Docutec
Ume sahararrak Donostian
Erreportaje honetan, udan umeak ekartzearen arrazoiak azaltzen dira, bai familia euskaldunen ikuspegitik, bai gaztazkaren nondik norako nagusiak azalduz.
AITZIBER IARTZA /
Saharauiarrak, bi hilabetez donostiar
Donostiako udan ohiko irudia bihurtu da haur saharauiarrak han eta hemen
ikustea. 1986an Donostiako Udalak Tinduf zonaldeko Dajla probintziako Bojardor
herriarekin senidetzea erabaki zuen. Edo saharauiarren hizkuntzan esanda: gure
hiria Dajla Wilaya-ko Bojador daira-rekin senidetu zen (saharauiarrez "Wilaya"
hitzak probintzia esan nahi du, eta "Daira"k herria).
Hamabost urteotan harreman hori areagotzen joan da. Hala, udan haur
saharauiarrak ekartzen hasi ziren, eta hasierako urte haietan Uliako aterpetxean
egoten ziren ziren arren, duela zazpi urtetik hona donostiarren eta inguruko
herrietako jendearen etxeetan egoten dira umeok.
Esperientzia honen zergatiaz galdetuta, Arritxu Marañon Donostiako Gazteria,
Lankidetza eta Tolerantzia zinegotziak "gai politikoa" dela dio, Udalak
saharauiarren eskaerarekin bat egiten duelako erabat. Hala, Marañonen arabera,
"umeak herri saharauiarren jazarpenaren bozeramaile eta bozgorailu izatea lortu
nahi da. Halaber, uda izugarri beroa da hango kanpamentuetan, eta ondorioz,
beste errealitate batzuk ezagutu ditzaten eta uda hobea igaro dezaten nahi
dugu". Ildo horretan, haurrak familiekin egotea garrantzitsua dela dio,
"harremanak asko sendotzen direlako, eta bi hilabetez, umea etxe horretako
seme-alaba bat gehiago baita".
Beste arlo bat osasunarena da. Haurrak iritsi bezain laster medikura eramaten
dituzte, eta behar izanez gero, tratamendua ezartzen zaie. Normalean, otitisak,
anemiak, kariesak, ikusmen arazoak eta antzekoak izaten dituzte, baina badira
arazo larriagoak dituzten haurrak ere. Horiek ere, jakina, zaintza medikua
jasotzen dute. Zenbait kasutan, gainera, ume batzuek espero baino denbora
gehiago eman izan dute hemen, tratamentua amaitu arte.
Txirotasunetik oparotasunera
Donostiara etorritako haurrak Tinduf zonaldeko lau errefuxiatu kanpamentu
nagusietatik edo "Wilaya" -probintzietatik- datoz: El Aaiun, Smara, Auserd eta
Dajla. Errefuxiatu guneok Saharako basamortuko gunerik latzenetakotan daude, eta
oso egoera larria bizi dute. Ia ezer ez dute: hondarra, janari eta ur gutxi, eta
kanpin dendak etxetzat. Izan ere, beren lurraldea Marokoren esku dago.
Alisalem Buliha izeneko hamar urteko haurra Smaratik dator, eta bigarren uda du
hemen elizondotarren etxean. Donostian gehien zer atsegin duen galdetuta, lotsa
arrastoak besterik ez ditugu topatu bere aurpegian, eta Pello Elizondoren
bultzada behar izan du aitorpentxoa egiteko: bizikletan ibiltzea eta igerilekura
joatea ditu gustoko. Aurten jada Pasaiako festetan izan da Alisalenm, eta bertan
ere ederki asko ibili zen.
Pello Elizondok, berriz, haur saharauiarrak hartzearen zergatiaz galdetuta, argi
azaldu digu herri saharauiarraren egoerak bultzatu duela horretara. "Han dagoen
beroa, janari eta garbitasun eza... miseria gorrian bizi dira, eta gutxienez,
hilabete batzuetan behintzat, beste egoera batean daude umeak", adierazi digu.
Eguneroko arazo txiki horiek
Pello Elizondok "oso aberasgarritzat" jo du esperientzia, eta hala adierazten du
bere jardunak, etxean haur saharauiarrak hartu dituzten laugarren urtea baita
aurtengoa. Hala ere, gauza batzuetan kosta egin zaie umeei moldatzea, han kalean
ohituta baitaude. Aurtengoan, baina, Alisalem dute berriro etxean, eta haurra
ederki moldatzen da dagoeneko.
Iritsi berriekin, ordea, arazo gehiago izan ohi dira. Hala, badago kexatu izan
denik umeon ohiturak direla eta: etengabe lurrera —baita etxean ere— txistu
egiten dutelako, edo komunean garbitzeko ura konketatik hartu bai baina gero
kanpora botatzen dutelako... izan da, lehenengo egunetan, motxila eta guzti
oheratu izan den umeren bat ere. Dena den, umorez hartzen diren arazotxoak
izaten dira normalean, berehala konpontzen baitira. Ohiko gora-beherak eta
hizkuntza arazoak salbu, ez da arazo berezirik izaten.
