Internet

1969ko apirilaren 7a da Interneten jaiotzaren data sinbolikoa.

Dokumental didaktiko honetan Interneti buruzko oinarrizko informazio orokorra jasoko dugu: jatorria, erabilera, aukerak...etab.

 

Bideo hau Dokumentu Biltegiko 5. zintan (00.33.48) badago ere, atari honetara ekarri dugu, transkripzio eta guzti.

 


Transcription:[+] Transcription:[-]

Aurkezlea.- Bideo didaktikoari ekingo diogu jarraian. Izan ere, bideo didaktikoaren tartean, Internet hartuko dugu hizpide.
Aurreko astean amarauna zer den eta ze lan eta zertarako erabili daitekeen erakutsi genizuen.
Gaur, amaraunetik nabigatzeak eskaintzen eta eskainiko dituen aukerez eta bestelako bitxikeriez ariko gatzaizkizue.
Esataria.- web, web, web, web, mundiala. Hala zioen kanta ospetsu batek. Euskalgintza eta euskara bera eta world wide web deritzona elkarrekin lotzen zituen abesti entzutetsua.
Etorkizunari aurre egiteko, nahi eta nahi ez, sareen sarean endredatu beharraz ohartarazten zigun. Armiarmak bezala, informazioaren amaraunean gora,-behera, ezker-eskuin, aurrera-atzera egiteko beharra iradokitzen zigun.
Web, web, web, web mundiala. Nor demontre zara zu? Nondik zatoz? Nora ote garamatzazu?
Hortxe dago koska!
Neska esataria.- uve bikoitza, euskal alfabetoko hogeita laugarren letra da. Jatorrizko grafia gordetzen duten hitz edo izenetan soilik erabiltzen dena. Letra arrotza euskaldunontzat.
Mutil esataria.- Beharbada, bera bakarrik bai, arrotza, baina beste bi halako ondoan jarriz gero, moda-modako ikurra osatzen dute. Uve bikoitza, uve bikoitza, uve bikoitza, mundu zabaleko amarauna. Interneten funtzionatzen duen sistema telematikoa.
Neska esataria.- Moda-kontua bai, baina Internet moda baino gehiago ere bada. Gure gizartean berebiziko eragina hartu duen tresna bilakatu da. Esaterako, sareen sarearen bitartez, munta handiko negozioak egiten dira. Dirutza izugarria jokoan jartzen duten erabaki eta salerosketak bideratzen dira.
Mutil esataria.- Automobilgintza da, energia eta telekomunikazioekin batera, diru eta lanpostu gehien sortzen duen industria-sektoretako bat Estatu Batuetan. Industria-jarduera hauek munduko ekonomiaren hauspo eta motore bilakatu dira, armagintza alde batera utzi gabe. Baina autoen eta armen sektoreari lehiakide gogor bat agertu zaie.
Neska esataria.- Umm, utzidazu segundo bat. Baietz asmatu zein den! Internet.
Mutil esataria.- Zu bai trebea! Baina ezetz asmatu noiz, non, nork eta nola sortu zen Internet. Ba al dakizu?
Neska esataria.- Ez dakit, baina uste dut militarrak ez direla oso urruti ibiliko, ezta?
Mutil esataria.- Ba bai, ARPA izeneko proiektu militarrerako Kalifornian egin zen komunikazio-sare erraldoi bat da gaurko Interneten aitzindaria. Badira hiru hamarkada bi ordenagailuren arteko datu-trukaketa hozkailu baten tamainako beste ordenagailu baten bitartez lortu zela. Gero, 1971n ARPANET sortu zen, 15 ordenadore lotzen zituena.
Aurkezlea.- Hasieran, bai, hasieran bi ziren lotuta zeuden ordenadoreak, baina laster kopurua handitzen joan zen, gaur egungo mundu zabaleko amaraun erraldoia izan arte. Hogeita hamar urte hauetan aurrerapen handiak gertatu dira eta Internetek eskaintzen dituen aukerak mugagabeak eta sinestezinak iruditzen zaizkigu. Ondoren ikusiko ditugunak bezalaxe.
Mutil esataria.- Baina hori ez da dena. Adituek diotenez, are denbora laburragoa beharko dugu Interneten eskutik benetako iraultza ezagut dezagun. Gure gizartea eta pentsaera goitik behera aldatuko dituen iraultza.
Hamar bat urteko kontua da, gehiago ez. Gutxi barru, telebista bidez edo patrikako telefonoaren bitartez ere sartu ahal izango gara Interneten. Artean, ordenadore¡a izango da amaraunean nabigatzeko aukera bakarra.
Neska esataria.- Zer diozu? Patrikako telefonoaren bidez sarean sartuko garela? Arranopola!
Mutil esataria.- Bai, Internetentzat ez dago mugarik. Behiala ametsa zirudien mugarik gabeko mundua, auzo globala, egia bihurtu zaigu.
Neska esataria.- Bai, baina susmoa dut denok ez garela berdinak izango Interneten aurrean. Sarearen garapena ez dela berdina izan herri aurreratuetan edo garapen-bidean dauden herrialdeetan. Pobreak beti pobre, badakizu.
Mutil esataria.- Halaxe da, beste gauza askotan bezala, honetan ere, ezberdintasun handiak daude gizakion artean. Eta ez nik diodalako. Datuak argiak dira oso. Europan, bost pertsonatik batek Interneten nabigatzen du; hau da, europarren % 20. Eta Europa barruan, iparraldeko herrialdeetan internauta gehiago dago beste inon baino. Adibide bat: Norvegian, internauta kopurua biztanleria osoaren % 36koa da. Haatik, Portugalen % 6koa baino ez da. Alde galanta!
Neska esataria.- Galanta diozu? Baliteke, hegoaldera begiratzen baduzu, ordea, alde hori txikia da. Afrika osoan Internet erabiltzen dutenak milioi bat besterik ez dira. Gehienak Hegoafrikan bizi dira; hau da, kontinenteko lehen potentzia ekonomikoa eta bizitza-maila handienekoa den herrialdean. Estatu Batuetan, aldiz, 180 milioi herritarrek Interneten sartu eta mugitzeko aukera eta tresneria guztia daukate etxean.
Mutil esataria.- Bestelako datuak datozkigu Afrikatik. 600 milioi pertsona bizi dira han, Estatu Batuetan baino bi aldiz gehiago, baina hamalau milioi telefono-linea besterik ez daukate afrikarrek. Argi dago ez dutela guk beste aukera Interneten sartu eta zerbitzu honek eskaintzen dituen ahalmenak profitatzeko.
Aurkezlea.- Bideoak argi utzi du: pobrearen etxean, ogi gogorra. Begira, aldea hain handia da ze Nazio Batuen Erakundeak berak esan du Interneten zabalkunde urria Afrikaren garapen ekonomikorako beste oztopo bat dela. Hori saiheste aldera, neurriak hartu behar dira, laster, baina jo dezagun aurrera beste kontu bitxi bat daukagu-eta.
Mutil esataria.- Aizu, zer dela-eta orain ebakuntza-gelaren irudi gordin horiek? Ez didazu ba orain esango ebakuntzak ere Interneten egin daitezkeela, gorputza eskaneatu, ordenagailuan sartu eta behin barruan dagoela, mediku birtualak bisturia sartu eta ebakuntza egingo diola gaixoari.
Neska esataria.- Ez, horrenbesteraino ez, baina ez zabiltza urrun. Medikua beti izango da mediku. Sendagilea ordezkatuko duenik ez da oraindik asmatu, ezta asmatuko ere. Kontsulta edo erietxeko gela, ordea, edo hobeto esanda, kontsultara edo ospitalera joan beharra, hori bai, hori ordezkatu daiteke. Edo, gutxienez, murriztu Interneti esker. Bihotzeko arazoak eta tentsio-arazoak dauzkaten gaixo kronikoek, diabetikoek eta beste askok ez dute erietxera edo anbulategira joan beharko tratamendua hartzera. Halako gaixoak sarearen bitartez kontrolatu eta zaindu ahal izango dituzte urte batzuen buruan.
Mutil esataria.- Bai, hori horrela esanda ondo dago, oso polita da, baina hori nola gauzatzen da? Azkenean, norbaitek neurtu beharko du tentsioa eta ondorengo neurriak erabaki.
Neska esataria.- Gaixoak, jakina, bizi-konstanteak neurtzeko aparatu batzuk edukiko ditu etxean. Emaitzak sarean sartu, bidali eta sendagile-talde batek aztertu eta erantzuna bidaliko dio bueltan berehala ondo zauden ala medikazioa aldatu behar duzun jakinaraziko dizute.
Mutil esataria.- Gutxienez, taxiaren dirua aurrezteko balio du, erosoa da guztiz eta gainera, berehalakoa.
Neska esataria.- Eta oraindik konexioak zaharragoak izango dira. Horrela, Internetek eskaintzen dituen ahalmenak eta zerbitzuak arindu, hobetu eta ugaldu egingo dira. Ondorioz, zibernauta kopuruak gora egingo du, besteak beste, sarean nabigatzea gero eta errazagoa izango delako.
Mutil esataria.- Ez dakit, baina susmoa dut guzti-guztiok amaraunean harrapatuta amaituko dugula nahi eta nahi ez. Ala ez?

B2
23-07-2000
16234915
0:09:30
4023