ARIAN metodoaren irakurgai mailakatuak

Txantxon Zubeldiak, elkar argitaletxeko editoreak, azaldu du ARIAN, euskara ikasteko metodoarekin batera, kaleratutako irakurgai egokituen ezaugarriak zein diren.

Hiru dira, euskara ikasten ari den edonork eskuragarri izan ditzan kaleratutako irakurgaiak. A1 mailatik gorakoentzat dira, irakurmenaren ulermenarekin lotutako lanketa didaktikoa daukate, dagozkien erantzun eta guzti, eta baita hiztegitxo bat ere, testua ulerterrazagoa izan dadin. Audio eta guzti eskaintzen dira. Hona hemen hiruak:

Tangoa noizean behin – Miren Agur Meabe

Malena au pair gisa etorri da Buenos Airesetik Euskal Herriko kostaldeko familia batera, haurrak zaindu eta etxeko lanak egitearen truke euskara ikastera. Familia horretan dagoen denboraldian, hainbat jenderekin harremanak izango ditu, batzuk atseginak eta beste batzuk mingotsak, eta aspaldi-aspaldi Argentinara joan zen birraitonaren baserria ezagutzeko aukera ere izango du.


Otsoa – Josu Lartategi

Otsoa lasai bizi da bere mendi eta zelaietan, elikagaia eskuratu eta familia zainduz. Otsoaren mundura etsai bat heldu da: gizakia. Eta gizakia etsai beldurgarria eta krudela da. Baina zer gertatuko da borroka horretan otsoa ere beldurgarria eta krudela denean? Nor nagusituko ote da?

Borrokalari argitsuak – Miren Agur Meabe

Zenbait emakumeren eta horien lagunen, bikotekideen, senideen… arteko harremanen berri ematen digu Borrokalari argitsuak izeneko liburu honek. Gaur egun, gure inguruko edozein tokitan aurki ditzakegu antzeko bizimodu nekoso eta korapilatsuak. Hala ere, pertsonaia guztiak dira borrokalariak: aurrera egin nahi dute, bakoitzak bere bizitza menderatzeko.


 


Transcription:[+] Transcription:[-]
TXANTXON ZUBELDIA.- Orain dela ia urtebete, iazko irailean, egin genuen Bilbon Arian, euskara ikasteko metodo berriaren aurkezpena eta han iragarri ere iragarri genuen metodo honek, liburuaz, ikaslearen liburuaz gain, eta lan-koadernoaz gain, eta entzunaldiez gain, izango zuela, baita ere, halako liburuxka-kopuru bat, bada, hemen ikasten zena praktikatzeko. Nobelatxoak, idazkiak, bere ariketa eta guzti eta baita hiztegia eta guzti. Eta oraintxe, hementxe dituzue hiru liburu, bi Miren Agurrenak (Tangoa noizean behin eta Borrokalari argitsuak izenekoak) eta Lratategirena bestea, Otsoa liburua. Liburu hauek, lehen esan dudanez, nobelatxoak izanik, badaukate gehigarri bat eta gehigarria da ariketaz beteak daudela, nahiz atalka, bi ataletik behin Miren Agurren kasuan, kapituluka Lartategiren kasuan, eta baita hiztegitxoa ere badaukatela, ez hiztegi soila baizik eta esakunez betetako hiztegitxoa ere bai, bere erantzun eta guzti, ariketak, noski. Hori da pixka bat honen ezaugarria eta metodo hau pixka bat osatzera doana da digitalean salgai ipinitakoa. Digitalean ere metodo hau salgai dago eta ELKARen web gunean sartuz gero, bada bueno, eskuragarri izango luke edonork, edozeinek.
B1
15-06-2012
16361044
01:39
7541