detalle dokuteka-generico-fitxa

Etxebizitza domotikoak: etxe ala gotorleku?

Duela urte gutxi zientzia fikzioa zirudiena gure eguneroko bizitzan sartzear dago. Domotikak gure bizimodua erraztuko duelakoan, enpresa askok teknologia hori garatzeko ikerketak abiatu dituzte aspaldi. Horrela, Internet bidez programatu daitezkeen elektragailuak edota gure ahotsaren aginduak betetzen dituzten tresna automatikoak gero eta arruntagoak izango bide dira. Teknologia horren aldekoek diotenez, energia aurreztea eta gure etxeak seguruagoak izatea ahalbidetzen du. Aurkariek, berriz, garestia izatea egozten diote eta gure etxeak gotorleku bilakatzeko arriskua azpimarratzen dute.


Esnatu bezain laster, argia piztu eta logelako pertsianak igo. Jarduera arruntak eta ohikoak dira gure eguneroko bizimoduan. Baina, desagertzeko bidean daude. Izan ere, etorkizuneko etxebizitzetan automatikoki gauzatuko diren ekintzak izango baitira.
Domotikari esker, gure etxebizitzak adimendunak izango dira. Etxean zehar eraikitako sarearen bitartez, sistema domotikoak unean-unean erabakiak hartzeko gaitasuna dauka. Hortaz, etxeko kide bat gela batean sartuz gero, argia bakarrik piztuko da edota iratzargailuak jo baino ordu erdi lehenago kalefakzioa martxan jarriko. Domotikak burutzen dituen funtzioak amaigabeak dira.

Irudika dezagun adimendun etxe batek eskaintzen duen bizimodua:
Gela batean sartzean argia bakarrik piztu egiten da eta ateratzean, berriz, itzali. Bestalde, lapurren aurkako sistema aktibatzean, etxeak hutsik gelditu dela "ulertzen" du eta etxeko argi guztiak itzali egiten ditu. Pertsianei dagokienez, igo nahiz jaisteko programa daitezke aldez aurretik. Horrela, guk hala nahi izanez gero, iratzargailuak jo bezain laster igo egingo dira eta ilun-bistan itxi. Elektragailuak ere nabarmen aldatuko dira eta lantokitik piztu ahal izango dira, Internet edota telefonoaren bitartez. Gainera, besteak beste, kafe-makina programatuta utzi dezakegu esnatu bezain pronto kafea prest egon dadin.

Erosotasuna emango diguten funtzioak alde batera utzita, etxe domotikoak ohikoak baino seguruagoak dira, lapurrak edota gas ihesak atzemateko sistemak dituztelako.
Baina, erosotasuna eta segurtasuna bermatzeaz gain, adimendun etxeek energia aurrezten dute; ingurugiroari lagunduz eta fakturaren zenbatekoa gutxituz. Teknologia honen aldekoek diotenez, argindarraren faktura %40 murrizten da etxe domotikoetan.
Aurkariek, berriz, ez dituzte hain argi ikusten domotikaren abantailak. Batetik, gaur egun sistema domotikoa ezartzea oso garestia dela azpimarratzen dute. Bestetik, gure etxebizitzak gotorleku bilaka daitezkeela ohartarazten dute, isolamendura bultzatzen gaituelako.

Maior-Domoa
Abantailak eta desabantailak alde batera utzita, Euskadiko hainbat enpresAk sistema domotikoak garatu dituzte, etorkizuneko etxebizitzak nolakoak izango diren aurreratuz. Horietariko bat da Fagor Sare Domotikoa. Sistemaren oinarria Maior-Domo izenekoa da; etxearen instalazio elektrikoaren bitartez komunikatzen diren elementuak bateratzen dituena.
Maior-Domoak gas-ihesak, uholdeak, lapurrak eta beste hainbat arazo saihesteko balio du. Gainera, elektragailuak eta energia kontrolatzen ditu, besteak beste. Maior-Domoa gure bizitza errazteko diseinatu da. Horrela, oporretatik iritsi baino ordu batzuk lehenago, martxan jarriko du kalefakzioa edota gauean labadora bakarrik piztuko da, argindarra merkeagoa den orduetan, hain zuzen.

Etxearen funtzioak telefonoaren bitartez kontrola daitezke. Beraz, lantokitik bertatik "aginduak" bidali eta "bete" egingo ditu: besteak beste, argia piztu, pertsianak jaitsi, ureztatze sistema martxan jarri edota edozein elektragailu piztu. Bestalde, edozein arazo atzemanez Gero, horren berri ematen dio etxearen jabeari.

Euskadiko lehen etxe domotikoa
Enerlan fundazioaren eta Ikerlan enpresaren ekimenez, 2001ean ireki zituen ateak Euskadiko lehen etxe domotikoak. Miñaoko parke teknologikoan kokatutako etxebizitzan, ordea, ez da inor bizi; domotikaren aplikazioak ikertzeko laborategi bat baita.



Eraikinak 183 m2 ditu eta bi solairutan banatuta dago. Bertan, ohiko etxebizitzetan egon ohi diren zazpi gune bereizi dituzte: sukaldea, jangela, bi egongela, logela bat eta bi garbigela. Domolab-ek etxe arrunt baten itxura dauka eta familia baten beharrak asetzeko diseinatuta dago. Hortaz, erosotasuna, segurtasuna eta energia aurrezten dituzten sistemak ditu.

detalle2

Docuthèque

B2
29-03-2007

x61pRelaContWAR

16509570

x61pViewCountWAR

13392

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR