detalle dokuteka-generico-fitxa

Detektibe pribatuak familia zaintzen

Detektibe pribatuen betiko lanaz gain, orain seme-alaben zaintza ere egiten omen dute. Detektibeek, bestalde, ezin dute intimitatea hautsi. Gai hauen inguruko hainbat informazio ematen dute.

A.J. | Donostia

Detektibe pribatuen  zerbitzua familia osoari

Detektibeen lana ez da idazleek sortutako mitoen antzekoa. Eguneroko lana pertsona "arrunten" zelata da. Familiako harremanetan, batez ere, seme-alaben jarraipenak oso arruntak bihurtu dira. Fideltasun arazoak eta familiak eskatutako informeak atzerago daude.

Gehienetan 14-16 urteko neska-mutilak dira eta gurasoek dituzten susmoak egiaztatu nahi izaten dituzte. Askotan droga artean dabiltzala uste dute.

Kasu gehienek antzeko ezaugarriak dituzte: ikasketa emaitza kaskartzea, ohi baino beranduago etxeratzea, kalean ordu asko ematea eta diru gehiago eskatzea. Mugako kasuetan, gaztea begi-ninia neurriz gain zabalduta dator eta zerbait hartu duela dirudi, inoiz muturreko bat jasota edota diru zorrak dituela.

Horrelakoetan hainbat gurasok detektibeari deitzen diote, zertan dabilen beraien seme-alaba azter dezan: zer egiten duen, zer hartzen duen, norekin dabilen... dena.  Segundo oro zertan ari den jakin nahi izaten dute. Inoiz eskolako zuzendariaren aholkuz ere jotzen dute detektibearengana gurasoek.

Kasu latzenetan, detektibeak dioenez, gazteak drogarekin trapitxeatzen ibiltzen dira, familiari lapurtzen droga erosteko edo lagunekin ibiltzeko.
Ikerketa egin ondoren detektibeak familiari txostena ematen dio: idatzia, argazkiak, bideoak... Gurasoek horrekin zer egiten duten ez omen da detektibeen lana. Baina, hala ere, seme-alabak horren berri izanez gero gurasoen kontra jar litekeela ohar arazten die gurasoei.  Guraso batzuk seme-alabari "susto" txiki bat emateko erabiltzen omen dute informazioa, "poliziak" esan diola argudiatuz.

Hala ere, beti ez dira berri txarrak ematen. Detektibeak 14 urteko gazte baten kasua gogoratzen du. Ezaugarri negatibo guztiak zituenez  gurasoek ikerketa eskatu zioten. Maiteminduta zegoen. Orduak ematen zituen neskatilarekin pipak jaten espaloian eserita... eta trena galtzen zuen. Gurasoak asko poztu ziren.

Legeak zehazten ditu detektibe pribatuaren mugak eta debekuak

Detektibe pribatuaren lanak oztopo eta muga asko izan ditzake, batzuk naturalak (egiten duena ezkutatu nahi duenak lor dezake, horretan gogor ahaleginduz gero) eta besteak legeak ezartzen dituenak. Ohikoa da bezeroek argazkiak edo bideo-grabazioak eskatzea, epaiketa batean froga moduan erabiltzeko, edo beretzako. «Nire hitzak balio du, baina jendeak ikusi egin nahi du, ez dakit morboarengatik den, baina hala izaten da», esan du Gonzalo Zubeldia detektibeak.

Ildo horretan, material hori lortzeko garaian ikertzen ari den pertsonaren intimitatearen mugak non dauden zehatz-mehatz jakin behar da, bestela arazo legalak izan daitezkeelako. Oro har, leku publiko eta pribatua izateak zehazten du intimitatearen irudizko lerro hori. «Leku publikoa baldin bada, nahi adina argazki edo bideo egin daitezke, baina leku pribatua baldin bada, ezer ere ez», eman du jakitera Zubeldiak.

Baina batzuetan ez dago oso argi. Etxe bat, adibidez, eremu pribatua da, eta kalea eremu publikoa, «baina ezkaratza zein eremutan sartzen da? nik orain dela gutxi zalantza hori izan nuen kasu batean eta abokatu bati galdetu behar izan nion, ezer egin baino lehen», esan du detektibeak. Izan ere, askotan bezeroek gauza asko eskatzen dituzte, baina azken erabakia detektibeak hartu behar du.