Uda amaieran, hemengo familiekin egon eta udalak antolatutako ekitaldietan parte
hartu ondoren, etxera itzultzeko ordua iritsiko da umeontzat. Asko hemen
utzitakoaren oroimenez negarrez abiatuko dira, baina Saharako familiarekin
biltzeko irrikitan.
Garai beltza saharauiarrentzat
Europarrak, Afrika kolonizatu zutenean, Sahara Mendebaldera ere iritsi ziren.
Bertan, ordea, herri saharauiarraren erresistentzia topatu zuten. Espainiak
herri honen erresistentzia apurtzeko Frantziaren laguntza militarra ere izan
zuen, jada XX. mendean.
Afrikako koloniek herri gisa onarpena jaso eta independentzia lortzen ari
zirenean, Nazio Batuen Erakundeak herri saharauiarraren autodeterminazio
eskubidea onartu zuen eta Espainiari deskolonizazio eskaera egin zion 1965ean.
Espainiak hautes errolda bat egin zuen 1974an, baina Espainiaren jarrera argi
geratu zen 1975eko azaroan, Madrilen Maroko eta Mauritaniarekin hiru akordioa
sinatu zuenean. Akordioaren ondoren, Sahara Mendebaldea Marokok eta Mauritaniak
hartu zuten mendean.
Mauritaniak azkenean onartu zuen saharauiarren autodeterminazio eskubidea, baina
Marokok ez du inoiz horretarako benetako borondaterik azaldu. Mendebaldeko
Saharara milaka marokiar eraman dituzte urteotan Marokoko agintariek, eta
ondorioz, saharauiarrek ihes egin behar izan zuten Argelian errefuxiatu guneak
eratuz. Errepresioa oso bortitza izan da, eta gaur egun ere hala da... Horrek,
dena den, ez du saharauiarraren borondatea makurrarazi, eta beti jarraitu du
herri librea izateko borrokan. Hala, duela 25 urte, Errepublika Arabiar
Saharauiar Demokratikoa aldarrikatu zuten.
Arazoak hor jarraitzen zuela ikusita, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 1991n Bake
Plana egin zuen. Honen arabera, erreferenduma egingo zen Mendebaldeko Saharak
independentzia behar zuen edo Marokori lotuta jarraitu behar zuen erabakitzeko.
Marokok, ordea, erreferenduma egiteko hautes errolda jarri du oztopotzat: azken
25 urteotan eramandako marokiar guztiek parte hartu ahal izatea nahi baitzuen.
1994an hasitako lana iaz amaitu zuen NBEk, eta errolda aurkeztu zuen, boto
eskubidea 86.700 pertsonari emanez. Marokok, ordea, 130.000 erreklamazio jarri
zituen eta modu horretan prozesua ia abiapuntura eraman nahi izan zuen.
NBEk, aterabidea topatu beharrean, aurtengo ekainean plan berria aurkeztu zuen
Sahararako. Plan honetan, funtsean, Mendebaldeko Sahararentzat autonomia eredu
bat planteatzen da, eta Saharak independentzia lortzeko aukera ezabatu egiten
du. Fronte Polisarioak oso gogor kritikatu du NBEn planteamentua, orain arte
esandakoaren eta batez ere urtetan saharauiarrek defenditu dutenaren kontra
dagoelakoan. Gaur egun, beraz, badirudi NBEk ere bizkar eman diotela
saharauiarren asmo eta eskubideei, eta su-etena apurtzeko aukera ere badago. Ez
dirudi gatazka politiko honentzat aterabidea berehala etorriko denik.
Urtero bezala, aurten ere ezin iritsi
Urtero izaten dituzte ume saharauiarrek opor lekuetara iristeko oztopoak. Frente
Polisarioaren bidez etortzen dira umeak, baina ateratzeko erabiltzen duten
aireportua Argelian dago, eta oso txikia da. Atzerrira milaka ume joan ohi dira,
eta beti daude arazoak aireportu horretatik hainbeste hegazkin ateratzeko. Hala,
aurten uztailaren 1ean iritsi behar zuten Donostiara datozen 35 umeak. Egun
horretan, ordea, zazpi haur besterik ez ziren iritsi. Uztailaren 5ean
arduradunak Bilbora joan ziren gainontzeko umeen bila, baina ez zen hegazkinik
iritsi. Uztailaren 6ean, berriz, 14 haur iritsi ziren eta gainontzekoak
herenegun iristekoak ziren.
Arazoa ez da berria, eta iaz, esaterako, uztailaren 11n iritsi ziren guztiak
Donostiara. Duela bi urte zorte okerragoa izan zuten, umeak noiz etorri zain
abuztu erdialdera arte egon ondoren, ez baitzen haur saharauarrik iritsi gurera.
