Joseba Sarrionandia: Ortografia zuzenez idazten dira tontakeria gehienak

Idazle miretsia da eta hamaika jarraitzaile du. Sarrionandiaren arabera,ortografia zuzenez eta hizkuntza estandarrez idazten dira tontakeria gehienak. gainera, ez du uste literatura derrigorrez hizkuntza normalizatzeko denik.

MIEL A. ELUSTONDO /

 Idazle miretsia da eta hamaika jarraitzaile du. Hori du lagun. Ordea, eskas ditu gainerako idazleek dituzten aukerak. Liburuak idatziagatik, ezin haien ondoan agertu, aurkezpenak egin, idatzitakoak ohi dakartzan ilunak argitu, gogoeta egiten irakurleari lagundu... Haren baitarik sorturiko liburu ederrak umezurtz dira jaio orduko, egur-ohol itsaso gainean, ur-azalean kulunkan, irakurle naufragoaren eskumenean.

 Sasoi batean muturrekoagoa zenuen hizkuntza planteamendua. Estandarragoa da zure euskara Lagun izoztua-z gero.

Oraindik ez dut ulertzen zergatik den hain larria v doan lekuan b idaztea, eskolan irakasten zitzaigunez, zigor eta guzti, eta ortografiaren arauak betetzen ez badira hizkuntza dejeneratuko dela, eta ezin izango dugula batak bestea ulertu, dena kaotikoa bihurtuko litzatekeela eta halako mehatxuekin. Eta hitzak nondik datozen edo nora doazen ikasi beharrean, hitzei buruz pentsatzen ikasi beharrean, obeditzen baizik ez genuen ikasten. Horrela irteten da eskoletatik jende hain zuzen eta koadratua, gosariarekin irakurtzen duen egunkariaren orrialdeetan okerrik antzematen ez duena, ortografiako akatsen bat topatzen ez duen artean.

Ez dakit zergatik idatzi behar den erbestea h gabe. H-rekin idaztea baino arbitrarietate handiagoa iruditzen zait, h gabe idaztea bezala. Baina nik hogei urtetik gora daramat euskaldunengandik aparte, Euskal Herrian hizkuntza oraindik normalizatu gabe dagoela esan didate, eta literatura alfabetizazio modu bat dela eta umiltasunez ametitu dut ortografiaren mainstream hori.

Lagun batzuek esaten zidaten ondo idazten nuela baina ez nituela ortografiaren legeak betetzen. Jadanik ez dut ortografia akatsik egingo, arauen korrontea jarraituko dut, baina ez dakit horregatik hobeto idatziko dudan, bestelako okerrak horrela hobeto antzemango ditudan. Ortografia gutxienekoa da, baina ez zaizkit gustatzen botere bihurtzen diren arauak, lege unibertsalak balira bezala inposatzen direnak obedituak izateko, oso obedituak izateko. Ortografiaren arauak gutxienekoa da, baina halako mila konstituzio obeditu behar dituzu gero, baztertua ez izateko.

Hala ere, ortografia akatsik gabe, gramatikalki eta hizkuntza estandarrean idazten dira tontakeria gehienak. Gainera, ez dut uste literatura derrigorrez hizkuntza normalizatzeko denik; literatura hizkuntzaren bestelako posibilitateak azaltzeko bidea ere izan behar da.

Durangon argitaratu zen liburua. Atxagaren liburuarekin lehian jarri zuten saltzaileek, alegia, nork salduko gehiago... Zer iruditzen zaizu amarrua?

Ez zait gustatzen merkatuaren funtzionatzeko era. Bernardoren liburua urteetako nobela bat da, eta Kolosala... ipuin bat. Produktu bihurtzen dira eta merkatuaren espektakuluarekin nahasten dira eta merkatuaren espektakulua oso injustua da beti. Bernardo horren gainetik dago, baina azokaren arrapalada horretan liburu asko isilpean geratzen dela pentsatzen dut, gazteenak eta prentsan gutxi azaltzen direnenak batez ere.

Inkisizioa Erregimen Zaharreko gauza dela pentsatzen da, baina merkatuak eta komunikabideek, apropos edo oharkabean


C1
17-05-2004
16339566
2741