Emakume sentiarazten nauena

Iritzi artikulu laburra. Bertan emakume izaera eta sentimenduari buruzko iruzkina egiten du egileak.

LAURA MINTEGI /

Emakume lehen aldiz sentiarazi izan ninduena, ukazioa izan zen. Pertsona nintzela ukatu zidaten, gizonezkoa ez nintzelako. Ordutik hona askotan sentiarazi izan naute emakume, baina gehienetan izan da zerbait (edo norbait) ez nintzela agerian jarri nahi izan didatelako.

Natacha Michel idazle frantziar lagunari behin baino gehiagotan entzun diot esaten bera hiru egoeratan soilik sentitzen dela emakume: bere seme-alabez erditu izan denean, boutique batera arropa erostera joaten denean eta larrutan jarduten duenean. Beste egoera guztietan ez da emakume sentitzen. Pertsona sentitzen da.

Tamalez ezin izango nuke gauza bera esan. Ni neu gehiagotan sentitu izan naiz (naute) emakume.

Hitza faltatu izan zaidanean, esaterako. Adierazi nahi nuena esateko, hiztegian dauden hitzak ez-nahikoak direla nozitu izan dudanean. Komunikazioa etenda sentitu dudanean ere bai. Zeren, egia bada ere batek nahi ez badu bik ez dutela eztabaidatzen, egia da, baita ere, batek nahi ez duenean bik ez dutela komunikaziorik sortzea lortuko.

Boutique eta arropak, edo konpresen iragarkiak, kosmetikak eta estetika zehatzak ez naute emakume sentiarazten. Bai, ordea, inkonpresio begiradek, norberak egiten duenarekiko misoginia latenteak, lana baloratzeko neurgailu bikoitza erabiltzeak, aukera ezak eta, gainera, aukera egon ez denik enoratzeak. Horrek guztiak ezberdin sentiarazteaz gain, gutxiago sentiaraztea bilatzen du, nahita bilatu ere.

Ezberdintasuna ez baita negatiboa, baizik eta berdina ez dena gutxiago dela pentsatzea.

Emakume sentiarazten nau hitzaren indarrean sinesteak, eta indar hori ekintzen indarpean ito egiten dela konprobatzeak. Emakumea naizela jakin dakit konturatzen naizelako indarrean dauden balio nagusiek ez dutela zerikusirik barnean ditudan balio horiekiko.

Munduak daraman martxaz, ordea, biziraun nahi baldin badu, ez du beste erremediorik izango balore-eskala aldatzea baino, buruaz beste egin nahi ez badu behinik behin. Eta konturatu orduko, aldaketa horren bueltan emakumeekin egingo du topo, ezustean, biziraupen ariketa hutsa eginez.
 


Intéressant pour vous



C1
09-03-2002
16424339
1525