Docutec
Aita Santua aukeratzeko sistema ez omen da egokia
Aita Santua mundu osoko katolikoen botoen bidez aukeratuko balitz, europarra ez den batek aukera gehiago izango lituzke kargu hori betetzeko. Gai horri buruzko hausnarketa egin du Jesús Torquemadak Euskadi Irratiko Faktoria saioan.
Aita Santuaren aukeraketa mundu osoko katolikoen arteko bozketa bidez egingo balitz, Afrika edo Latinoamerikako kardinal batek askoz aukera gehiago izango lituzke kargu hori betetzeko. Mundu osoan dauden 1.200 milioi katolikoetatik gehiengoa ez dago jada, duela mende bat bezala, Europan edo Ipar Amerikan, orain gehiengoa Afrikan eta Hego Amerikan dago. Gainera, soilik bi kontinente horietan ari da hazten katolikoen kopurua, beste bietan bere horretan dago edo atzera ari da egiten.
Katolikoen munduan ematen ari den aldaketa sakona ez dute aintzat hartu aurreko aita santuek kardinalak izendatzeko orduan. Egia da geroz eta Latinoamerikako edo Afrikako kardinal gehiago dagoela, baina oraindik ere aldea nabarmena da. Ipar Amerikak Afrikak baino kardinal gehiago ditu; Europak, berriz, gainerako guztiak batuta baino gehiago. Eta ja zentzurik ez duena da Italiak berak bakarrik 28 kardinal izatea Latinoamerika osoak baino 8 gehiago. Egoera honetan europarra ez den Aita Santu bat izendatzea oso zaila da. Egindako azken bi konklabeetan ja esan zen brasildar bat edo afrikar bat aukeratzeko garaia zela, baina, azkenean, kardinalek berriro ere europar baten alde egin zuten. Hala ere, onartu behar da iraultza txiki bat egin zutela italiarrak ez ziren bi aukeratuz: Juan Pablo II.a eta Benedikto XVI.a, baina ez ziren hortik haratago joan.
Orain berriro diote aldaketa sakon bat egiteko ordua heldu dela. Ea azkenean zer esaten duen tximiniatik ateratzen den keak.
