Docutec
Oroitzapena berreskuratze bidean
36ko gerraren 70. urteurrena hurbiltzen ari den honetan, egin daitekeen omenaldirik onena zera delakoan nago: belaunaldi berriei frankismoaren basakeriaren berri eman. Oroitzapena, Justizia, Ohorea eskatzen dute gure sendiek.
Badirudi, senitartekoren bat kentzeaz gain, haien oroitzapena ere lapurtu zitzaigunoi itxaropen bidea ireki zaigula azken hilabeteotan.
Izan ere, 1936ko kolpe militarraren ondorioz desagertutako eta fusilatutakoen oroitzapena berreskuratzen laguntzen duten testigantza eta erreportajeak eskaintzen ari baitira zenbait komunikabide.
Matxinoen sarrerak aldaketa bortitza bezain latza suposatu zuen Euskal Herriarentzat. Krudela izan zen errepresioa: euskalduna izatea, solidarioa izatea, errepublikarra, sozialista, abertzalea edota komunista izatea tragedia handia bilakatu zen. Iraila eta urria arteko gau ilunek banakako edo taldekako fusilamenduak ezkutatu zituzten Ondarretako hondarrean, Antiguako lokatz eta uretan, Polloeko hilerriaren alboan, Hernaniko hilerriaren sarreran... Guardia zibilek, militarrek edota falangistek herri honetako seme-alaben biziak bukatzen zituzten.
Baina gaia ez dago ika-miketatik libre, gai honek eskatzen duen moduan, adostasuna nagusi izan beharrean, eztabaida iturri da eta.
Denbora gehiegi
Batzuen ustez, denbora handiegia pasa da berriro hautsak harrotzen hasteko. Hori uste dutenei zera esango diet: hitz egin dezatela Euskal Herrian dauden hainbat fusilaturen senitartekoekin, gerra eta gerraoste gogor hura jasan behar izan zutenek gogoratzean eta kontatzean begiak malkotan dituztela ikusteko.
Trantsizioko gobernuei zegokien lan hori egitea, beste hainbat estatutan egindako moduan. Baina garai hartako indar politikoek akordioa sinatu zuten, elkarkidetzaren izenean, gaia ahaztu eta auzian erantzukizunak zituzten eta, oraindik ere, goi mailako ardurak mantentzen dituzten hainbat politikariri kargurik ez eskatzeko.
Ezin dira ahaztu askok eta askok pairatutako ondorio psikologikoak: espoliazioa eta eskasia ekonomikoak; eguneroko izua, ilea moztu eta kalean ikusgai zirelako; diktaduraren komunikabide eta instantzia ofizialek eta elizak isuritako irain eta bidegabekeriak. Eta, azken batean, aipatutako entitateen menpe jarraitzeko, gainera.
Euskal kulturak eta euskarak jasandako erasoa, gizarte bazterketa eta erabateko babes falta.
Bazterketa
Gogo bizian dut amak eta izebak kontatzen zidatena. Dolua eramateagatik nola aurre egin behar izan zieten lantegietan falangisten eta margariten irain eta harrokeriei.
Bai, horrela da. Fusilatuen senitartekoek lantegietan jasandako bazterketa oso gogorra izan zen. 40 urtez izan zuten izuz josia barrena. «Ezin genuen hitz egin, odolean generaman ikara».
Gaur egun, oraindik ere, senitarteko askok ez dakigu non ditugun ehortziak gure senideak. Alta, ez dut uste gauza bera esango dutenik garaileen senitartekoek, zenbait hilerritan baitute hartua euren lekua.
Duela 19 urte joan nintzen ama eta izebarekin, 1936an fusilatutako eta gure senideen oroimenez eginiko ekitaldi batera, Hernanira. Bertan Gipuzkoako zenbait herritako senitartekoak ezagutzeko aukera izan genuen.
Ekitaldia amaitu ondoren, hilerrira joan ginen. Nahiz eta 50 urte pasa ondoren bildu ginen gehienok ez jakin han ote zeuden ere gure senideak, elkarrekin harreman estuan jarraitu dugu, bai informazioa biltzeko, bai instituzio, lantegi eta herrietako jende heldua kontsultatzeko... Baina, hala ere, oso gutxik lortu dute senideak non diren jakitea.
