Docutec
Lan-ordutegia
Askoren ustea da hemengo lan-ordutegia Europakora egokitu beharko genukeela. Besteak beste, eguerdiko eten hori laburtu beharko genuke, hartara etxera lehenago heldu, eta familia eta lana hobetu uztartzeko.
Horretaz jardun dute Euskadi Irratiko irratsaio honetan, bertako nahiz kanpoko zenbait esperientzia bilduz.
|
HIZTEGI LAGUNGARRIA Ordutegi. Ordu + -tegi. Orduen banaketa. Adibidez: Lanerako ordutegia aldatu egin da enpresan: orain batzuek goiz eta arratsalde egingo dute lan, ez goizean soilik. |
Euskadi Irratiko Mezularia irratsaiokoa, 2010-05-27. Moldatua
Esataria: Ez da oraingoxe gaia, baina Eusko Jaurlaritzaren iritziz bultzada eman behar zaio ordutegi europarrari gure artean; alegia, gaur egun leku askotan egiten den gisan, bazkaltzeko bi ordu izan eta lanetik arratsaldeko zazpietan edo zortzietan irten ordez, hobe dela eguerdiko atsedena ordubete baino gutxiagokoa egin eta, hartara, arratsaldeko seietarako, berandu jota, denok lanetik irtetea.
Horretarako, Herbehereak edo Alemania jartzen dituzte eredutzat, urtean Espainian baino 232 lanordu gutxiago egin arren, langile bakoitzeko produktibitate-eraginkortasuna % 17 gehiago da. Beraz, lanordu askoz gutxiago eginda, askoz gehiago ekoizten dute.
Jaurlaritzaren arabera, lanetik lehenago irtenda errazagoa litzateke etxeko lanak gizonezkoen eta emakumeen artean berdinago banatzea, aisialdi aberasgarria izatea, kirol gehiago egitea edo, adibidez, elkartasun gehiagoko gizarte bat lantzea.
Horrela ikusita, ematen du dena abantailak direla, bazkaltzeko ordubete baino gutxiago hartzen bada, hori horrela den ala ez ikusteko, adibide bila jo dugu eta teoria bila ere bai.
Esataria: Mikel Ezamiz, arratsalde on.
Mikel Ezamiz: Bai, arratsalde on.
Esataria: Mondragon taldeko Hedapen Korporatiboaren arduraduna zara zu; hala ere, Mondragon Taldean Fagor Etxe-tresnak etxean, pertsonal-buru izan zinen urte batzuetan, ezta?
Mikel Ezamiz: Bai, hori da.
Esataria: Beraz, iritzia galdetu nahi genizun. Zuri zer iruditzen zaizu hau guztia?
Mikel Ezamiz: Bueno, guk beti deitu izan diogu ordutegi malgua izatea, ezta, ordutegi europarra orain deitzen ari diren bezala, malgua. Eta 86an aplikatu zen Fagor-en ordutegi malgua; hori, ba, goizeko zazpi eta erdietatik bederatziak arte, zuk nahi duzunean sartzen zara. Eguerdian ere hamabi eta erdietatik ordu bi eta erdiak arte daukazu irteteko eta sartzeko berriro aukera. Eta gero, lau eta erdietatik sei eta erdiak arte zuk ahal duzunean edo nahi duzunean irtetea. Hori ordutegi malgua, eta horrela, ba, bizitza familiarra eta lanaren kontziliazioa lortzeko aukera hobeagoa ematen du, askatasun gehiago daukazu, gauza batzuk egiteko ordutegi malgu horrekin, eta, bueno, ba, noski, satisfazioa, poztasuna ere handiagoa da, eta orduan, horrek seguru asko gero lortzen du emaitza hobeak ere bai; azkenean, denbora aprobetxatzen duzulako beharrezko gauzekin, eta ez behartuta egoten, baizik eta... Eta gainera, gero irten zintezke bostetan, ba... joan beharra daukazulako; baina bihar seiak arte gelditu beharko zara, edo lanaren arabera, ezta? Orduan, gu hori duela hogeita zortzi urtetik aplikatzen ari gara eta beti funtzionatu izan digu kooperatiba taldean.
Esataria: Eta bazkaltzeko bi ordu, eten hori, ez al da asko?
Mikel Ezamiz: Bueno, baina hori da, ez da bi ordu, baizik eta ordu-erdi da gutxiengoa; nahiz eta norbaitek esan "ez, nik ez dut bazkaltzen", bueno, ordu-erdi automatikoki daukazu deskontatuta. Eta ia kooperatiba guztietan daukagu ordubetekoa, baina beti ordutegi malgu horrekin zure lanen edo beharrizanen arabera.
Esataria: Beraz, Jaurlaritzaren asmoa zer iruditzen zaizu zuri?
