Docutec
Konposta eta birziklapena
Bolognako ereduari begira daude Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapen Iraunkorreko buruak, eta hauen erabakiei so herritarrak. Ikusteko dago hondakinek konpost plantan edo errauskailuan bukatuko duten. Hala ere, norberak sortutako zaborra konpostatzea edota birziklatzea norberaren esku dago, oinarrian. Etxetik garbitzen da herria.
Aspalditik egin da konposta etxean, belar-jendeen hondakinak gorotz pilatara botaz. Eta etxean konposta egiteak abantaila handiak ditu norberarentzat eta are gizartearentzat. Izan ere ez dira milaka kilo hondakin bildu, garraiatu eta tratatu behar. Beraz, kamioi trafikoa eta poluzioa gutxitzen dira. Eta lurraldean hondakinen tratamendurako azpiegiturek duten inpaktua saihesten da.
Herritar hauen jokaera arduratsua saritu egin behar dela aldarrikatzen dute hainbat ekologista eta gizarte eragilek, besteak beste, Eguzki taldeko Juan Mari Beldarrainek: «Zaborra da kontsumoaren arabera kobratzen ez den gauza bakarra: argia, ura, gasa... dena kontsumitutakoaren arabera ordaintzen da, baina 5 kilo edo 20 kilo zabor bota, tarifa finkoa dugu denok. Horregatik ez du birziklatzeko eta konpostatzeko pausoa ematen jendeak. Zabor tarifa norberak botatako kiloen araberakoa balitz, jende gehiagok hartuko luke parte».
Norbanakoari, berriz, ez dio funtzionatzeko eta mantenurako gasturik ekartzen. Aldiz, kalitatezko konposta lortuko du, eta beraz ez du ongarri eta lurrik erosi beharrik izango.
Konposta naturaren etengabeko birziklapena da
Materia organikoak bizi-ziklo osoa beteko du konpostagailuan, baina kontrolatuago —eguraldiaren gorabeheretatik babestuta— eta beraz, 3 edo 4 aldiz azkarrago. Konpostagailuan naturalki deskonposatuko da, eta mikroorganismoek (bakterioek, onddoek...) eta organismo txikiek (zizareek, barraskiloek...) egingo dute lan. 5-6 hilabete ondoren lortutako humusa edo ongarria zabalduko dugu lorategi edo baratzean, berriro ere landareek bere propietateak xurgatu ditzaten.
Prozesu horretan, eguneroko gure zaborraren %33 den materia organikoa %80 murrizten da. Lau kidez osatutako familiak 320 kilo hondakin gutxiago sor ditzake urtean eta 80 kilo konpost lortu. Hondakinak murriztu bakarrik ez, baliabide bihurtuko dugu. Humusa kalitatezkoa izan dadin, hondakinak ere horrelakoa behar du. Beraz, jaten duguna erreparatzetik hasi gaitezke, hori baita humus bihurtuta inguruan zabalduko duguna. Eta natura jakintsuak, ereindakoa itzuliko digu.
Kalitatea ziurtatzeko: ondo sailkatu eta nahastu
Lorategiko konpostagailuan zein zizare bidezko vermikonpostagailuan, konposta egitea oso erraza da, baina bi gauza zaindu behar dira kalitateko humusa lortzeko, usain txarrik ez izateko eta nahi ez dugun animaliarik ez erakartzeko: Konpostara zer bota ondo bereizi behar da, eta astean behin edo bitan egoki nahasi.
KONPOSTATZEN DA
- Fruta eta barazki hondar gordin, egosi eta erreak.
- Kafe kondarrak eta iragazkiak, eta tea eta infusio poltsatxoak.
- Arrautzen kartoizko kaxak, sukaldeko eta komuneko paperaren kartoi tutua, sukaldeko papera, paperezko ezpain-zapiak...
- Ogia
- Arrautza oskolak —denbora asko behar dute, eta txiki-txiki eginda botatzea hobe—.
- Egositako arroza eta pasta.
- Lorategi eta baratzeko hondarrak —lorategiko konpostagailuak konpostatzen ditu, baina zizareek ez dituzte jaten, hortzarik ez dutenez, gogorregiak baitira irensteko—: hosto, lore eta landare berde edo lehorrak; belarra; kimaketa-hondar txikituak; egur naturalaren errautsak edo zerrautsak; uzta-hondarrak; fruta eroria; lastoa...
EZ DA KONPOSTATZEN
- Olioa eta frijitutako edozein gai: konpostagailuaren barruan geruza iragazgaitza egiten baitu eta honek zailtzen du deskonposatzen ari den materia organikoan oxigenoa hedatzea.
- Haragia, arraina eta hezurrak: Deskonposatzen denbora asko behar dutenez, usaina botatzen dute, eta inguruko anmaliak erakarri.
- Gorotza: izaki horren elementu toxikoak —bakunak, botikak, gaixotasunak...— konpostarekin zabalduko baitira.
- Landare gaixotuak eta belar txarrak. Zenbait belar txarren haziak konpostarekin zabaldu daitezke. Beraz, belar txarrak konpostagailura bota daitezke, baina haziak izan baino lehen.
- Tratamendu toxikoa izan duten hondakinak: koloretan inprimatutako papera, egur tratatuak...
NAHASKETA
Material hezeak —barazki eta fruta hondarrak...— eta lehorrak -hosto lehorrak, papera...- ondo nahastu behar dira astean behin edo bitan. Horrela, hezetasuna material denetan homogeneoki banatzen da, materiala oxigenatu egiten da eta material motak birbana daitezke.
Erantsiko diren materialak, konpostagailuaren goiko zatiko materialaren erdiarekin nahastea gomendatzen da. Nahasketa egin ondoren lehor samarra geratu bada, ur pixka bat erantsiko diogu, baina kontu handiz: hezeegi utziz gero, usain txarra sor daiteke. Aldiz, nahasketa hezeegia irten bada, prozesua makaldu egingo da eta beraz, material lehorra erantsiz orekatuko dugu.
