Docutec
Abenduaren 18a, Migratzaileen Nazioarteko Eguna
EAEko atzerriko biztanleen artean gazteek hartzen duten proportzioa (% 31) hemengo jatorriko gazteenaren halako bi da (% 15).
EAEko 15 eta 29 urte bitarteko atzerriko biztanle gazteen kopuruan 5.882 lagunetik 44.591 lagunera arteko gorakada egon da 2000 eta 2010 bitartean, gutxi gorabehera % 700ekoa, alegia.
Gorakada hiru adin-taldeetan gertatu da. 15 eta 19 urte bitartekoengan, 1.202tik 8.080 izatera igaro dira; 20 eta 24 urte bitartekoengan, 1.891tik 14.493 izatera; eta talderik jendetsuenean, 25 eta 29 urte bitartekoenean, 2.789tik 22.018ra.
2010ean, honako hau zen gazteen banaketa, adinen arabera: 15 eta 19 urte bitartekoak % 18 ziren; 20 eta 24 urte bitartekoak, % 33; eta 25 eta 29 urte bitartekoak, % 49.
2000n, EAEn bizi ziren atzerriko gazteak honela zeuden banaturik, sexuari dagokionez: % 48 gizonak ziren eta % 52, emakumeak. 2010ean, balantza gizonengana lerratu da zertxobait: aztergai dugun biztanle-taldearen % 51 osatzen dute gizonek, eta emakumeek % 49.
Gazteen indizea 15 eta 29 urte bitarteko pertsonek biztanleria jakin batean osatzen duten ehunekoa da. EAEn bizi diren atzerriko biztanleen kasuan, % 31koa da. 2000n % 28koa izan zen. Biztanleen piramide orekatua adierazten du horrek, EAEko biztanleria osoaren desorekak (bere gazteen indizea % 15ekoa da) konpentsatu egiten dituena.
Beraz, atzerriko biztanleen artean gazteen proportzioa altuagoa izateak mesede egiten dio Erkidegoko biztanleen piramideari. Hain zuzen ere, biztanleriaren zahartze-prozesua dela-eta, gazte-proportziorik apalena duten europar eskualdeen artean kokatzen ari da Euskadi.
Gazteen Euskal Behatokiak aztertu ditu datuok, INEren Biztanleen Udal Erroldaren ustiapenetan oinarrituta.
