Docutec
Zain
Munduko gauzarik gorrotagarriena, igande goiz batez autobus baten zain egotea da. Batez ere, arrazoi oso sinple batengatik: ez da autobus bat bakarra ere pasatzen. Egon badaude, baina ez dago jakiterik noiz etorriko diren.
HARKAITZ CANO/
Munduko gauzarik gorrotagarriena, igande goiz batez autobus baten zain egotea da. Batez
ere, arrazoi oso sinple batengatik: ez da autobus bat bakarra ere pasatzen. Egon badaude,
baina ez dago jakiterik noiz etorriko diren. Azken urteotan, markesinatan ordutegiak
jartzen hasi dira, baina jarri orduko norbaitek ezabatu egiten ditu. Ziur aski, autobus
konpainiak berak kontratatzen ditu hooligan batzuk, markesinaz markesina ordutegi guztiak
ezabatu eta autobusa berandu datorrelako inork kexatzerik izan ez dezan. Jonathan Coe
idazleak inork baino hobeto deskribatzen du sentimendu hau: «Igande goiz batez autobus
geltoki bateko markesinaren pean egotea, mezetara joatea bezala da: fede egintza bat,
sinesten saiatzen zaren arren, zure begiekin sekula ikusi ez duzun zerbaiten baieztapen
irrazionala».
Zu iritsi zara inor baino lehen. Animoso, txistuka. Badator autobusa, baina begitazio bat
bezala pasatzen da: zerbitzuz at dago. Agure bat agertzen da. «Denbora asko daramazu
zain?». Dezente, erantzuten diozu. Agurea zain geratzen da. Handik hamabost minutura alde
egiten du, ordea, zuri hiltzaile bat begirada oparitu ondoren —galdera egin dizunean
etorri berria zinela eta izorratzeagatik, konpainia egingo zizun norbait alboan
izateagatik gezurra esan diozula pentsatu du—. Minutuak pasa ahala, fededun gehiago
hurbiltzen dira. Zuk telebista frantsesen programazioa ere goitik behera irakurri duzu
horrez gero egunkarian. Euria hasten du. Horixe bakarrik behar zenuen. Markesinak Gurutze
Gorriaren errefuxiatuendako kanpamendu baten eitea hartu du. Taxi bat hartzen duzu
azkenean. Ez jiratu sekula burua taxi barruan eserita zaudelarik. Orduantxe iristen da
autobusa.
