Armstrong, sufritzen ere maisu
Armstrongek Frantziako zazpi Tour irabazi, eta erretiratu egin da. Urbistondok kirolari beldurgarri horren gorabeherei buruz idatzi du: gaitasuna, dopina, sufrimendua, minbizia, dohain, prestakuntza...
ANDONI URBISTONDO/
Euskal Herriko egunkari bateko kazetari ezagun batek bota zuen behin, gehienen ustea dela txirrindularitza eta dopina esku hartuta daudela. Ustea. Lerroon egileak, uste horiei buruz, Armstrongek beste txirrindulariek ez zuten zerbait ba ote zuen galdetu zion Euskal Herriko txirrindulari talde bateko kirol arduradunari: «Uste horiei buruz, denek daukatena du Armstrongek. Ez gehiago, ez gutxiago. Sakrifizioan irabazten die aurkariei».
Inoiz gertatu ez bezala, Armstrongek mikrofonoa hartu zuen eskuetan, Garaipen Arkua zaindari zuela, eta bizitza publikotik agurtu aurretik, mezu hau helarazi zien bere kirol gaitasuna zalantzan jarri dutenei, bere berezko dohainak dopinarekin lotu dituztenei: «Pena sentitzen dut txirrindularitzako ziniko eta eszeptikoekin. Kirol hau munduko ederrena da, baina baita zailena eta gogorrena ere. Fedea eduki behar da gurekin».
Usteei buruz. Zer egiten dugu usteekin? Zer egin usteak egia direla frogatzeko? Ezer ez. Txirrindulariak legez kanpo ari direla jakiteko bide bakarra kontrolak dira. Kontrol horietako batzuk egingo dizkiotela badaki txirrindulariak, baina beste asko ezustean egiten zaizkio. Armstrong da ezustean kontrol gehien egin dizkiotenetakoa eta inoiz ez positiborik, inoiz ez baimendu gabeko sustantziarik bere odolean, bere pixean. Hori da egia bakarra eta usteek beti izaera hori izango dute: ustea. Eta jakina, usteak, erdia ustel.
Sakrifizioei buruz. Ez dut ezagutu minbiziarekin gaixotu den gizasemerik, ez dakit sufrimendua zenbaterainokoa den, zehatz-mehatz, baina kimioterapiaren ondorioak ezagunak dira ia denon begietara. Gaitzak kutsatutako zelulak akabatzen ditu eta jota uzten du gaixoa, ahalegin txikiena egin eta itota. Barrabiletako minbizia jasan zuen Armstrongek, eta gaixotasuna biriketara eta burmuinera hedatu zitzaion, antzeman ziotenerako. Burugogorra izaeraz, minbiziak ez zuela akabatuko zin egin zion bere buruari, eta aurrera egin zuen. Txirrindularitza eta eguneroko bizitza bi urtez aldatu behar izan zituen, baina gainditu egin zuen.
Munduan heriotza gehien eragiten duen gaitzetako bat da minbizia. Bistan da, gainditzen duenak beste modu batean hartzen duela bizitza. Armstrongek beti aitortu du zorte handiko gizasemea dela, ziurra zirudien heriotza atzean utzi duelako. Ez da aitortu duen kontu bakarra izan: «Minbiziak garaitu ez banau, inork, ezerk ez nau garaituko». Harropuzkeritzat hartu izan da esan hori, baina Armstrongek bakarrik daki minbiziak eragin dion oinazea, sakrifizioa, eta txirrindularitza profesionalak eragin diona, eta ez du zalantzarik agertu. Minbizia baino gogorragorik ez du ezagutu.
Minbiziak sakrifiziorako bidea erakutsi zion Armstrongi. Sufritzen ikasi zuen, eta sufrituta lortu, lortu duen guztia. Lortu duen guztia sufrimenduarekin edo gabe lortu nahiago ote zuen ez diote galdetu, baina galdetuko baliote, ziur sufrimendua lehenetsiko lukeela. Ohitu egin delako eta sufrimendua gozamena bihurtzen jakin duelako.
Beste txirrindulari guztientzat gehiegizko sakrifizioa eta sufrimendua dena, zaila, ezinezkoa dena, erraz, kexatu gabe egin duelako Armstrongek. Adibideak asko dira. Xabier Usabiaga berriako kolaboratzaileak baten batzuk eman zituen, herenegun. Euria goian-behean ari zuela, Hautacam bitan igo zuenekoa, lehen igoeran mendatea ulertu ez zuelako, mendate bat elurragatik itxita eta hala ere, igo egin zuenekoa... Johan Bruyneelek, Discovery Channel taldeko kirol zuzendariak, Armstrongek bera zur eta lur zenbat aldiz utzi duen galdetu eta ez dakiela dio: «Ezinezkoa da aldez aurretik zer egingo duen jakitea. Ikaragarria da».
Texasko ordokietan, Coloradoko mendietan sekulako jipoiak hartutakoa omen da Armstrong. 7-8 orduko entrenamenduak sarri egindakoa. Entrenamenduetako bakardadean bakarrik lortzen omen zuen etxean zegoenean ez zuen lasaitasuna. Bizikletan ibiltzen omen zen gustuen: mugikorrik ez, mandeuli gutxi inguruan... Coloradoko 40 kilometroko mendateak plater txikian eta pinoi handian jaitsita lortu omen zuen bere kirol ibilbidean hain goratua izan den pedal kadentzia ikusgarri hori. Mendatean behera ere sufritzen, inor ez bezala.
Inor ez bezalakoa delako Armstrong. Inork ez du garaitu. Zazpi urte egin ditu gailurrean eta inork hura garai dezakeela frogatu gabe esan du agur. Zortzi edo bederatzi Tour irabaziko lituzke, nahi izanez gero. Zazpi urtean, 140 egunean, exijentzia fisiko gorenean, ez du akatsik egin, ez du erorketarik jasan, ez du beherakorik eduki, ez da gaixotu. Perfekzioaren pare jardun du. Zergatik? Perfekzioa izateko dohainak, lehengaia duelako gorputzean, batez ere, baina baita perfekzioa bilatu eta landu duelako prestakuntzan. Eta hori lortzeko ikaragarri sufritu du. Beste inork baino gehiago.
Gizatasun apur bat behar zuen Armstrongek, txirrindularitzaren munduak bere balentrien handitasuna onartzeko, bere gizatasuna onartzeko. Ez da Miguel Indurain bezain kuttuna izango inoiz, hura etxekoa zelako, besteak beste, baina zazpigarrenean aurreko seien harrokeria eta handinahikeria ahaztarazi ditu. Zazpi Tour irabaztea bezain zaila zen hori eta lortu du. Lortu duelako, zorionak. Onena izan delako zorionak. Erretiroa merezita irabazi duelako zorionak.