Docutec
Nor zara zu? (A1E01)
Josu eta Amaia fakultatean daude, eskola batean, eta irakaslea entzungo dugu txapa handi samarra botatzen. Ez dute elkar ezagutzen, baina elkarren ondoan eseri dira eta, aspertuta, hizketan hasi dira, batak eta besteak bere burua aurkezteko.
IRAKASLEA. — ...eta, gogoratu, nire asignaturako (ikasgaiko) kredituak lortzeko…
JOSU.— Jo, zer aspergarria! Ez da isiltzen!
AMAIA.— xxxxt!
JOSU.— Kaixo! Nor zara? Talde berean gaude eta ez dugu sekula hitz egin.
AMAIA.— Amaia naiz. Eta zu?
JOSU.— Ni Josu. Klasetik atera eta tabernara joango gara? Ezin dut jasan!
AMAIA.— Ez! Erotu egin zara, ala?
JOSU.— Irakasle honek beti gauza bera esaten du, (imitatuz) “kredituak lortzeko, lan txukun-txukun bat egin beharko duzue...”.
AMAIA.— Kar-kar! Ixo! Entzun egingo dizu!
JOSU.— Ez, karreran ere nire irakaslea izan zen eta gor-gorra da, lasai, ez du ezer entzun.
ETENA
JOSU.- Bueno, eta zuk non ikasi duzu?
AMAIA.— Madrilen, asko kostatzen ari zait berriz euskaraz ikastea!
JOSU.— Ez da harritzekoa! Ni, berriz, beti hemen. Ez naiz kanpora atera.
AMAIA.— Ba, aukera ederra da ateratzea, eta asko ikasten da! Eta ez unibertsitatean bakarrik!
JOSU.— Bai, hala izango da, baina bueno, ni ere herri txiki batetik etorri naiz hona.
AMAIA.— Ez da gauza bera!
ETENA
IRAKASLEA. — ... Ederki, antza denez, hizketan egiteko gogoa duzu. Ba, atera hona eta zuk jarraitu.
AMAIA.— Baina, ni...!
IRAKASLEA. — ... Etorri, etorri hona, denok entzun nahi dugu-eta.
AMAIA.— Zure errua da!
JOSU.— Bai, barkatu!
AMAIA.— Ikusiko duzu gero!
JOSU.— Kar-kar! Tabernan egongo naiz zure zain. Aio!
AMAIA.— Banoa!
