Docutec
Goazen zinemara IV: Emilio Martínez-Lázaroren "Las 13 rosas"
Espainiako Gerra Zibila bukatu eta gutxira espetxeratu, torturatu eta fusilatu zituzten 13 gazteren istorioa kontatzen du Las 13 rosas filmak. Hamahiru lagun haiei gertatutakoa ahantz dezagun eragoztea du helburu nagusi.
"No dejéis que nuestra historia permanezca en el olvido": esaldi horixe esaten du film honetako 13 heroietako batek, aktoresa batek, bere azken egunak soldadu-tropelak fusilez zapuztu baino lehentxeago. 13 arrosa horien historiaren poema eta abesti bidezko transmisioa egiten zuen herriak, baina hala ere, 60 urte behar izan dira lehenbizi eleberri bihurtzeko, Ignacio Martínez de Pisón-ek bihurtu zuen- eta gero pelikula bilakatzeko, 2007ko udazkenean.
Frankistek gerra zibila bukatu eta gutxira egindako beste, hainbeste egin zituzten, bihozgabekerietako bat da: 13 gazte ia nerabe espetxeratu, torturatu eta fusilatu egin zituzten. Franko hiltzen saiatzea leporatu zieten; beraiei hori leporatzea komeni zen, eta halaxe egin zen. Lotsa emateko moduko fartsa bat antolatu zuen epaile militar batek, eta neskak kondenatuak eta akabatuak izan ziren. Herri-sormenak, isilean, "13 arrosak" esaten zuen haietaz hitz egiteko. Orain 13 neska horien historia (ez istorioa soilik) kontatu digute, haien oroigarri.
Martínez-Lazarok badaki komedia egiten. "El Otro Lado de la Cama" eta antzeko filmek arrakasta itzela izan dute, kontrakoa esateko argudiorik gabe uzten zaituen freskotasunari esker. Baina pelikula honek ez du freskotasunik batere. Dena da zurruna, artifiziala. Tresneria (kamerak eta) astunak erabili du, seriosa da, estudio-itxura dute dekoratuek, faltsua dirudi guztiak. Telebistak larregi "zigortutako" aktoreak hartu baititu, itxurakeria dirudi hauen lan egiteko moduak, lehendik eginak dituzten zenbait antzezpen ekartzen digute gogora. Ez dira pertsonaiaren larruan sartu, ez dute lortzen antzezleez ahantz gaitezen, ez dute lortzen ikusleak pertsonengan (pertsonen) gogoa eta arreta jartzerik. Igualekoa da Kean Loach-en errealismo ingelesa!
Pelikulak ez du ezer irakatsi nahi, ez du garai haren azterketa sozio-politikorik egin nahi, helburu bakarra baitauka: 13 arrosen historia ahantz dezagun ez uztea. Eta eztabaida politikorik ez baitu sortu nahi, Ignacio Martínez Pisón-en eleberrian azaltzen den "gorria" izenondo esanguratsua ere ezabatu egin du zine-zuzendariak.
Kronikak idazten dituztenek hala diote, zine-aretotik irtetean ikusleei nabari zaiela negar egin dutela. Jakina, musika melodramatikoak dena betetzen baitu, eta beharrik gabe azpimarratzen ia ekintza oro, elkarrizketetako ia esaldi bakoitza. Nik ez nuen ia keinurik egin, ez bainuen une batez sikiera bat egin ikusten ari nintzenarekin. Lastima, asmo onez egindako pelikula baita. Baina filmak ez du zuzen jokatu frankismo lazgarrienaren, bihozgabeenaren eta basatienaren biktima izan ziren 13 neska hauekin.
Juan Miguel Gutiérrez
