIA. Baina arrunta bezain arriskutsua den ohitura hau debekatu egingo dute New Yorken: oinezkoen pasabideetan mugikorra erabiltzea debekatu nahi du Senatuak. Batzuk neurriaren alde daude.
HIRITARRA 1. Ideia ona da eta segurtasuna hobetzen lagunduko du; arriskutsua da e-mailak erantzuten joatea.
HIRITARRA 2. Robotak bezala joaten dira batzuk pantailara begira, eta denok egongo gara seguruago.
AMAIA URIBE KAZETARIA. Beste batzuk, ordea, neurri honen kontra daude. Izan ere, isunak jarriko ditu Gobernuak: 25 dolar lehenengo arau-haustea bada, 250 dolarreraino berriro harrapatuz gero. […]
AMAIA URIBE KAZETARIA. Eta turistak ere ez dira libratuko isunetatik.
2018an 6.200 lagun baino gehiago hil ziren autoak harrapatuta New Yorkeko estatuan. Agintariek kopuru hau murriztu nahi dute, jendea mugikorretatik errepideetara begiratzera behartuz.
HIRITARRA 3. Aurrerantzean ez dut mugikorra erabiliko. Denok kontzientziatu behar gara. Honolulun ere antzeko lege bat dago martxan, baina han 500 dolarrerainoko isunak jartzen dituzte.