Detektibeak du azken hitza

Zubeldiak azaldu duenez, gauza bat da bezeroak eskatzen duena, eta bestea profesional batek egin dezakeena. Izan ere, bezeroak maiz legez kanpo dauden gauzak edo neurriak eskatzen ditu, ezjakintasunez edo bestela, eta detektibeak berak erabakitzen du muga non ipini. Azken finean, «norbere lana eta lizentzia daude jokoan», esan du.

Bezero batek baino gehiagok telefonoa kontrolatzeko eskatzen dute, adibidez, eta hori «epailearen agindurik gabe ezin da egin, legez kanpokoa da». Arrazoi ezberdinengatik eskatzen dute hori, Zubeldiaren esanetan. Batzuetan gurasoek proposatzen dute seme-alabei jarraitzeko, nondik nora eta zertan dabiltzan jakin ahal izateko, eta beste batzuetan pertsona batek «bere telefonoa kontrolatzeko eskatzen du, nork eta zertarako erabiltzen duen jakin nahi duelako», azaltzen du detektibeak.

Enpresarako lan egiten dutenean ere sortzen dira horrelakoak. Lapurretak, adibidez, aldageletan edo takiletan izaten dira eta bezeroak leku horietan kamerak jartzeko eskatzen du, baina hori ezin liteke egin intimitatea urratzen duelako.

Batzuetan muga horiek ikerketa zaputz dezakete. Zubeldiari gertatu izan zaio jarraitzen ari den pertsona kotxe barruan ikustea bere emazte edo gizona ez den beste lagun batekin, baina «kotxea eremu pribatua da eta hor ezin dugu ezer egin, nahiz eta dena ikusi».

Seme-alaben bikoteen «trapu zikinen» atzetik

Harreman batek aurrera egin ahala, gehienetan pertsona batek bere mutil edo neska-lagunaren familia ezagutzen du eta sarritan elkarrekin bizitzen hasi edo ezkondu aurreko pauso garrantzitsua izaten da. Familiarentzako ere sendian sartuko den lagun berria ezagutzeko abagunea izaten da, baina batzuk ez dira horrekin konformatzen. Gonzalo Zubeldia detektibeak azaldu duenez, ezkontza aurreko txostenak egiteko eskaerak ez dira oso ohikoak, baina jasotzen dituzte, eta normalean familiak eskatzen ditu, ez ikertu nahi den pertsonarekin harremana duenak.

Hainbat arrazoi izaten dira horrelako txostena eskatzeko. Diruaren atzetik ote dabilen edo pertsona hori seme edo alabarentzat komenigarria izango den. «Egun pertsona asko daude bananduta, asko seme-alabak dituztenak, eta beste harreman bat hasteko garaian familiak beldur dira», azaldu du Zubeldiak. Beste batzuetan, sendiak ez du gustuko bere etxekoak aukeratu duen laguna eta ez du harreman hori onartzen. Detektibe pribatuarengana jotzen dute pertsona horren iragana iker dezan, «ea gauza ilunen bat aurkitzen dugun, seme-alaba edo sendikoa iritziz aldarazteko. Trapu zikinen bat topatu nahi dute».

Dena den, txosten horiek ezkondu ondoren ere eskatzen dira. Halakoetan, gurasoek «gauza arraroren bat ikusi dute edo semea edo alaba ez dela zoriontsua uste dute, eta zer gertatzen den jakin nahi dute; senarra edo emaztea beste norbaitekin ote dabilen, eta horrelakoak», detektibearen esanetan.

Arlo honetan «denetarik dago. Kasuen erdietan gauza ilunen bat topatzen dugu, gainerakoetan ezer ez. Baina bizitza bikoitza zuen lagunik ere izan dugu». Harremanetan «errealitatea fikzioa baino harago doa», bere esperientziaren arabera.

(moldatua)

x61pRelaContWAR

Intéressant pour vous



detalle2

Docuthèque

B2
03-09-2001

x61pRelaContWAR

16429912

x61pViewCountWAR

2566

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR