detalle dokuteka-generico-fitxa

Eulia buruz behera, ekaitza

Metereologoen jardunaldi batzuetan esandakoak dakartza kronika labur honek. Besteak beste, metereologorik ez zegoen garaiko "metereologoen" jakinduria azaltzen du.

Klimatologia eta Meteorologia Fundazioak I. Jardunaldiak egin ditu DonostianOkilaren kantua, euri egarria. Eulia pareta gainean buruz behera jarrita, beroak ekaitzetan lehertuko du. Zizarea tokiz kanpo, eguraldi txarra. Lur, itsaso eta zeruek inguruan barreiatuta uzten dituzten ehunka aztarnak jaso, eta, guztiak elkartuta, eguraldiaren mapa osatzen zuten antzinako herritarrik azkarrenek.Eguraldiaren mundu misteriotsuan etengabean aztarrika eginez, herri jakituria eta zientzia uztartzen saiatzen da Euskal Herriko Klimatologia eta Meteorologia (EHKME) Fundazioa, atzo Donostian ospatutako I. Jardunaldien aurkezpenean Jon Albisuk jakinarazi zuenez. Albisuz gain, Pello Zabala, Iñaki Antigüedad eta Kepa San Martin izan ziren egunean zehar hizlari. Herri jakituriak eguraldi fenomenoen kutxan gordetzen dituen altxorren berri Zabalak eman zuen. «Gaur bizi garen gurpil honetan, komunikabideen bidez daukagu eguraldiaren berri. Eta ilargiari ez diogu erreparatzen. Baina lehen, baserrietan, ez zuten notiziarik», ekarri zuen gogora. Albisterik ez, baina guk galdu dugun naturarekiko atxikimendua ez zitzaien falta belaunaldi zaharrei eta hauen arbasoei. Ikusi eta ukitzen zutena zeukaten. Zuhaitzak, abereak, hotsak. Lur, itsaso eta zeruek ingurunean barreiatuta uzten dituzten ehunka aztarnak jaso, eta, guztiak elkartuta, hurrengo egunerako edo hurrengo urtarorako beren eguraldiaren mapa osatzen zekiten antzinako herritarrik azkarrenek. Oilarraren kantua izan zitekeen aztarna horietako bat: hiru aldiz abestu ohi du arruntean. Bospasei bider egiten zuen egunean, eguraldi txarra zetorrela bazekien baserritarrak. Azienden txintxarriak asko entzuten bazituen, eguraldi txarraren seinale zeukan, animaliak urduri zeudela adierazten baitzion horrek. «Gaur txisteak egiten dira gai honekin. Bada burometro de intemperie deitzen dutena, esaterako. 'Si al burro se le mueve el rabo, viento; si se le mueve mucho, huracán; si se le cae, terremoto; si lo tiene mojado, lluvia...'. Txisteak egiten dira orain, baina, lehen, gorputzaren zentzumenei erreparatzen zitzaien eguraldia antzemateko», esan zuen Zabalak. Eta, bide hori erabilita, baserritarrak leihotik begiratu ere egin gabe jakin zezakeen zein haize zebilen egun sortu berrian. Haren hotsa zein zen eta nondik zetorren entzunez. Hodeien abiadura, forma eta altuerari so egiteak ere datu baliagarri asko eskaintzen zizkion. Eta, «txoriak goiz-goizetik kantua bazuen, ez zen batere txarra». Hontzak orduz kanpo ulu egiten zuela? Eguraldi aldaketa. Zizareak tokiz kanpo zebiltzala? Txarra. Okilaren kantua? Euri egarria. «Sozio asko zeuzkan laborariak eguraldiaren berri jakiteko». Idien uztarriaren soka lotzean zituen zailtasun edo erraztasunak ere eguraldiaren berri ematen zion, esaterako. «Eguzkiaren kolorea ere goizetik zaindu behar zuen. Zeruertz guztia behar da ona, eguraldi ona jarraitzeko». Antzinako meteorologia mapetan euliak ere bazuen bere lekua. «Amonarengandik ikasi nuen. Paretan euliak zuen postura ikusita, trumoia bazetorrela esan zuen behin. Zapoaren antzera zeuzkan hankak jarrita euli hark, eta eguzkia garbi zegoen. Baina handik gutxira ekaitza etorri zen. Eulia buruz behera jarrita dagoenean ere, beroak ekaitzetan lehertzen du», esan zuen Arantzazuko fraide eta meteorologoak.

Eguraldiak zer zekarren asmatzeko saio horretan, zentzumenekin batera esaera zaharrei erreparatzen zien antzinako biztanleak. «Esaera zaharrak meteorologiaren doktrina izan dira. Eguraldiari buruz hitz egiten duten 210 zenbatu ditut nik», esan zuen Zabalak. Andra Mari Martiko, San Markos, San Pedro, Santio eta Santa Anari eskainitakoak horietako asko. Tamalez, esaera zaharrek ez dute, antza, tenporekin asmatu. «Euskaldunak urte eta sasoi asko egin zituen tenporak jarraitu ezinik, datak nahastu zituelako. Esaera zaharrak dio, esaterako, San Juan aurreko astean direla tenporak. Eta ez da beti hala. Horregatik, tenporek balioa galduta zeukaten. Egunak zehazten hasi nintzenean, gaizki hartu zidaten batzuek», aipatu zuen Zabalak.

x61pRelaContWAR

Intéressant pour vous



detalle2

Docuthèque

B2
31-05-2002

x61pRelaContWAR

16284061

x61pViewCountWAR

8282

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR