Docutec
Miren Urkiola, harri-jasotzailea
Mutilen kirola omen da harri-jasotzea, eta izarrena futbola. Miren ez da gizona, baina kirol bietan dabil izarren pare.
1 Harria jasotzen ez da emakume askorik ikusten plazetan. Nola bururatu zitzaizun harri-jasotzailea izan nahi zenuela? Zerk bultzatu zintuen erabaki hori hartzera? (Izaskun).
Zelai harri-jasotzailea auzokoa dut, eta indartsu ikusten ninduen. Probatzeko aukera eman zidan, eta behin, berak harriarekin entrenatu ohi duen lekura joan nintzen: hala hasi nintzen.
2 Gogorra al da neska eta harri-jasotzailea izatea? Onartu egiten zaituzte, edo tokatu zaizu komentario baztertzaileak entzutea? (Koxme).
Normalean gehienek bularra zapalduko zaidala esaten didate. Badaude neskentzako kirola ez dela uste duten baten batzuk ere. Batez ere, adin batetik gorako gizonek esaten dituzte halakoak.
3 Zure bizitzan zer dira astunagoak: harriak ala mutilak? (Iñigo).
Zertarako den. Jasotzeko, harriak!
4 Jendeak zer jarrera izaten du harri-jasotzailea zarela esaten duzunean? (Matxinbarrena).
Jakin-mina izaten dute. Galdezka hasten dira: ea zelan dabilen neska bat horrelako kirol batean, zenbat kilo jasotzeko gai naizen...
5 Zer egingo zenuke 300 kiloko harria aurrean izanez gero, jaso agian? (Aupa).
Aurrean ikusiz gero, lehenengo-lehenengo, gainean eseri. 300 kilo asko dira, eta hori altxatzeko gizon asko ere ez dira gai; ni gutxiago.
6 Entrenamendu gogorrak egiten dituzu gero harria ondo jasotzeko? Edo parrandak izaten dira gogorragoak? (Matxinbarrena).
Normalean ostegunetan izaten dut entrenamendua. Luzaketak egin, eta astiro-astiro harri batekin berotze ariketak egiten ditut, eta gero beste harri batekin altxaldi batzuk. Ez dira izaten oso entrenamendu luzeak. Harri-jasotzaileon entrenamenduak ez dira izaten hain gogorrak; erakustaldiak askoz ere gogorragoak dira. Noiz edo noiz parranda gogorren bat ere tokatzen da...
7 Harria jasotzeaz gain, futbolean ere jokatzen duzu. Bateragarriak dira kirol biak? (Eibartarra).
Kirol biak oso ezberdinak dira, baina bietan nabil gustura. Futbolean umetatik jokatzen dut. Harriarekin geroago hasi nintzen, baina gustura jarraitzen dut. Inoiz tokatu zait harria jasotzeko erakustaldia eta futbol partida batera izatea, baina futboleko entrenatzaileak eta biok ondo ulertzen dugu elkar. Orain arte, beraz, arazorik gabe moldatu.
8 Futbola edo harria aukeratu behar izango bazenu? (Matxinbarrena).
Harriak diru askorik ez, baina zer edo zer ematen dit. Futbolak ez. Hala ere, alde ekonomikoa kenduta, ezingo nuke aukeratu bien artean. Ahal dudan arte, biei eutsiko diet.
9 Harri-jasotzetik bizi ahal izango zarela uste duzu neska izanda? (Matxin).
Ez, eta mutila izanda ere ez. Herri kirolek oro har ez dute diru askorik ematen, baina, beno, ematen duenak balio digu zerbaitetarako. Dagoena aprobetxatu behar da.
