detalle dokuteka-generico-fitxa

Tranbia

Hiriak itxura lasaiagoa hartzen du auto gutxiago duenean.

Tranbia duten hiriak lasaiagoak iruditzen zaizkit. Duela ez hain aspaldi Bordelen izan nintzen. Bazuen dozena bat urte ez nintzela hiri hartako erdigunean ibili. Hango plaza eta karrika nagusiak ez nituen ia ezagutu. Duela hamabi urte autoak alde guztietatik ibiltzen ziren plaza haiek oinezkoentzat bihurtu dira. Tranbia berri eta moderno bat pasatzen da.

Hiri itsusiaren oroitzapena nuen. Trafikoaren erdian itotzen nintzelako irudimena nuen. Berriz itzuli eta halako lasaitasuna, plaza zabal eta ederrak ikusteak sorpresa atsegina eman zidan. Ez dakit ea dena tranbiari esker den bakarrik, baina hiri erditik autoak kentzea lortu dute Bordelen.

Tranbia duten beste hiri batzuetan ere ohartu izan naiz hiri erdi haietako lasaitasunaz. Jendea bada trumilka, bistan da, baina auto trafikorik, motorren soinu eta kerik, tutaren (bozinaren) soinurik gabe, anitzez lasaiago da.

Biharko hiriak autorik gabekoa izan behar luke. Edo ahal bezainbat murriztu behar litzateke auto trafikoa. Eta ez bakarrik kutsadura gutxiago eragiteko. Konbentzitua naiz estresaren kontrako neurri ezin hobea litzatekeela autoak hiri erditik kentzea. Konbentzitua naiz elkarbizitza baketsua eraikitzeko neurri egokia dela.

Parisko auzapezak (PS alderdikoa) auto trafikoa murriztu eta garraio publikoak garatu nahi ditu Parisen. Eskuineko hautetsiak haserre ezarri ditu. Alta, Parisek berak ez al luke anitz irabaziko auto gutxiago ukanez? Errepide nagusietan tranbiak eta autobusak ezarri, bizikletentzako guneak zabaldu eta ez al litzateke bizi lasaiagoa?

Erromako hiri erdian autoan ibiltzeko baimena behar da. Gisa horretan murriztu dute auto trafikoa Italiako hiriburuan. Hala ere nahiko lan dute auto kopuruarekin, baina neurriak hartu behar izan dituzte hiri erdia jasangarriagoa izateko.

Beti bada gehiago egiteko, baina hori da bidea.

detalle2

Docuthèque

B2
24-04-2006

x61pRelaContWAR

16281062

x61pViewCountWAR

3793

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR