Docutec
Meditazioa: osasungarria gorputzarentzat eta buruarentzat
Zenbait ikerketak frogatu dute meditazioa baliagarria izan daitekeela estresa kudeatzeko eta emozio ezkorrak murrizteko, eta bi faktore horiek arriskutsuak izan daitezke zenbait gaixotasunentzat.
Osasun fisikoa eta emozionala oso estu lotuta daude. Osasun emozional onak mesede egiten dio osasun fisikoari, eta beren egoera emozionala zaintzen duten pertsonak, gaixo egon edo ez, sendoagoak izaten dira eta gaitasun handiagoa izaten dute ezbeharrei erantzuteko. Azterketa askok erakutsi dute meditazioa eta gisako teknikak onuragarriak direla bai buruko osasunarentzat eta bai osasun fisikoarentzat ere. Frogatuta dago, beraz, meditazioak murriztu egiten duela estresa, hobetu egiten duela immunologia egoera eta murriztu egiten duela bihotz-hodietako arazoek eragindako hilkortasuna. Milaka urte dituen jarduera da meditazioa, fisikoki erlaxatzeko eta lasaitzeko erabiltzen dena. Nahiz eta luzaroan erlijio kontuekin lotu izan den, osasunaren arlo guztietan egin diren azterketek erakusten dute zernolako onurak dituen meditazioak, bai gorputzarentzat eta bai buruarentzat. Jon Kabat-Zinn doktorea izan da meditazioaren eraginak eta haren aplikazio klinikoak ikertzen denbora gehien eman duen ikertzaileetako bat. Aditu horren esanetan, meditazioak, eta bereziki mindfulness izeneko teknikak, uneko errealitatearen erabateko kontzientzia hartzera darama pertsona, hemen eta orain gertatzen dena onartzen eta aitortzen du, baina horrek sortzen dituen pentsamendu edo emozioetan harrapatuta gelditu gabe. Hori dela eta, meditazio teknikak oso baliagarriak izaten dira estresa kudeatzeko eta emozio ezkorrak murrizteko. Haren onurak, dena den, urrutiago doaz. Francisco M. Rodríguez-Peña doktoreak koordinatu duen ikerketa baten arabera, teknika horrek eragin psikobiologikoak eta klinikoak izango lituzke. Ikerketa horretan, meditazio horrek immunitate sistemako parametroei (globulu gorriak eta immunoglobinak) nola eragiten dien aztertu zuten antsietatea eta depresioa zeukaten pazienteetan. Bi hilabetez meditazio programa bat egin ondoren, nabarmen ugaritu ziren immunoglobulinak (IgG, IgM), immunitate sistemarekin lan egiten duten proteinak (C3 eta C4) eta murriztu egin ziren monozitoak (globulu zuriak dira, estresarekin eta infekzioarekin ugaritu egiten direnak, eta fagozitatu egiten dituzte zenbait mikroorganismo eta zelula-hondar).
MEDITAZIOA ONA DA gorputzarentzat eta buruarentzat adierazteko hainbat molde.
|
