Docutec
Gabonetako loteria: ezin etsi jokatu gabe
"Txintxin-txintxin diruaren hotsa" dio euskal abesti batek, eta hots horren burrunba "entzuten" da Hego Euskal Herrian behintzat Gabonak heltzearekin batera. Dena den, leku batzuetan gehiago besteetan gutxiago, jokorako zaletasuna ia unibertsala baita. Loteria saltokietara uztailean hasten da iristen, eta ordutik Gabonak arte, tantaka-tantaka baina etenik gabe, dezimoak erosteari ekiten dio jendeak.
Dado batek sei zenbaki dauzka, beraz, dadoa jaurtitzean guk pentsatzen dugun zenbakia ateratzeko probabilitatea 1/6 da. Gabonetako loterian, ordea, zenbakiez gain serieak daude. Aurtengo loteriako zenbaki guztiak saltzen badira, 2.023.000.000 € banatuko dituzte saritan, hots, saldutakoaren %70. 13.334 billetek izango dute sariren bat. Aurten 85.000 zenbaki jarri dituzte salgai. Beraz, sari potoloa izateko probabilitatea 1/85.000 da. Sariak handitu egin dituzte eta aurten sari potoloaren dezimo bat duenak 300.000 € jasoko ditu, iaz 200.000 € ziren. Bigarren, hirugarren eta bosgarren sariek orain artean baino diru gehiago emango dute. Eta aurten bosgarren sariak 8 dira, iaz 4 ziren.
Jokatu nahi baduzue, hona arrastotxo bat. Estatistikek diotenez, zenbaki nagusiaren azken digitua 7a izan da gehien ateratakoa, eta gutxien 1a. Eta, orokorrean, gehiagotan suertatu dira sarituak sari nagusiarekin zenbaki bakoitiak bikoitiak baino. Egia esan, lehen sariaren azken zenbakia izanda ez da sos askorik jasotzen, eta normalean behintzat, hain diru gutxi denez, berriro loteria erosteko erabiltzen da. Hori horrela, azkenean, jasotako diru hori galdu egiten du jokalariak. Hauxe da, hain zuzen, "reintegro" delakoaren helburua, berriro jokatzea.
Sort herriko sorgina
Sort herria Lleidan dago, eta azken urteotan sona lortzen ari da. "Bruixa d'Or" izeneko loteria-dendako Xavier Gabrielek esan zuen berak banatuko zuela iazko Gabonetako sari potoloa, eta gero halaxe gertatu zen. Gauza bat egia da, zenbat eta gehiago saldu orduan eta aukera gehiago dago bertan saririk nagusiena izateko. Nagusiena, eta nagusiena ez dena. Eta inork ez du berak adina saltzen. Beraz, ez pentsa urrezko sorginak zerikusia duenik sari-emate horretan, probabilitate kontua da. Hala ere, iazkoarekin jarraituz, Espainian salgai jarritako dezimo guztien %1 saldu zituen. Eta hantxe tokatu behar. Hori zortea da.
San Ildefonso ikastetxeko haurrak: loteriaren historian atzera eginez1771ko martxoan kantatu zituen lehenengo aldiz San Ildefonso ikastetxeko haur batek Gabonetako loterian saritua izan zen zenbakia osatzen zuten zifrak. Diego López izena zuen eta zazpi urte zituen. Geroztik, urtez urte, hasiera batean mutilak bakarrik eta 1984tik aurrera, baita neskak ere, aritu dira zenbakiak kantatzen, zozketan irabazle suertatu direnekin batera zozketaren protagonista nagusi bihurtuz.
