Beti izaten da erroreren bat

Neurketak egitean inoiz ez da zenbaki zehatz bat lortzen. Beti falta izaten da zehaztasuna, maila batean edo bestean. Horrek ez du esan nahi neurketa gaizki egin denik, baina bai metodoak berak errorea duela.

Zenbat neurtzen du nire lankiderik altuenak? Berak esaten du ez dela bi metrora iristen. Bai, baina zenbat? "Bat eta laurogeita hamar pasatxo, ia bi metro". Bai, baina, zehazki, zenbat?" Bi metrora iristeko hiru zentimetro falta zaizkit".

Egia esan, lagunarteko elkarrizketa batean, nahikoa da zehaztasun hori; 1,97 metro zer den argi dago, eta ez lioke ezer erantsiko milimetro-kopurua jakiteak. Baina, agian, nire lankideak esperimentu biologiko batean parte hartuko balu, eta haren altuera neurtu beharko balute, ez litzateke harritzekoa izango milimetrotako zehaztasuna ezinbestekoa izatea.

Neurketetarako irizpide zientifikoak oso zorrotzak dira. Adibidez, ez dira berdinak 1,97 zenbakia, 1,970 eta 1,9700. Ustez, azken hamartarraren atzean zeroak gehitzeak ez du aldaketarik eragiten. Zientzian, ordea, asko aldatzen da.

Demagun lankidea neurtzen dutela, eta, emaitzen txostenean, 1,970 metro idazten dutela biologoek. Zer esan nahi du horrek? Horrek esan nahi du metro bat, laurogeita hamazazpi zentimetro eta zero milimetro neurtzen duela. Ez milimetro bat edo bi. Ez. Zero milimetro bat laurogeita hamazazpitik gora. Eta txostenean 1,97 metro idatziko balute, adieraziko lukete milimetroen kopurua ez dutela neurtu. Ez dakitela, eta, seguru asko, ez dutela jakin nahi.

Neurgailuaren mende

Pertsona baten altuera neurtzea erraza da, baina beste hainbat neurketa egiteak arazo asko izan ditzake. Noski, arazoa zehaztasun-mailaren araberakoa da; neurri bakoitzarentzat ezberdina da maila hori. Zenbat metro ditu Everestek? Zenbat milibarreko presio atmosferikoa dago orain eta hemen? Zenbat tona pisatzen du elefanteak? Zenbat milaka gradutan urtzen da titanioa? Zenbat segundo-ehunenetan egin zituen Marion Jones atletak ehun metro azken lasterketan?

Everesten adibidea esanguratsua da. Altuera metrotan neurtzeko teknikak badaude, baina zehatzenak ez daude denon esku. Satelite batetik laser bidez, adibidez, zehaztasun handiz neur daiteke, baina edozeinek ez du beharrezko teknologia izaten horretarako. Triangelaketa errazagoa da, baina metodo horrek ez du metrotako zehaztasuna ematen. Nahiz eta neurketa kontu handiz egin, emaitza ez da inoiz zehatza izaten, metodoak berezko errorea duelako.

Eta hori zehaztu egiten dute zientzialariek emaitza numerikoak idazten dituzten bakoitzean. Esate baterako, nire lankidearen altuera 1,97 metro da, zentimetro bat gorabehera. Horrek esan nahi du altuera 1,98-1,96 tartean dagoela, baina ziurtatzen du neurketak ez duela hori baino errore handiagorik; are gehiago, neurketa horrekin, altuera ezin da hori baino zehatzago jakin, erabilitako metodoa ez delako zehaztasun handiagoa emateko modukoa.

Zehaztasun-maila emaitzarekin batera ematen da, beraz. Everest mendiak 8.848 metro, lau gorabehera, dituela esaten bada, adibidez, neurtze-metodoak gehienez lau metroko errorea duela adierazten da.

 


C1
17-03-2004
16283535
2104