Docutec
Andere ikustezinak
Iruñeko kale izendegian emakumerik ez dago apenas. Horren inguruko hainbat datu eta eskaeren berri ematen digu erreportaje labur honek.
Iruñeko kale izenetan hutsaren hurrengoa da emakumezkoen presentzia
Alberto Barandiaran /Iruñea
Kale izendegia hiri baten historia bada; bertan bizi, lan eta nabarmendu direnen oroitzapena bada; politikariena gabe jende xume, on egile baina profesional aipagarrien omenaldi txikia bada; finean, hiriaren izena mugetatik at barreiatzeko balio badu, ondorioztatu beharko litzateke derrigorrez Iruñean, historia, gizonezkoek idatzi dutela. Are gehiago, ondoriozta liteke gizonezkoak bakarrik nabarmendu direla, haiek bakarrik egin dutela probetxuzko lanik. Udalak haiek soilik estimatzen dituela.
Izenak hor daude: 1996ra arte, Iruñean zeuden 518 kaleetatik 36 emakumezkoei dagozkienak ziren. Baina, adi! Horietarik 15 ama birjinak ziren, eta 13 sainduak; bi, erregina, eta bat pertsonaia historikoa (Amaia). Hiritar xumeak, hau da, bere lanarengatik edo nabarmendu direnak, hiru baino ez. Eta horietarik bi -Concepcion Benitez eta Trinidad Fernandez Arenas- diru emaileak. Hau da, ia behartuta eman zitzaien kale izena. Ohore bakarra Jacoba San Miguel merkatari ezagunak zuen, Zapateria eta Gazteluko plaza lotzen duen pasabidea erosi ziolako Udalak1890ean. Eta Jacoba anderea oso ezaguna baitzen, bada izen horrekin gelditu zen kalea. Udalak ofizialdu egin behar izan zuen herritarren ahotan zegoen deitura.
Hortik aurrera, egoera ez da gehiegi aldatu. Gaiaz arduratu dira hainbat talde, behin baino gehiagotan, baina Udalaren sentiberatasuna hutsaren hurrengoa da arlo honetan. Azken sei urteotan hamaika kale berri izendatu dira, baina egoera ez da gehiegi aldatu: erregina batzuk, izen historikoren bat... eta Emiliana Zubeldia eta Carmen Baroja, azken urteotan.
«Patetikoa da», dio Silvia Fernandez IPES elkarteko kideak. Iruñeko Historiako emakumeak liburuaren egilea da bera, Paco Roda, Ana Diez de Ure eta Sonia Pinillosekin batera, eta proposamena egin dio askotan Udalari, kontuan har ditzan emakumezkoen izenak, baina kia. Bi izen poltsa ukitu gabe ditu Iruñeko Udalak: emakumezkoena da bata, eta politikari, historialari edo literaturgile euskaldun edo euskaltzaleena bestea.
«Proposamen zehatza egin dugu» dio Fernandezek. «Har ditzatela artistak, intelektualak, pertsonaia historikoak, eta politikariak, eta izenak eta guzti eman dizkiegu, arlo eta kolore guztietakoak, baina ez dute jaramonik egin». Proposatuen artean, Mari Ana Sanz pedagogoa, Maria Viscarret irakaslea, Remigia Etxarren funanbulista...
Egun, udal artxibozainak du izenak proposatzeko eskumena, eta gero alkatearen bulegoak berak erabakitzen du. Behin baino gehiagotan aipatu da talde baten artean banatzea zeregina, baina ez da ezer lortu.
Alde Zaharrean, Konpainia kale ondoko plaza berritu berri du Udalak, eta izena eman gabe dago oraindik orubea. Bizilagunek bilerak egin dituzte, eta azpimarratu da emakumezko baten izena behar duela plazak. Badira proposamenak: baten batek Yolanda Barcina bota du. Brometan.
