Docutec
Gernika oroituz
Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrenean Xabi Paia bertsolariak oroimenaren inguruko gogoeta egiten du bakarrizketa labur honetan. George Steer kazetariak bonbardaketaren biharamonean Times egunkariarentzat idatzi zuen kronika euskaratua duzu hemen, Berriak egunkariak argitaratuta.
Xabier Paia
Oroimena berez zer da? Oroimena da… Zer zen oroimena? A bai, bai…
Oroimena da ikusi, entzun, ikasi edo sentitu direnak gogoan gordetzeko eta gogoratzeko ahalmena. Gogoa iraganeko oroitzapenen gordelekutzat hartua. Elefanteek handia dute eta arrainek bat ere ez. Eta memoria txakurra balitz, ez litzateke bilatzaile ona, gehiagotan ekartzen baitigu nahi ez ditugun pinaburuak eta adarrak botatako makilaren oihartzunak baino.
Larry Trasck-en hiztegi etimologikoaren arabera, oroitu aditza gaskoitik dator, inon topatu ez den “koreit” hitzetik eta berori latineko colectum hitzetik letorke. Memoriak gizakiak bizitzan zehar gertatu zaizkionen bilduma egiten baitu. Auzo hizkuntzetako memoria, memoire edo memory baliokideek ez dute…?. Hori da hori kasualitatea! Ematen du memoria hitzak ez duela memoriarik.
Oroimena lagun txar bat bezalakoa da: gehien behar duzuenean, orduantxe egiten dizue huts. Diotenez memoria txarra duenak ez du sarritan gezurretan ibili behar. Eta beti egia dioenak ez du zertan memoria ona izan. Oroimena da ahaztu nahi genukeena etengabe gogorarazten diguna. Ahazteko gogoa zenbat eta handiagoa izan, orduan eta letra handiagoekin iltzatzen dugu oroitzapen hori memorian. Zorionez zein zoritxarrez, soilik oroitzen omen gara ikusten dugunaren %30ekin, entzuten dugunaren %20rekin eta irakurtzen dugunaren %10ekin. Baina bizi edo sentitzen dugunaren %60rekin oroitzen omen gara.
Ezbairik gabe bonbardaketa baten %60 gogoratzea 75 urteren ondoren, oroitzapen ezin mingarriagoa izango da. Zauriak ez badira itxi, gerra ez da bukatu. Baina nola ixten dira memoriaren zauriak? Mende baten hiru laurden igarota, argi dago denbora ez dela nahikoa. Non daude betadinezko hitzak? Non merkrominazko barkamen eskeak? Zordunak baino memoria hobea omen du hartzekodunak. Eta Europako Banku Zentralak, Gernikak eta Justiziak berak ondo baino hobeto dakite Espainia aditua dela zor kontu guztietan. Alemanek barkamena eskatu zutenean orain hamabost urte, Gernikako alkateak esan zuen ez zutela nahi inor belauniko barkamen eskean ikusterik nahi. Horra oroimenaren eta arranguraren arteko aldea.
Baina oroimena eta ardoa antzekoak dira gauza batean; luzaro gordetakoak gero eta balio handiago du, baina luzaroegi gordetakoa ozpindu egiten da.
Espainia oroit ezazu Francok agindu zuela duela 75 urteko bonbardaketa ankerra. Herenegun norbaitek militarrei Elgetan maniobrak egitea agindu zien bezala. Oroitu eta eskatu barkamena, oroimena ozpindu baino lehen. Ahazten saiatzea bera oroitzea baita.
