detalle dokuteka-generico-fitxa

Arantza Ezkurdia: "Okerrena ez da gehiegi jatea, gaizki eta azkar jatea baizik"

Urtarrila asmo onen hilabetea dela diote, eta beraz, animo eta eutsi goiari. Gabonetan turroi gehiegi jan baduzu, garaiz zabiltza zure gorputzaren oreka berreskuratzeko. Arantza Ezkurdia dietalariaren kontsultara hurbildu gara. Zona-dieta zer den azaldu digu, eta osasunarekin zerikusi handia duela esan digu. Donostian bizi da eta Barry Sears mediku ospetsuarekin elkarlanean aritu da, medikuak asmatu duen dieta gure ohiturei egokitzeko.

Barry Sears ezaguna da oso. Zona-dietaren asmatzailea da eta gero eta gehiago omen dira bere esanak jarraitzen dituztenak. Duela hiruzpalau urte, "Zona-dieta iraultzailea" liburua argitaratu zuen eta Arantza Ezkurdia donostiarrak liburuaren sorreran parte hartu zuen, mediku estatubatuarrak proposatutako menuak gure elikadura-ohituretara moldatuz. "Zona-dieta orain ari da modan jartzen, eta horregatik hitz egiten da horrenbeste liburuaz. Izan ere, gaur egun dietei buruzko liburu asko dago, eta gehienak denbora gutxian egin beharreko sakrifizioarekin erlazionatzen dira. Dieta honek, berriz, gorputzaren kontrolarekin du zerikusia, eta, beraz, osasunarekin. Ospetsu askok ere dieta hau egiten dute eta horrek lagundu egin dio fama hartzen".

Barry Searsekin lan egiteko aukera aurkeztu zitzaionean, "bizitzan behin pasatzen den trena" zela pentsatu zuen Arantzak. Gogo biziz ekin zion lanari eta gauza asko ikasteko aukera izan duela esan digu. "Searsekin lanean hasi nintzenean, gorputzak benetan nola funtzionatzen duen eta elikagaiek osasunarekin duten harremana zein den ulertu nuen. Proteina, karbohidratoak eta koipeak hartzen ditugunean, gure gorputzeko hormonetan dute eragina. Kopuru desegokiak hartzen baditugu, hormonak desorekatu egiten dira, eta beraz, gure osasunarentzat onak diren kopuruak hartu behar ditugu. Izan ere, hormonen arteko orekak odolean dugun glukosa berdintzen du. Glukosa zelulen elikagai nagusia da, eta beraz, hormona horiek dira etengabe energia helarazteaz arduratzen direnak. Horiek orekatuta badaude, gure hormonak ere bai, eta horrenbestez, gure gorputz osoak ondo funtzionatuko du. Desoreka hormonala dugu askok genetikoki, eta guk, dietaren bidez, kontrolatu eta osasuna hobetzen dugu". Kontua, beraz, elikagaiak ondo ezagutu eta konbinatzea da.

Ahaztu ohiko proportzioak
Jatordu bakoitzean, %40 karbohidrato, %30 proteina eta %30 koipe jatea gomendatzen du zona-dietak. Horixe omen da osasungarriena. Arantzak esandakoaren arabera, diabetesa, gaixotasun kardiobaskularrak eta inflamazioarekin zerikusia duten gaitzak trata daitezke dietaren bitartez "baina, batez ere, jaten erakusteagatik ari gara ospetsu egiten", argitu digu.

Euskadin ondo jaten dela esatea, mitoa ez, baizik eta egia galanta dela dio Arantzak. "Zorte handia dugu gure lurraldean, fruiturik onenak, proteina iturri bikainak, eta oliba-olioa bezalako gantz-azidoak baititugu". Beste lurralde batzuetan, berriz, arazo gehiago omen dituzte dieta egokia egiteko. "Italian, esate baterako, aspaldi erabiltzen dute zona-dieta, baina italiarren elikadura arroza eta pastan oinarritzen denez, ez da erraza guk gomendatzen ditugun proportzioak errespetatzea". Zentzu horretan, arroza, pasta edo ogia bezalako karbohidratoak neurri txikian jatea aholkatzen du dietalariak. Izan ere, prozesatutako karbohidratoak azkarregi xurgatzen ditu gure gorputzak, eta gehiegizko azukre bilakatzen dira. "Hobe da azukre gutxiago dituzten elikagaiak kontsumitzea, barazkiak, adibidez. Horrela, askoz ere elikagai gehiago jateko aukera izango dugu. 30 gramo arroz egosi jan beharrean, bi taza leka, piper taza bat eta fruitu bat jaten baditugu azukre kopuru bera irentsiko dugu".

Hainbeste gramo eta tazekin pixka bat galdu gara, eta gehienok oker jaten ote dugun galdetu diogu. "Gaur egun, gure bizimodu azkarra dela eta, oso denbora eta esfortzu gutxi eskaintzen diogu elikadurari. Azkarregi eta gaizki jaten dugu. Gaur egun, gaizki jatea da kontua, ez gehiegi jatea. Eta hori da gehien kostatzen dena, ohiturak aldatzea".

Baina, ba al dago debekaturiko elikagairik? "Debekatu hitza ez dut batere gustuko. Elikagai guztiak aztertu eta ordenan jarri behar dira: karbohidratoei dagokienez, fruitu eta barazkiak soilik hartuko ditut, pasta eta arroza, berriz, kantitate oso txikian. Proteinei dagokienez, ezabatu egin behar dira haragi gorriak, txerrikiak eta hestebeteak. Esneki osoak ere, kanpora. Eta animalia-gantzak ere bai. Ordutegiak ere ondo jarraitu behar dira eta egunean bost otordu egin behar dira".

Eta dietaren ondorioak antzemateko zenbat denbora itxaron behar dugu? "Lehen astea da okerrena, fabrika aldatu egin behar delako, bertako ordenak eta ohiturak. Izan ere, gorputzak eguneroko ohiturei erantzuten die, eta hori aldatzea da gehien kostatzen dena. Hortik aurrera, berriz, azkarrago nabarmentzen dira ondorioak", azaldu digu.

Ez zaitzala buruak engaina
Gabonak pasa berriak ditugu: "Buruak engainatu egiten gaitu; Gabonak direnez, gure ohiturak alde batera uzten ditugu. Askotan, Gabon gauean asko afalduko dugunez, egun osoan ezer jan gabe joaten gara afaltzera, eta hori akats handia da. Edo alderantziz, Gabonak direnez, egun osoa txokolatea jaten ematen dugu... Baina ez dugu hori egin behar. Komenigarria da, honelako ospakizun-egunetan gosaltzea, hamaiketako arina egitea, eta bazkaltzeko, barazkiak hartzea, adibidez. Askarirako ere zerbait hartu behar dugu, afarira baraurik ez joateko. Afarian, gehiegikeriaren bat edo beste egin dezakegu, baina zentzuz".

Alkohola ere kontuan hartzekoa da. Karbohidrato ez-onuragarria da eta kontrolpean mantendu behar da. Behin Gabonak amaitu ondoren, beraz, ezinbestekoa da lehenbailehen gure ohiko elikadurara itzultzea. Baina Gabonetan asko jan badugu, dieta garbia hartzeko gomendioa egin digu Arantzak. "Elikagai garbiak jan behar dira, koiperik gabekoak, horiek baitira betekada eragiten digutenak. Eta gero, gorputzak eskatzen diguna. Hala ere, nik hiru ordutik behin zerbait jatea gomendatuko nuke, betiere".

x61pRelaContWAR

Intéressant pour vous



detalle2

Docuthèque

B2
07-01-2009

x61pRelaContWAR

16502640

x61pViewCountWAR

10795

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR