Docutec
Euskarak
Mahi inguru luze bateko atala. Gai orokorra: Kaleko hizkeran hankamotz. Pasarte honi dagokion gai: euskara batua eta hizkera kolokialen transminioari buruzko diagnosia.
(Pasarte Aukeratuak)
Hogeita hamahiru urte joan dira euskara batu zenetik, D ereduan hazi da hainbat haur, jende asko euskaldundu da, baina badirudi gero kalean, maila kolokialean hitz egiterakoan arazoak daudela.
ASIER LARRINAGA:
Hutsune bat dago: hiztunak
daukan hutsunea. Ikastoletan ikasten ari direnek badakite euskara maila
batzuetan erabiltzen, hori irakatsi dietelako, baina gero beste maila batzuetan
ez dakite erabiltzen, ez dietelako irakasten eta etxekoak-eta ez direlako
euskaldunak. Beste esparru batzuetarako behar den hizkuntza inork ez die
irakasten, beraz, hutsunea hor dago, inork ez diela transmititzen.
KOLDO ZUAZO:
Obsesio batzuk izan ditugu.
Obsesio bat izan da euskara batua bera egitea; garbi dago hori hil ala bizikoa
zela eta horri esker bizi dela euskara. Beste obsesio bat euskaldun berrien
kopurua zabaltzea izan da eta euskaldun berri horiek euskalduntzeko hizkuntza
oso oinarrizko bat behar zen. Helburu bi horien artean ibili gara jo eta ke.
Beste batzuetan euskalkiak ere arduratu izan gaitu, ikusi izan dugulako euskara
batua sartu ahala euskalkia galtzen ari zela, baina gero hortik aurrera ez gara
konturatu hizkuntza gauza zabala dela, estandarraz gainera, euskalkiaz gainera,
badirela beste hizkera batzuk. Esate baterako, orain hasi gara gazte hizkeraz
jarduten baina hori ere ez da bakarra, gero lanbideetako hizkerak, argotak,
haur hizkera daude. Azken batean, gure obsesio nagusi horiek hizkuntza gauza
oso zabala dela ezkutatu dute eta, gainera, zabaltasun horri esker egoten
garela eroso. Hemen eskolako hizkera hori daukagu eta batzuek euskalkia. Eta
hortik aurrera ez dugu landu eta zegoena ihartu zaigu. Eta orain, sarritan,
eroso egon ahal izateko, erdarara jo behar dugula konturatzen gara.
KIKE AMONARRIZ:
Euskara batua sortu bitartean,
nahiz eta euskararen egoera linguistikoa zailagoa izan, euskara mantentzen zen
lekuetan, euskararen dentsitatea handiagoa zen, eta gainera euskara mota
bakarra zen. Alegia, euskalkia zen entzuten zena, transmititzen zena eta horrek
bazuen abantaila bat: transmisioa segurtatzen zen eta transmisioan ez zegoen
halako interferentziarik. Une honetan, zabaltzearekin batera, jasotzen den
euskararen dentsitatea txikiagoa da zonalde hiritartuetan, familia erdaldunetan
Haurrak eskolan eta komunikabideetatik jasotzen du euskara, baina erdararen
presentzia oro har euskaldunongan izugarri handitu da. Gaur egun, haur eta
gazte euskaldun gehienak jatorriz erdaldunak dira. Haurrak erdararekin batera
jasotzen du eta gainera euskara mota oso ezberdinak jaso ditzake: irakasleena,
telebistakoa, herriko euskara baldin badago... Eta horrek sortzen dituen eragin
linguistikoen aniztasuna askoz handiagoa da eta neurri batean horrek ere
nahasteak sor ditzake. Hibridazio fenomeno orokortu bat dagoela uste dut;
hedaduraz irabazi duguna, trinkotasunean galdu dugu.