Mikel Ezamiz: Bueno, hori nik uste dut, ordutegi europarra deitzen diozuena, uste dut ona dela jendea pozikago dago, goizetan prestatzen duelako bere beharrizanetara, arratsaldetan ere bai. Orduan, hori positiboa da, guztiz positiboa. Arazotxoren bat sortu lezake? Bueno, horretarako daude ordenagailuak, ematen dizutenak informazio guztia: ordutan goitik zabiltzan edo behetik zabiltzan jakiteko. Horrek ondo funtzionatzen du eta beti funtzionatu izan du, eta era horretan nik uste dut gestio moderno batean, hori bai, oso normala dela eta hori jeneralizatuta egon beharko litzatekeela enpresa gehienetan.
Esataria: Jon Larrañagarekin hitz egin behar dugu. Jon Larrañaga, Madril, arratsalde on.
Jon Larrañaga: Kaixo, arratsalde on.
Esataria: Arratsalde on. Zer moduz, ondo?
Jon Larrañaga: Oso ondo.
Esataria: Zure enpresa estatubatuarra da, baina Madrilen zaude. Zuek zer ordutegi daukazue?
Jon Larrañaga: Ba, guk daukagu ordutegi malgua. Hemen ez daukagu plantarik, nik ofizinan egiten dut lan, eta ofizinan ez daukagu beharrik horrela egutegi finko bat edukitzeko. Orduan, ofizina berrietara mugitu ginenetik daukagu ordutegi malgu bat: hasten da goizeko zazpi eta erdietan eta sartu ahal zara lanera hamarrak arte. Gero, bazkaltzeko, denok egiten dugu ordutegi berdina, ordu batetik ordu bietara; eta irteteko, orain ez nago ziur zein den, baina uste dut dela bostetatik zazpi eta erdiak arte edo.
Esataria: Baina hori ez da Madrilgo estiloa, ez, Jon?
Jon Larrañaga: Ez, egia esan, hemen asko igartzen da gu garela enpresa amerikar bat eta gu gaude nahiko europartuta zentzu horretan.
Esataria: Ze Madrilen oso normala da arratsaldeko hiruretan bazkaltzera joatea eta bostak/bost eta erdietan bueltatzea eta zortziak/zortzi eta erdietan amaitzea.
Jon Larrañaga: Bai, gu joaten garenean bazkaltzera ordu batean, ez da inor egoten bazkaltzen, eta ordu bietatik aurrera hasten da ataskoa bazkaltzera joateko. Orduan, bai, igartzen da. Guk adibidez, gure enpresan asko igartzen dugu; ataskoa egoten da goizeko bederatziak arte, eta guk malgutasuna daukagunez bederatzietatik aurrera etortzeko, ba, ez dugu atasko hori sufritzen. Baina hor ikusten da, benetan, Madrilen jendeak oraindik lehengo ordutegiak dauzkala, bi ordu edo gehiago hartzen dituela bazkaltzeko eta nahiko berandu irteten dela. Baina badago nahiko ezberdintasuna multinazionalen artean eta enpresa txikien artean.
Esataria: INE enpresako negozio-zuzendaria da Lander Gibelalde. Estatu Batuetan, adibidez, bazkaltzeko oso denbora gutxi hartzen da, ezta?
Lander Gibelalde: Bai, bai, normalean sandwich bat eta kafe bat edo zerbait hartu eta listo, ordu-erdirekin nahikoa.
Esataria: Eta Brasilen?
Lander Gibelalde: Brasilen-eta antzera; baina, bueno, pixka bat nik uste dut antzera, baina pixka bat luzeago. Han ordubete gutxienez hartzen da bazkaltzeko.
Esataria: Orduan, esan daiteke Euskal Herrian hartzen dugula denbora gehien bazkaltzeko?
Lander Gibelalde: Bai, nik uste dut baietz, baina hala ere han ere ohitura pixka bat aldatzen gabiltza baita.
Esataria: Beraz, iruditzen zaizu Euskal Herrian ere lan-ordutegiak moldatu egingo direla eta bazkaltzeko ez dela hainbeste denbora hartuko?
Lander Gibelalde: Bai, nik uste poliki-poliki denak europartzen edo amerikartzen joango garela eta, bai, bai, bazkalordua pixka bat jaitsi egingo dela.
Esataria: Eta, jake Ameriketako Estatu Batuetan zauden, horkoa ez al da juxtu samarra, oso-oso juxtua, oso denbora gutxi bazkaltzeko eta askotan gainera lantokian bertan bazkaltzea?
Lander Gibelalde: Ez, nik uste dut ezetz, ze, azken finean, asko hartzen baduzu edo asko luzatzen baduzu, gero ere hasteak pereza gehiago ematen dizu; edo, bueno, batzuk igual siesta delako hori faltan botako dute, baina uste dut pixka bat moztea, ordu-erdi edo hogeita bost minuturekin nahikoa dela. Zerbait lijero jan, gero pixka bat lehenago bukatu eta denbora gehixeago edukitzeko arratsalde-iluntze aldean.
