Docutec
Horoskopo gehienak ez dira batere fidagarriak
Etorkizunak zer ekarriko dion jakin nahi izaten du jendeak, eta dirua, osasuna eta maitasuna dira galderarik tipikoenak. Baina ezin da esan Leo edo Virgo guztiek gauza berdinak biziko dituztenik maitasun arloan, adibidez.
Marta Jauregi
Gipuzkoako Astrologia Elkarteko kidea
«Horoskopo gehienak ez dira batere fidagarriak»
- Urte hasieran horoskopo asko kaleratzen da han eta hemen. Igo egiten al da interes maila? Zuei ere kontsulta gehiago egiten al dizkizuete?
Bai, horrelaxe da. Etorkizunak zer ekarriko dion jakin nahi izaten du jendeak, eta hori azal diezaiegun deitzen digute guri ere.
- Zein gauza interesatzen zaizkio jendeari, batez ere?
Dirua, osasuna eta maitasuna, horiexek dira galderarik tipikoenak.
- Ordena horretan?
Pertsona bakoitzaren arabera aldatu egiten da hori, baina ordena hauxe litzateke: lana, osasuna eta maitasuna. Baina tira, esan bezala, norberaren arabera aldatzen den gauza bat da hori. Kontsulta egiten duzun momentu konkretuan duzun arazoaren araberakoa izaten da.
- Zenbateraino sinets daiteke horoskopoek diotena?
Egon, egongo da oinarri serio baten gainean egindako horoskoporik; baina, oro har, ez dira batere fidagarriak gure iritziz. Benetan fidagarria dena pertsona baten gutun astrala da, eta horren arabera hitz egin behar da pertsonarekin, bere ahalmen, gaitasun eta ezaugarriei buruz, bere aukera egin dezan. Horoskopoak orokorregiak dira. Ezin da esan Leo edo Virgo guztiek gauza berdinak biziko dituztenik maitasun arloan, adibidez.
- Zer da gutun astrala?
Gutun astrala mapa bat da. Zu jaio zinen momentuan planetak nola zeuden agertzen da bertan; eta, horren argitan, pertsona horri buruzko gauzak, izakera, gaitasuna, ahalmenak etab. jakin daitezke.
- Jaiotzen garen garaiak erabakitzen du, beraz, hein handian gure izakera eta gertatuko zaiguna.
Erabaki ez da agian hitzik egokiena. Pertsona bakoitza ahalmen eta gaitasun batzuekin jaiotzen da, baina norberak erabakitzen du gero ezaugarri horiek garatu eta bizitzan egin beharrekoa gaitasun horietan oinarritu ala ez. Norberak egiten du aukera.
- Orain, urte hasierako horoskopoak irakurtzen ditugunean, zein jarrerarekin egin behar dugu irakurketa hori, entretenitzeko asmoz, interesatzen zaiguna jasotzeko asmoz...?
Norberak har dezala aintzat interesatzen zaiona. Badago jendea momentu batean gaizki egon, eta gauza hauek irakurtzean nolabaiteko arindua sentitzen duena. Egun, dena gaizki badoakio eta horoskopoak etorkizunean gauzak hobetu egingo direla esaten badio, lasaitzeko balio diezaioke, kasu honetan, adibidez. Horregatik, aringarri gisa erabili nahi duenak erabili dezala, hala nahi badu. Kontuan izan behar da, hala ere, benetan balio duena ez dela horoskopoaren iragarpena, gutun astralak dioena baizik.
