Ostirala iritsi da!
"Ostirala iritsi dala!!!!" Izan ere, aste osoa ematen dugu ostirala noiz ailegatuko zain. Asteburura begira zer egin dezakegun pentsatzen. Urtea pasatzen dugu egutegiari begira, zubiren bat noiz tokatuko den zain.
JASONE OSORO
Ostirala iritsi dala!!! Hori izan ohi da barixakuetan gehien entzuten den esaldia. Izan ere, aste osoa ematen dugu ostirala noiz ailegatuko zain. Asteburura begira zer egin dezakegun pentsatzen. Urtea pasatzen dugu egutegiari begira, zubiren bat noiz tokatuko den zain, Gabonetako oporrak desiratzen eta udan egingo dugun bidaiaren batekin amets egiten.
Planak eta planak. Planifikatzea dugu bizitzeko ezagutzen dugun modu bakarrenetarikoa. Carpe diem lelotzat hartu eta gero eta gehiagotan praktikatu nahi izaten dugu momentua bizitzea dela garrantzitsuena, baina, kontua da orainaldia askoz lehenago bizitzen hasten garela.
Gaur larunbata da baina bart pentsatu nuen nola aprobetxatu. Agendaren gizartean bizi gara. Dena planifikatu eta organizatuta izatea bertute kontsideratzen da. Bat batekotasunari tarteka zirrikituren bat utzi ahal diogu baina, kontuz, egunerokotasunak oso bestelako dinamika eskatzen baitu, zer nahi dugun hausnartu, erabaki eta planifikatzea, alegia.
Eta hori da gizarte moderno honen eredu. Hori da pribileijiatuak garenon legea. Izan ere, orain gutxi Melillako hesia gurutza-tzeko zain, basoetan ezkutuan bizi diren gizon horietako bati ondokoa galdetu zion kazetariak: «Noiz saiatuko zarete hesia zeharkatzen? Zein dira zuen planak?». Hara bestearen erantzuna: «Planak? Nik gerra batetik egin dut ihes eta planak ez ditut egiten». Esaldi bakarrean egin daiteke pertsona batek izan duen bizitzaren erradiografia.
Eta ni, bitartean, planik ez egiteko plana egiten nabil. Alegia, planifikatu gabeko bizimodua planifikatzen. Folio zuria dela bizitza, aizue. Batzuena zutabe bakarrekoa, beste askorena zutabez betea. Zenbat zutabe ditu zureak? Zenbat plan dituzu bizitzan?
Irudia: Sephelonor, Pixabay