Dena den, azkenera arte jarraituko dugu gure bilaketa. Horixe eskatu zidaten amak eta izebak hil aurretik, gure senide maiteak non ditugun jakin nahi dugu eta.
Behin betiko aintzat hartu 2002. urtean, Eusko Jaurlaritzak 36ko gerran desagertutako edota fusilatutako ehunka euskaldunen oroitzapena berreskuratzeko batzorde bat jarri zuen abian, eta ondoren Aranzadi Ikertzaile Elkarteari ikertze lanak eskatu zizkion.
Orain, berriz, Hernani 1936-2006 izeneko egitarauaren baitan ikerlan bat jarri da abian; bertan, Hernaniko Udalak, Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak hartuko dute parte.
Gure sendiaren kasuan, On Gervasio Albisu Bidaur apaizarekin fusilatutako Esteban Insausti Zuzuarregi gure senidearen auziari dagokionez, orain arte bildutako datuak eta sendiak bizi izandakoak historialarien eskutan jarri ditut.
Horrela ziurtatu ahal izan dut On Gervasio 1936ko urriaren 9an fusilatu zutela Hernanin, baina ez dago Estebani buruzko agiririk. Historialariek diotenez, fusilatu askori ez zitzaien epaiketarik egin eta horregatik ez omen dago agiririk.
Begirada gaiztoak jasan zituzten haiekiko, bizilagunek gorrien familiakoak izateagatik mespretxatu zituzten haiekiko zor handia dugulakoan nago.
Gure oroimeneko hutsunean egon diren protagonistak behin betiko aintzat hartzea behar-beharrezkoa dugu. Aintzat hartu behar ditugu ezkutuan bizi behar izan dutenak, zirenak izateagatik eta onartzeagatik seinalatuak eta baztertuak izan zirenak.
Bada garaia gizarte honek zer egin duen aztertzeko, eta nola kontatu duen onartzeko.
Bada garaia beldurrik gabe hitz egiteko, eta, Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpoko hainbat parajetan, gau isila lekuko bakarra izanik gertatu zena kontatzeko.
Lehenik frankismoak isilarazi zituen 36ko gerran alde nazionalak egindako ankerkeriak, eta ondoren demokraziak estali zituen frankismoak eginikoak. Giza zintzotasunaren alde, giza duintasunaren alde, askatasunaren alde lan eta borroka egin zuten milaka lagunen oroitzapena lurperatu zuten.
Asko argitzeko
Hori guztia dela eta, eta 36ko gerraren 70. urteurrena hurbiltzen ari den honetan, egin daitekeen omenaldirik onena zera delakoan nago: belaunaldi berriei frankismoaren basakeriaren berri eman.
Gehiago sakondu daiteke, herriz herri fusilatutakoen zerrendak osa daitezke, zergatik salatu zituzten, zergatik fusilatu zituzten...
Adibidez, oraindik ere asko dago argitzeko fusilatuak izan ziren lekuen inguruan: Hernanin, Oiartzunen, ehunka gipuzkoar fusilatutako herrietan, Ondarretako espetxean, hantxe uzten baitzituzten presoak aske, ondoren hiltzeko.
Horregatik, gutxienez historiarekin justizia egitea eskatzen dut.
Batzuek ahazten badituzte ere, besteok, justizia eta askatasuna defendatzeagatik fusilatu, torturatu, isilpean gorde, espetxeratu eta kanporatu zituztenen oroitzapena berreskuratzen jardungo dugu.
Ez mugarik, ez debekurik, ez arrazoi traketsik duen haize askatzaileak oroitzapenaren hazia zabaltzen jarraituko du leku orotatik, egunen batean lurrak hitza hartu eta ziega zein errepide-zuloetan ikusirikoa kontatzeko eta oroitzapena argi bihurtzeko.
Askatasuna, Justizia, Demokrazia aldarrikatu zuten hiltzaileek. Oroitzapena, Justizia, Ohorea eskatzen dute gure sendiek.
