Zoria ikerketan

Ikerketa egiten dutenean, ez dira nora ezean ibiltzen zientzialariak, baina zoriak asko lagundu izan die historian zehar. Aurkikuntza asko ustekabeko batek eraginda gertatu dira; adibidez, penizilina, velcroa edo baztangaren kontrako txertoa.

2000. urteko Kimikako Nobel saridunek ere akats baten erruz aurkitu zituzten plastiko eroaleak. Konposatu bat uste baino mila bider kontzentratuago erabili zuten polimero bat sintetizatzeko, eta elektrizitatea garraiatzeko gaitasuna zuen plastikoa lortu zuten. Gauza guztiz berria zen hura plastikoen munduan, eta gaur egun punta-puntako ikergaia da. Bitxia da, baina batzuen ustez XXI. mendeko iraultza teknologikoa izango dena neurketa-akats baten ondorioz sortu zen.

 

Dena dela, zientzialariei dagokien meritua aitortzen dien hitz egokiago bat badago aurkikuntza horiek deskribatzeko: serendipity. Louis Pasteur ikertzaileak esan omen zuen behaketaren arloan zoriak prestatutako buruari baino ez diola laguntzen, eta horixe adierazten du serendipity hitzak. Hitz horren inguruan biltzen dira zoriaren eta buru-argitasunaren arteko konbinazioari zor zaizkion aurkikuntzak.

 

Ingelesezko hitza da, XVIII. mendekoa. Horace Walpole idazleak erabili zuen lehenengoz eskutitz batean. Eskutitzean, gaur egungo Sri Lankan kokatutako Serendip-eko erreinuaren kondairaz eta hango hiru printzeez hitz egiten zuen. Printze haiek bereziak ziren, egiten zituzten bidaietan pentsatu gabeko arazoen eta galderen erantzunak aurkitzen baitzituzten. Eta behatzeko gaitasunari eta argitasunari zor omen zieten aurkikuntza haiek guztiak egiteko gaitasuna. Walpolek serendipity hitzarekin deskribatu zuen gaitasun hura, eta, joan den mendearen erdialdean, ikerketa zientifikoan zoria egoki erabiltzeari erreferentzia egiteko erabili zuen hitz hori bera Walter Cannon biologo estatubatuarrak.

 

Horren antzeko kontuak irakurri nizkion duela egun batzuk Europako Espazio Agentziako Programa Zientifikoaren zuzendariari. Espazio-agentzia bat baino gauza aplikatuagorik ez dakit badagoen, eta hala ere kexatu egiten zen Southwood. Zientzia egitea haziak barreiatzea bezalakoa dela esaten zuen, «loreak non agertuko diren ez da jakiten, baina bai agertuko direla». Europan, ordea, ez omen da ulertzen hori. Dirua jartzen dutenek zertarako ordaintzen duten aurrez jakin nahi izaten dutela salatzen zuen, «baina lehenik aplikazioa finkatzen bada, agian gero ezinezkoa izango da hartara heltzea».

 

Ikertzaile askok egin dute aldarrikapen hori bera. Ez bakarrik ikerketak diruz laguntzeko ia-ia zer aurkikuntza egingo den iragarri behar izaten dutelako; baita ere, aurkikuntza bat egitean, «horrek zertarako balio du?» izaten delako lehen galdera. Galdera horrek, ordea, ez du beti izaten erantzuna, ez behintzat hasiera-hasieratik, hainbat aplikazio beste norabait bideratutako edo inora bideratu gabeko ikerketaren ondorioz garatu baitira. Serendipity aplikazioen munduari ere badagokiola, alegia.


B2
08-06-2005
16261423
2331