detalle dokuteka-generico-fitxa

San Antonio Urkiolan

San Antonio eguna zen eta horregatik, inguruetako jende ugari igo zen santutegira; goizean, erretiratuak, eta arratsaldean, gazteak. Sinesmenaren arabera, ezkongaiek harriaren inguruan jira batzuk egin eta handik gutxira bikotekidea aurkitzen dute.

Ezohiko mugimendua izan zuten, atzo, Urkiolako mendatea igaro zutenek. San Antonio eguna zen eta, horregatik, inguruetako jende ugari igo zen santutegira; goizean, erretiratuak, eta arratsaldean, gazteak. Abere eta artisau azokak ikustera ez ezik, meza entzutera ere bertaratu ziren, eta eraikin erlijiosoa txiki geratu zen. Santutegi ondoko harriak ere lan dezente eduki zuen egun osoan. Sinesmenaren arabera, neska-mutil ezkongaiek nahikoa dute harriaren inguruan jira batzuk egitea handik gutxira bikotekidea aurkitzeko. Giro paregabeaz gozatzeko aukera izan zuten guztiek.
 
Goiz-goizetik bertaratzen hasi zen jendea Urkiolako santutegira San Antonioren ohorez egindako jaiaz gozatzeko. Gutxi batzuek bota aproposak armairutik atera zituzten eta makila esku artean harturik menditik barrena abiatu ziren. Hala ere, gehienak autobusez edota autoz bertaratu ziren. Ohikoa bilakatu den legez, eguerdi-partean iritsi zirenek ibilgailua aparkatzeko arazoak izan zituzten, eta azkenean, Durango eta Otxandio lotzen dituen errepide bazterretan utzi behar izan zituzten autoak.

Santutegi parean amaitzen den harmailadiari aurre egiten zioten bitartean, dozena bat postu ikusteko aukera izan zuten bertaratu zirenek. Ogia eta pastelak ez ezik San Antonioren ohorezko eskapularioak ere aurki zitezkeen. Mementoan bertan egindako erroskilek usain goxoa jarri zuten.

Behin santutegi parean, harriari bisita egitea nahitaezkoa zen. Meteorito bat dela esaten dute. Herritarren ustez, neska-mutil ezkongaiek nahikoa dute harriaren inguruan jira batzuk egitea handik gutxira bikotekidea aurkitzeko. Lan dezente eman zioten, atzo, San Antoniori. Izan ere, egun osoan, asko eta asko, nagusiak nahiz gazteak, behin eta berriz ibili ziren harriari buelta ematen. Kopuruan, hala ere, ados jartzen zenik ez zegoen. Batzuek hiru buelta eman zituzten; beste batzuek, aldiz, zazpi egiten zituzten. Norabideari dagokionez ere zalantza ugari. Horiek hala, erdi zorabiaturik atera zenik ere ez zen falta izan.

Mezaren arrakasta

Eraikin erlijiosoa txiki geratu zen eguerdian eman zuten mezan, eta batek baino gehiagok kanpotik entzun behar izan zuen. Abade-etxeak ere arrakasta izan zuen egun osoan. Baina ez bakarrik atzo. Bertako arduradunek azaldu zutenez, igandean ere lan handia eduki zuten. Saldutako produktuen artean, arrakasta handien San Antonioren paperezko irudiek, medailek eta bertako oroigarriek izan zutela gaineratu zuten.

Santutegiaren barruko aldean isiltasuna nagusi zen; kalean, aldiz, musikak hartua zuen lekukoa. Modu horretan, txistulariak eta trikitilariak jo eta su ibili ziren bazter guztiak alaitzen.

Azoketan ere jende andana bildu zen. Goi-partean, abereen txokoa zegoen. Hamarnaka behi eta zaldi, hain zuzen ere. Santutegiaren ezkerraldean, ostera, Euskal Herriko ohiko produktuak. Hainbat tokitako babarruna, baserriko tomatea, gazta, patata berria, txokolatea eztia eta Gernikako piperrak eta Bizkaiko txakolina, besteak beste. Salmenten inguruan, denetarik. Saltzaile batzuentzat nahikoak; eta besteentzat, aldiz, ez horren onak. Ados jartzerik, normalean, ez dago horrelakoetan.

Ohikoa den legez, Ibilaldiaren eta euskal presoen aldeko materiala izan zen salgai. Durangoko hiltegiaren auzia ere Urkiolaraino iritsi zen hainbat kartelen bitartez. Alde horretatik, datorren larunbatean, hilak 18, Matienako kultur etxean egingo duten informazio-batzarrean parte hartzeko deia egin zuten.

Toki batetik bestera joaten zen bitartean, iragan igandean Urkiolan izandako txingorraren ondorioek harritu egiten zuten jendea. Zuhaitzen hostoetan, lorategietan eta bideetan sumatzen zen kalte handien.

Bazkaltzeko ordua iristen zen bitartean, bertako tabernetara edota San Antonio egunerako espresuki jarritako txosnetara joan eta gosea apaltzen saiatzen zen jendea. Modurik onena, sagardo edota ardoa eta talo goxoa.

13.30 aldera, autobus ugari bertaratu zen errepide ondoko geltokiraino jendearen bila. Haatik, eguraldia lagun zuela, Urkiolako landetan bazkaltzen geratu zenik izan zen. Santa Apoloniako baselizaren ondoan ­Santutxu deitzen diote­ iturri bat bada, eta inguruko itzalek aukera ematen zuten horretarako. Uste da iturri horretako urak dohainak dituela gaitzak osatzeko. Sinesmen zaharraren arabera, hagineko minez dagoenak kredo bi errezatu behar ditu, bata ura ahoan hartu aurretik eta bestea bota ondoren.

Inguruetako jatetxeak jendez gainezka izan ziren. Toki batean edo bestean bapo jan ondoren bazkalondoan lo kuluxka baten beharra sentitu zuen batek baino gehiagok. Denbora handia, hala eta guztiz ere, ez zuten izan. Izan ere, musika jotzen hasi baitziren berriz ere santutegiko atzealdean. Arratsalde-partean, jende gazteagoa izan zen. Goizean, erretiratuak nagusi ziren; gero, ordea, jende gaztea bertaratu zen.

Naturaz eta sinesmenez gozatzeko aukera izan zuten atzo baselizara joan zirenek. Bikotekide bila dabilenak Urkiolara igo eta harriari bueltak ematea baino ez du egin behar. San Antoniok gainerakoa egiten du-eta.

x61pRelaContWAR

Intéressant pour vous



detalle2

Docuthèque

B2
13-06-2005

x61pRelaContWAR

16282160

x61pViewCountWAR

4378

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR