detalle dokuteka-generico-fitxa

Orson Welles

1915eko maiatzaren 6an jaio eta 1985eko urriaren 10ean hil zen Orson Welles zinemagile ospetsuaren biografia.

Oso txikitatik erakutsi zuen dohain handikoa zela eta ezagutu duten gehienek jeniotzat jo dute zuzendari estatubatuarra.

Télécharger
Transcription:[+] Transcription:[-]

Esataria.- Denboran atzera eginda, efemerideetan aurkitu dugun izena Orson Wellesena gaur, gaurko egunez jaio zen zine-egile estatubatuarra. 1915ean jaiotako gizonezko honi buruz, nonbait, familiaren medikuak adierazi zuen behin benetako dohainak zeuzkala eta hori esan zuenean, sei urte besterik ez zuen mutikoak. Baina bete-betean asmatu zuela esan genezake, ondoren ezagutu duten gehienek jeniotzat jo dutelako zuzendari estatubatuarra, Juanjo San Miguel.

Juanjo San Miguel.- Gaurko egunez, bai, 1915ean jaio zen Orson Welles, zinearen historian izan den zuzendari eta egile handienetarikoa. Asko idatzi da zine-egile honi buruz, eta aditu gehienek diote zinea egiteko era aldatu zuela eta zineari benetako sakontasuna eta seriotasuna eman ziola.

Orson Welles, Estatu Batuetako Kenosha hirian jaio zen, Wisconsin estatuan, gaurko egunez. Bere aita enpresaria zen eta ama piano-jolea. Bere gurasoak handik sei urtera banandu ziren, baina familiako medikua, Maurice Bernstein berehala ohartu zen mutiko hark dohain bereziak zituela eta ez zela ume normala. Horixe adierazi zion amari eta hau arte-adierazpen guztietan trebatzen ahalegindu zen.

Ama, halere, laster hil zen eta handik aurrera Bernstein bera izan zen Orson Wellesen aholkulari eta gidaria.

Txikitatik Shakespeare miretsi zuen, antzezle-lanetan dezenteko ospea lortu zuen gaztetxotan eta hemezortzi urte zituela Irlandara joan zen. Han, zenbait taldetan lan egin ondoren, Estatu Batuetara itzuli zen. Baina Orson Wellesen bizitza erabat aldatuko zuen gertakizuna 1938an izan zen eta irratian. Hogeita hiru urte besterik ez zituen eta irratirako “Munduen gerra” zeritzan obra egokitu zuen.

Obra horretan kontatzen da espaziotik etorritako alienigenek mundua hartzen dutela, hain ondo kontatu eta antzeztu zuten, jendeak sinetsi egin  zuela: jendea kalera irten zen irratia kontatzen ari zen hori egiaztatzeko.

Haren ondoren, RKO konpainiak garai haietan pentsaezina zen kontratua eskaini zion: 225.000 dolar, irabazien zati bat eta eskuak erabat aske nahi zuena egiteko. Orduan egin zuen, ziur aski, bere pelikula onena dena, Kane hiritarra. Hogeita sei urte besterik ez zituen zuzendari handiak. Gero etorri ziren beste pelikula handi eta ezagunak, Laugarren agindua, esate baterako, The stranger edo Shangaiko dama eta beste zenbait.

Hiru aldiz ezkondu zen Orson Welles. Bere bigarren emaztea Rita Hayworth izan zen.

Orson Welles zine-egile handia izan da, baina bere pelikula guztiek ez zuten dirutan nahi beste arrakasta izan. Horren ondorioz, aktore-lana egin zuen sarri dirua lortzeko.

Europan ere ibili zen, pelikulak egin eta zuzentzen eta buruan beti Shakespeare.

Welles langilea eta perfekzionista zen eta horren ondorioz, lan asko amaitu gabe utzi zituen. Hala ere, handia izan zen egin zuen guztian: idazten, irratigintzan, antzerkian, aktore-lanetan, gidoigile edo pelikulak zuzentzen. Ezagutu zutenek diote nortasun handia zeukala eta bere askatasuna maite zuela batez ere.

Orson Welles 1985ean hil zen, Los Angelesen, bihotzekoak jota, bere hurrengo proiektua prestatzen ari zela.

 

x61pRelaContWAR

detalle2

Docuthèque

B2
06-05-2004

x61pRelaContWAR

  • San Miguel, Juanjo
16234054
0:03:37

x61pViewCountWAR

7277

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR