Docutec
Jin eta jan
Gero eta obsesio handiagoa daukagu jatearekin. Eta horretan ere zatituta gaude hemen: batzuk euskaldun prototipikoak eta beste batzuk makrobiotikoak. Joan eta presta ezazu bazkari bat kuadrilla horrentzat!
Maialen Lujanbioren hitzak dira goragoko horiek, Euskadi Irratiko Faktoria programan egindako kolaborazio batekoak.
Topikoak dio euskalduna dela munduan, jateko eta edateko sobran dutenen artean, jan ahala janariaz hitz egiteko kapaz den espezie bakarra. Eta esango nuke, gezurra badirudi ere, gaur egun janariaz gehien hitz egiten duena ez dela euskaldun prototipikoa. Gaur egun parajeotan janariaz gehien hitz egiten duena euskaldun makrobiotikoa da eta, bereziki, fede berrira iritsi berriak, eta misiolari bokazio-puntu bat duten horiek. Horiek dira orain euren arroz, olo eta artatxiki beste konturik gabe; euren kinoa, sarrazeno eta azuki saltsa bat izaten zuten gure lehengo elkarrizketa haien idortzaileak. Azkenerako, norbera ere jarri egiten da: tofu eta seitan izena duten izate igarri ezineko zera horiek jatera; eta gozatzera, inkluso.
Nik uste nuen kontu hau zabaldua zela. Baina denbora asko ez dela, Valentzian tokatu naiz mahai-buelta batean, hango jende gazte, konprometitu edo…., gutxienez gu bezain guai baden jende baten artean, eta han kontu-kontari ari ginela nik makrobiotika aipatu nuenean, denak euskaraz ari banintz bezala geratu zitzaizkidan begira. Ez zutela ulertu, alegia, ez zekitela zer zen makrobiotika, guretzat hemen eguneroko ogia, espeltazko eta integrala dena. Ordutik zer-pentsa nago: ez dakit beste inork baino bizkorragoak garen, edo beste inor baino inuzenteagoak. Euskaldunez beteta daudela barau- eta garbiketa-etxe guztiak, hori bai; eta ez naiz ari gaitz larriren batek hartara behartutako jendeaz. Besteez ari naiz. Obsesio koxkorra daukagu hemen jatearekin, eta jana obsesio bihur ez dadin bilatzen duen jate-modua ere bueltan-bueltan bera bihurtzen da obsesio.
Euskaldun prototipikoa eta euskaldun makrobiotikoa: bi elizatako fededunak, batzuk San Martinenak eta besteak San Gaudencenak, eta bi horien artean beste guztiak: belarjaleak, beganoak, dieta paleolitikoa egiten dutenak, kroditarianoak.. Joan eta presta ezazu bazkari bat kuadrilla horrentzat! Sozietateko parrillan okurritzen bazaizu barazkiak jartzea erretzen, euskaldun prototipikoak koitadu bati bezala begiratuko dizu, ikatza alferri galtzen ari bazina bezala, eta begiekin esango dizu: “Jan ezan haragi pixka bat, neska”. Jende tipo hori da betiko dietaren gehiagotasuna sinpatikoki inposatzen duena. Gero, burla-giroan, baina, hala ere, mimoz erretako barazki eta abarrak mahaira urreratzen dituzunean, euskaldun makrobiotikaren begietan herioa ikusiko duzu, barrutik oihuka ari balitz bezala: “Ez, piperra ez, tomatea ez”, edo, seguruago, honelako zerbait esango luke: “Proteinak karbohidratoekin ez”, teoria berri batetik gehiegi eta derrepenteki ikasi duenaren espantuz. Jende-tipo hori da sartzen duzun mokadu bakoitzean, zure burua pozoitzen ari zarela sentiarazten dizuna.
Bizi honetan bakoitzak ahal dugun moduan eusten diogu egonezinari, eta besteen aukera gutxiestea izaten da biderik errazena norbere aukera zalantzan jarri beharrik ez izateko. Piperra bonba bat da, okela asesinatoa, arrautza frijitu parea jatea ia immolazioa. Zekale hutsetik aritzea bizi arteko zigorra; berdea ikusi ere egin nahi ez duenak odola nahi du.
Ez dago erraza bizikidetza, gero eta intolerantzia gehiago dago. Nork esan zuen euskal afera mahai bueltan konponduko zenik?
