Docutec
Komikiaren historia
Komikiaren historiaren zertzelada batzuk: Snoopy, Asterix, manga, besteak beste.
8. zinta /00.24.03
Esataria. Pertsonaia batzuk euren eurenez irabazia dute XX. mendeko nortasunen edozein zerrendatan agertzeko eskubidea. Hauxe da Snoopyren kasua, txakurtxo filosofoa. Munduaren ikuspegi oso bat, oso kritikoa agertzen duena.
Edo Asterix, galiar matxino txikia, erromar inperialismoaren aurka jo eta ke diharduena. Bere ibileretan bisitatzen dituen herrien umorezko erretratu fina biltzen du. Eta oso ikuskera galiarrez, bere baserritxoa mundu ezagunaren erdigunetzat jartzea ere lortzen digu.
Eta Lucky Luke antiheroia, eszeptizismo- eta desmitifikazio-garaian western-eko topikoen karikatura xelebretzat sortua.
Komikian dena da litekeena. Beldurrezko istorioak ere bai, helduentzat bakarrik, noski. Behin holako munstro maitagarri haiek piztuta, beste berri batzuk sorturik. Beldurrezko istorioek entzute handia lortu dute, aparteko mota berezia sortuz.
Komikiko pertsonaia. (barreak) Bapo, lagunok! Gustatu zaizue osaba Creep-ek bota dizuen kalaka? Ongi! Horrela bada, asmatzerik ere ez daukazue zer datorkizuen gainera. Itzela!
Esataria. Moda eta gizarte-joeren pareko bere bilakaeran, komikiak, beste edozein mediok baino hobeto gainera, jokera (jokaera) marginalak eta eztenkariak islatu ditu. Nihilismoaren, biolentziaren eta drogen hamarkadan pertsonaia inkoherenteak, zoroak eta erasokorrak agertzen dira. Hala eta guztiz ere, nolabaiteko samurtasuna sentitzeko eta sentiarazteko gauza direnak.
Gaur egungo Japonian, teknologia inperioaren ondoan, beste berau bezain inperio loretsu bat garatu da, edozein mendebal argitarazlek amets egingo lukeena: mangaren inperioa da berau. Hitz magiko horrek japonieraz “komikia” esan nahi duelarik.
Japoniar irakurle gogotsuek egunean milioika manga irensten dituzte. Batzuek badute 400 orrialdeetaraino ere, bineta txiki-txikiz bete-beteak. Tradizioa eta modernotasuna eskuz esku doaz hemen, japoniar gizarte berri osoan bezalaxe. Begi zolidun erraldoiak begirada biribileko abentura amaigabeak eskaintzen dizkigu.
Goi teknologiak gero eta menderago daukan munduan fikzio-zientziak eraginik handieneko gaietarikoa izaten jarraitzen du. Fikzio-zientziaren beroan eta irudimen eta talentuaren jarioz, azken hamarkadotan komikiaren historiako sekuentziarik izugarrien ederrenetarikoak marraztu izan dira.
Erabateko askatasunez, Moebius bezalako sortzaile argiek mundu harrigarriro korapilotsuak sortu dituzte. Bertan gaurko zientzia eta antzinako mitologiak egundoko maisulanak sortzeko elkartzen direlarik.
Zinemak eta komikiak, bateratsu jaio ziren bi arteek, sarritan trukatu dituzte elkarrekin argumentuak eta pertsonaiak. Euretariko batzuetan egindako bertsioen kalitateari esker, berdin dio zein izan zen lehenengoa: papera ala zeluloidea.
Milurte berriaren atarian arte handiak direlakoak itsumustuka dabiltzan bitartean zerbait berria nondik eskainiko, senide sasi-kumea egundoko trebetasunez berritzen ari zaigu: diseinua, moda eta pintura bereganatzen ditu. Gaztetzen eta gaztetzen ari da egile berrien proposamen ausartez.
Mende bateko historiaren ondoren, komikiak bere berezko merituz irabazi du bederatzigarren artearen izena. Eta oraindik sinesten ez badiguzue, aurrera eta ikusi. Datozen asteetan komikiaren historia kontatuko dizuegu.
