Docutec
Izenak laburtzeko dugun ohitura
Gure artean oso zabalduta dago izenak laburtzeko ohitura. Bi silabatan uzten ditugu hitz asko eta asko, eta laburtzeko joera horri jarraituz, badira silaba bakarrekoak ere, esaterako, Fer (Fernando edo Fermin).
Gai horri buruz hitz egin dute Euskadi Irratiko Faktoria saioan Karlos Cid eta Xabier Amurizarekin.
Irratsaioa osorik entzun nahi baduzu, klik egin hemen.
ESATARIA. Beno, euskal izenei buruzko lan bat ari da prestatzen Karlos, hain juxtu, izenak laburtzeko dugun joera ari zara aztertzen. Esate baterako, ba, Ainara, Aini.; Ainhoa, Aino.; Aitziber, Aitzi.; Arantzazu, Aran.; Elixabete, Eli.; Errukiñe, Erru…
KARLOS CID. Bai. Asko, asko. Ehunka dira; uste nuen gutxiago zirela ikerketa egiten hasi nintzenean, baina denborak aurrera egin ahala eta jendearekin hitz eginda konturatzen naiz ehunka edo milaka daudela, hola, euskal izenak laburtuak, ezta?, laburtutako formak. Baina hori hizkuntza gehienetan gertatzen da ekonomia linguistikoa dela eta, ezta?
ESATARIA. Bai?
KARLOS. Zenbat eta laburragoa izan hobe, azkarrago hitz egiten dugu.
KARLOS. Orduan konturatu nintzen Euskal Herrian bazegoela horrelako joera berezi bat, ba erregistroan eduki izen bat, ofiziala…
ESATARIA. Bai?
KARLOS. … eta sekula ez erabiltzea hori zure bizitzan zehar, ezta? Eta kuriosoa da, eta horregatik hortik atera dudan ondorioa, behar bada, xumea eta hutsala izango da, baina gurasoek ondo pentsatu behar dutela hautatutako, pentsatutako izena, baina izena ez ezik izen horretatik sortuko diren izen laburtuak ere, seguruenik semeak edo alabak sekula ez du izango kalean edo lagun artean izen ofizial hori eramango.
ESATARIA. Gainera, laburdurak desitxuratu dezake berezko izena, izen ofiziala…
KARLOS. Horregatik, izen eder bat bihurtu daiteke izen zatar bat. Orduan kontuz ibili beharra dago, hori dena hartu behar da kontuan erabaki inportante-inportante hori hartzerakoan.
XABIER. Bai lehen ere, baina ñabardura ezberdinekin, kanpoan eta kalean eta etxean. Hau etxeko edo konfiantzazko giroan esaten zen. Adibidez, ba niri, Jabier, edo Jabi. Pixka bat kolokiala, eta kariñosoa eta etxekoa, eta hola da. Baina distantzia batera inork ez dizu Jabi esaten. Horrek konfiantza bat edo hurbiltasun bat esan nahi du. Umetatik, txikitatik entzun izan ditut nik, noski.
KARLOS. Dena den, joera aldatzen ari da, Xabier, eta zuk esaten duzuna behar bada garai batean gertatuko zen, baina izen laburtu hauek eta apokope hauek gero eta gehiago ari dira sartzen gizartean, izen ofizialen ordez.
ESATARIA. Bai.
KARLOS. Eta adibidez, gogoratzen dut irakurri nuela aspaldi Enrike Knör-en artikulu bat, eta bera amorratuta zebilen ETBko kredituetan, agertzen zirelako Txema, Manu, eta horrelako izenak. Gorroto zituen holako lekuetan, hola, kredituetan agertu behar zutela, izen ofizialek, ez besterik.
Euskaltzaindiaren aldetik egon da halako erresistentzia bat izen horiek onartzeko, baina erresistentzia hori ahultzen ari da denborarekin, eta lehen debekatuta zegoena gutxi gorabehera, eta poliki-poliki onartzen ari dira. Hor badago euskal izendegi bat, eta erregistroetan, ba Biblia bezala bete egin behar zen, baina gero eta izen laburtu gehiago ari dira proposatzen gurasoak eta, eta erregistroetan batzuetan esaten dute ezetz, hori ezinezkoa dela, baina beste batzuetan baietz. Azken finean, zer da Koldo? Koldo Koldobikaren apokope bat da, eta orain onartu da izen ofizial bezala. Koldorekin gertatu dena gerta daiteke orain edozerekin, ezta?
ESATARIA. Ja.
KARLOS. Gogoan dut Azpeitian orain dela urte batzuk gertatu zela guraso batzuek enpeinatuta zeudela alabari deitu nahi ziotela Kattalin, bi t-rekin, eta erregistroko gizonak ezetz. Eta egin zutena izan zen beste erregistro batera joan; hor arazorik ez, eta Kattalin, alaba daukate, ofizialki gainera, 2 t-rekin, ezta? Erregistro batetik bestera badaude aldeak.
ESATARIA. Arautu egin beharko litzateke hau guztia? Edo iruditzen zaizu libre utzi beharko litzatekeela, Xabier?
XABIER. Nik askatasun pixka bat ez nuke gaizki utziko. Orain erregistratzen denean, ba, burugogor jarri beharrean, ba, Katalin edo Kattalin, bi formak onartzea bertan; edo ez dakit, parentesi moduan, edo Kattalin printzipal bezala, edo Katalin… ez dakit. Baina hor burugogor jarrita ez dugu ezer. Gero beste kontu bat da bakoitzak bere izena nola erabili nahi duen. Baina batek, adibidez, Gari kantariak bere izen ofizialtzak Gari bezala erabiltzen badu, orduan ez dauka zentzurik guk Garikoitz erabiltzea. Nik, adibidez, nik ez dut erabiltzen Xabi izen ofizialtzat; erabiliko banu neuk ere, ba, orduan ez dakit, diferentziak daude hor. Edo oso laburrak direnean, edo oso etxekoak, ba, Fermini ere nik ba entzuten dut Fermin bati ba Fer esaten, baina ez du berak Fer sinatuko eta agertuko inon. Orduan, izenetan gorabehera handia dago. Orduan, subjektuak berak onartzen duenean, ba, berak hori egiten duenean burugogorkeria litzateke ez uztea gizonak izena nahi duenaren arabera erabiltzea. Baina, koño, araudi minimo bat beharko litzateke, baina zabala, askatasun handikoa.
ESATARIA. Gero, hemen, entzule batek esaten digu baita ere, watsapp-ean, joera hori, laburtzekoa, deituretara ere pasatzen ari dela. Adibidez, Arreitunandia deiturakoei Arreitu deitzen dietela.
XABIER. Bai. Bai. Hori noski, eta batez ere, bikoitzak direnean. Ba, ez dakit, Gabikagogeaskoa, ba ez dakit, mundu guztiak Gabika, eta horrelakoak.
KARLOS. Ezberdintasuna da hor bai debekatuta dagoela eta ezinezkoa dela abizenekin lortzea halako ofizialitate bat, ezta? Laburtuko dira kalean, senitarteen artean eta lagunartean, baina gero hori ezin da ailegatu nortasun-agirira. Hori da ezberdintasuna, izenekin ari dela halako iraultza ezkutu, ezkutuko bat gertatzen izenekin. Gero eta laburragoak. Orain arte topatu ditudan laburrenak izan dira bi; ez dakit jendeak topatuko dituen laburragoak.
ESATARIA. Bai?
KARLOS. Koldo, Ko., Ko bakarrik…
ESATARIA. Ko bakarrik? Ka, O…
KARLOS. Bidali dit lagun bate KARLOS. Bai.
ESATARIA. Bai?
KARLOS. Eta Jone, Jo.
ESATARIA. Jo.
KARLOS. Hori baino laburragorik ezin da, ezta?
ESATARIA. Ez bakarrik izenetan. Gaztetxoek Donostiari Donos esaten diote.
KARLOS. A, bai? Leku-izenekin ere egiten da hori, Donos?
ESATARIA. Donos…
KARLOS. Hor ikusi dudana da joera bi silabakoak silaba bakarreko bihurtzea. Zaila edo ez da oso ohikoa; gertatzen dena da askotan igual pixka bat laburtu alde batetik, eta luzatu bestetik, adibidez, Ramon jarri, Montxo, edo Fermin, Mintxo…
ESATARIA. Mintxo.
KARLOS. Hau da hasieratik kendu silaba bat, baina gero jarri txikigarria bukaeran, eta azkenean bi silabakoek segitzen dute bi silabako izaten, ezta?
ESATARIA. Ja.
