Euskal Herria hamaika iruditan

http://www.3digitala.com/eu/ web gunean Euskal Herriari buruzko irudiak kontsulta daitezke. Euskomedia Fundazioak jarri zuen sarean joan den otsailean. Oraingoz, 20.000 argazki inguru kontsulta daitezke, baina hemendik gutxira 100.000 baino gehiago izango ditu, eta ez da gutxi: Euskadiko irudi-biltegi aberatsena da. Bertan, Euskadiko eszenarik ederrenak, bitxienak, ohikoenak edo ezezagunenak jasotzen dira. Gure herriak dituen ikuspegi anitzak ezagutzeko proposamen interesgarria.
Paisaiak, ondare artistikoa, festak, tradizioak, fauna eta flora, pertsonaiak, armarriak eta ikurrak... www.3digitala.com web gunea euskal kultura eta arteari buruzko argazki-banku handiena da.

Joan den otsailean abiatu zuen Eusko Ikaskuntzaren Euskomedia Fundazioak argazki-biltegi birtuala. Publizista, editore, diseinatzaile grafiko, komunikabide, ikus-entzunezko ekoizpen-etxe eta, oro har, kalitate handiko irudiak behar dituen edonoren esku dago web gunea. Hau da, kalitate handiko irudi ederrak eskuratu eta hala nahi izanez gero, erosteko aukera ematen die erabiltzaileei web guneak.
Euskadi tradizionala, modernoa, xarmanta, bitxia... Klik bakar batean Euskal Herriaren ikuspegi ezberdinak ezagutzeko aukera ematen du Euskomedia Fundazioaren egitasmoak. Arduradunek esandakoaren arabera, une honetan 20.000 irudi ikus daitezke web gunean. Baina, egunetik egunera kopuru hori handitzeko asmoa dute, eta sarean jartzeko lehenengo fasea bukatzen denean, 100.000 iruditik gora eskainiko ditu.
Web gunearen diseinu interaktiboari esker, erabiltzaileak eroso nabigatuko du, irudi batzuk besteekin lotuz eta irudi bakoitzaren informazioan sakonduz. Izan ere, Auñamendi Entziklopedia (http://www.euskomedia.org/aunamendi) edo Euskonews (http://www.euskonews.com) aldizkaria kontsultatzeko aukera eskaintzen du, aukeratutako argazkiari buruzko informazio gehiago eskuratzeko.

Bilatzaile aurreratua
Bilaketa errazagoa izan dadin, argazkiak atal ezberdinetan sailkatuta daude: artea, ekonomia, etnografia eta folklorea, pertsonaiak, natura, paisaiak, antzinako irudiak, numismatika eta ikurrak. Horri esker, erraz asko aurki daitezke gai jakin bati buruzko irudiak. Bestela ere, bilaketa zehatza egiteko aukera dago, argazkilari jakin baten irudiak aurkitzeko edota formatu zehatza aukeratzeko.

Bost fondo
Argazkiak bost fondo edo artxiboei dagozkie, baina kopuru hori ere aurrerantzean handitu egingo dela iragarri dute arduradunek:

  • Antxon Aguirre Sorondo fondoak 9.509 argazki biltzen ditu, baina 20.000 izatea dute helburu. Bertan, gai askori buruzko irudiak ikus daitezke: paisaiak, artisautza, jaiak, eta abar. Oro har, Euskal Herriko folklorea eta etnografia ditu ardatz.
  • Jesús Tellería Armendáriz argazkilariaren artxiboan, berriz, 2.013 irudi daude. Arte erromanikoari buruzko artxiboa ikusgarria da. Etorkizunean, gainera, 60.000 argazki baino gehiago kontsultatzeko aukera emango du.
  • Bestalde, Sahats artxiboan klik egiten dugunean, Nafarroako paisaian eta artean barrena bidaia egiteko proposamena jasotzen dugu. Une honetan, 3.824 argazki ditu eskuragarri, baina artxibo honek ere irudi gehiago izango ditu aurrerantzean, 12.000 baino gehiago.
  • Juan Mari Zurutuzaren fondoak Donostiako irudi ederrak eskaintzen ditu 100 argazkitan.
  • Kepa Etchandyren artxiboan, berriz, Iparraldeko 50 irudi ikus ditzakegu, ederrak eta ikusgarriak denak.
  • Horrez gain, hemendik gutxira artxibo berri bat egongo da ikusgai: Arantza Cuestarena, hain zuzen. 10.000 iruditan, Euskal Herriaren ondarea islatuko du eta artea, usadioak eta paisaiak izango ditu oinarri.


Intéressant pour vous



B1
11-04-2008
16504561
3953