Docutec
Churruca itsasgizona gogoan
Cosme Damián Churruca itsasgizon mutrikuarra 1805ean Trafalgarreko itsas gudan hil zen 'San Juan Nepomuceno' itsasontziaren kapitain zela, 693 gizonez osatutako tripulazio bateko beste 150 gizonekin batera. Frantsesen eta espainiarren eskuadra konbinatuak, tartean 'San Juan Nepomuceno' itsasontzia zela, Lord Horatio Nelson almiranteak zuzendutako flota britainiarraren aurka borroka egin ondoren, guda galdu egin zuten. Porrotak berarekin ekarri zuen balio handiko giza baliabideak eta baliabide teknikoak deuseztatzea eta Amerikarekiko itsas trafikoak behera egitea. Lord Nelson almiranteak ere bizia galdu zuen guduan jasandako zaurien ondorioz. Gertakari honen eta Mutrikuko seme izan zen Churruca itsasgizonaren omenez, Cosme de Churruca: Itsasoaren eta argiaren semea erakusketa dago ikusgai Mutrikun urriaren 30era arte.
1796an Frantziaren eta Espainiaren artean berritutako adiskidetasun-hitzarmena zela eta, berehala egin zuten Britainiaren aurkako guda-deklarazioa, 1804an. Pierre Charles Villeneuve frantziar almiranteak Cadizera eraman zuen Frantziako eta Espainiako ontzidia. Hango badian babestu ziren ontziak, eta Horatio Nelson almiranteorde mitikoaren agindupean zegoen Ingalaterrako armadaren aurka jarduteko prestalanak egiten hasi ziren. 1804ko urte hasieran, ordurako brigadier zen Cosme Churruca 'San Juan Nepomuceno' ontzira aldatu zuten. 1805eko abuztuan itsasontzia Cadizeko uretan zegoen prestalanak amaitzen. Eskifaia presaka osatu zuten, behartutako soldadu-bilketekin, itsas matrikulatuekin eta boluntarioekin, gizarteko maila apalenetatik hartutakoak denak. 1805eko urriaren 20ko goizaldean, Villeneuvek, ontzidi bateratuaren buruzagiak, Espainiako 15 ontziak eta Frantziako 25ak Cadizetik irten zitezen agindu zuen. Haize indartsu baten erdian -gero, ekaitz beldurgarri bilakatu zena-, 27 ontzi nagusiz eta 4 ontzi laguntzailez osaturiko Britainiako ontzidi diziplinatuarekin egin zuen topo. Gudua 21ean hasi zen, goizaldean, eta britainiarrak izan ziren garaile, Nelson almirantea bertan hil bazen ere, Churruca bezala, kanoi bala batek jota. Ia 5.000 hildako eta 4.000 zauritu izan ziren hiru ontzidien artean.
Cadizeko jendea, lehorrean, ontzidiaren irteera ikusten eta harengatik errezatzen ari zen. Eta ontziak soldaduz beteta -batzuk artean ia umeak-. Baina, gehienek ez zuten ez itsas prestakuntzarik, ez itsasoan ibiltzeko ohiturarik, ez gogorik; eta are okerragoa zena, ez zuten itsasoko borrokaren gogortasuna ezagutzen. Urriaren 21eko goizean, gudurako prest egoteko agindu ondoren, ofizialak galaz jantzi ziren, danborrak jo zituzten, eta sutsu hitz egin zieten soldaduei. Aldi berean, hondarra barreiatzen zuten ontzi gainetan, odoletan ez labaintzeko gero, eta talde bakoitzak bere lana antolatzen zuen. Borroka ezin gogorragoa izan zen. Arratsaldeko 6etan amaitu zen. Lehentxeago, errenditua zen Churrucaren ontzia -ingelesek berek ere aitortuta, erresistentzia nekaezinaren sinboloa-, bakarrik eta mastarik gabe, buruzagia hil ondoren. Ilunabarrean, ordura arte errenditu gabe iraun zuten Espainiako eta Frantziako ontziek Cadiz aldera jo zuten, etsaiarengandik ihesi. Bizirik irtendakoen negar eta amorrazioaren artean, gauaren erdian, ekaitz beldurgarri batek heriotza gehiago eragin zituen. Hurrengo goizean, itsaso zabalean ekaitzaren mende zebiltzan ontziei laguntzeko ahaleginak egin ziren. Eta, bitartean, cadiztarrak itsasertzera iristen ziren marinelei laguntzen zieten, edozein izanik ere haien jatorria. Trafalgarren izandako garaipen biribilak aintza eta ospea ekarri zion Nelson almiranteari, eta suntsipena Frantziako eta Espainiako itsas indarrarentzat, itsasontzirik onenak eta balio handiko gizasemeak galdu baitzituzten, hots: Federiko Gravina, Cosme Churruca, Dionisio Alcal Galiano, Francisco Alcedo eta Antonio Castaños. Beste batzuk zauriturik gelditu ziren: Ignazio Maria Alava, Antonio Escaño eta Baltasar Hidalgo Cisneros. Porrotaren ondorioz, Espainiak behera egin zuen itsas indar gisa, eta lur jota geratu zen Amerikarekin zuen itsas trafikoa.
Borrokan ibilitakoen adore neurrigabea izan zen triskantza ikaragarri hark utzitako leungarri bakarra. Horregatik, 'San Juan Nepomuceno'k etsaien erasoen aurrean erakutsi zuen kemena -Cosme Churruca komandantea hil eta ontzia errenditu zen arte-, mito bihurtu zen. Albisteen inguruan berebiziko 'izurrite poetikoa' sortu zen marinel adoretsuak loriatzeko, eta horien adibide gisa hortxe daude Morat¡nen 'Al combate de Trafalgar' edo 'La sombra de Nelson' lanak. Trafalgarreko mitoaren erakusle ere badira hainbat pintura heroiko eta Benito Pérez Galdósen 'Episodios Nacionales'etako atal bat, besteak beste. Haietan guztietan, irudirik aipagarriena Cosme Churruca izan zen, XX. mendeko eskola liburu gehienetan ere ikus daitekeenez. Cosme Churrucak ohore handiak jaso zituen hil ondoren: monumentu bat Ferrolen, herriaren diru laguntzaz egindako estatua bat Mutrikuko plazan, bere izena duten kaleak Donostian, Madrilen, Alacanten, Vigon, Cadizen, Murtzian eta Habanan dira oroigarri nagusienak.
Informazio gehiago: www.churruca2005.com (Oharra: Testua Cosme de Churruca, itsasoaren eta argien semea erakusketatik hartua da. Mutriku, 2005eko uztailaren 1etik urriaren 30era).
Untzi Museoaren ITSASOKO JENDEA atalean ere aurkituko duzu Txurrukaren biografia laburra.
